Indartsu datorrenaren atariko biluzia

Hamaika saltsatan ibili da Petti, baina baziren zazpi urte ez zuela bakarkako diskorik kaleratzen.'Astirtitan'-ek bost kantu dauzka, eta udazkenean ekoizpen oparoagoko lan luze bat argitaratuko du

Igor Susaeta.
2015eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Zazpi urte pasatu dira Pettiren (Bera, Nafarroa, 1973) bakarkako azkeneko bi lanen artean. 2007an kaleratu zuen On laudatu eta koloretsua (Gaztelupeko Hotsak), eta joan den azaroan Astirtitanlaburra, bost kantukoa (Bonberenea Ekintzak). Ia hamarkada horretan, ordea, «okupatuta» egon da amerikar sustraiak dituen rocka egiten duen musikaria. «Gainera, ez da erraza diskoak egitea, grabatzea... Dirua ere eduki behar da.. Gauza asko hartu behar dira kontuan». Hamaika saltsa egosten lagundu zuen bien bitartean. Batetik, Awañak zuzenekoa (Bonberenea Ekintzak, 2008), Petti eta Barrence Whitfield (Bloody Hotsak, 2009) eta Xabi eta Petti (Gaztelupeko Hotsak, 2011) diskoak kaleratu zituen; bestetik, Oroitzapenerako kantak III (2013), Beltza. Bye, bai, Cash (Gaztelupeko Hotsak, 2011), Imanol Urbieta, bakarrik eta libre (Elkar, 2013) eta Lou Reed, mila esker (2014) bildumetan parte hartu zuen. Hori guztia gutxi balitz, zuzenekoetan bete-betean aritu da eta dabil; bakarka, taldearekin, beste batzuekin —Balerdi Balerdirekin, adibidez—, eta baita molde diferenteko ikuskizunetan ere: Gau-beranduan-en Harkaitz Cano eta Joxan Goikotxearekin, eta Sortuko dira besteak kantaldian ere, esaterako. Baina hartu zuen tarte bat «poliki-poliki» bost kantu «nahiko biluzi» ontzeko, eta, gainera, udazkenean lan luze bat kaleratzeko asmoa dauka. «Disko rockeroagoa izango da: indartsua, gordina...».

Hartaz baino lehen, jada kalean dagoenaz mintzo da. «Aurrekoekin alderatuta, estilo aldetik-eta ez dago alde handirik». Konparazioekin jarraituta, bakarkako bere bigarren lanaren —Arrazoiak (Gaztelupeko Hotsak, 2001)— antza duela pentsatzen du. «Batez ere, gitarraren afinazioan eta». Gitarrek, hain zuzen ere, eta bozek hezurmamitzen dute. «Bada Hammond organoren bat, baina beste guztia nahiko oinarrizkoa da». Berezitasun gisa, bi abestiren hitzak Harkaitz Canok idatzi ditu —Suerteren bluesa eta Erramurik gabeko gauak—, eta azkenarena, Hil arte edan kantarenak, Beñardo Goietxek.

Ekoizpen aldetik, On izan da Pettik egindako diskorik oparoena. Mandolina, biolina (Arkaitz Miner), organoa eta akordeoia (Txus Aranburu), eta beste gehitu zizkion ohikoa duen gitarra-baxu-bateria-ahotsa eskemari. Ondo bidean, udazkenean argitaratuko duenak ere ekoizpen oparoa izango du. «Nahiko nuke egin On-en antzeko zerbait baina Etxeko uzta-ko (Gaztelupeko Hotsak, 2002) kantuen indarrarekin». Izan ere, lan hark, Pettiren bigarrenak, bazuen indarra, eta hura kaleratu ostean hasi zen izena hartzen. Lan berriko abestietako batzuk maketetan dauzka jada, eta horiek janzten Joseba Irazoki (gitarra), Iñigo Telletxea (baxua) eta Igor Telletxea (bateria) izango ditu lagun —aurreneko biek Etxe uzta lanean ere parte hartu zuten—.

Beraz, Astirtitan «trantsizioko disko bat» izan daitekeela onartu du. «Zain dauden bospasei zale horiei [umorez]» motza iruditu zaiela badaki. «Baina kantu gehiago sartzen banituen, diskoaren estiloa apurtuko nuen. Banuen beste hiru txertatzeko intentzioa, baina askoz ere hobeto emango dute hurrengoan». Pettik, berez, disko gehiago egin nahiko lituzke; «eta baita bikoitzak ere, baina ezin denean, ezin da». Autoekoizpena izan da Astirtitan, eta «justu-justu» kaleratu ditu 1.000 kopia. Bidean dagoen lanak, berriz, diskoetxe batekin aterako du.

Orain lau bat urte kaleratu zuena Sortuko dira besteak proiektua izan zen. Xabier Lete hil ondoren hauspotu zuten zenbait eragilek —2010eko abenduaren 4an zendu zen—, poeta eta kantaria zenbait kantalditan omentzeko asmoarekin. Baina saioa arrakastatsua izaki, bere bide propioa garatu du. Leteren obraren zalea da Petti, eta ia hasieratik parte hartu du kantaldietan —Mikel Urdangarin, Alex Sardui eta Eñaut Elorrieta ere aritu dira, besteak beste—. Dena dela, zenbait jarraitzailek ez dute begi onez ikusi; batez ere, bien bitartean ez zuelako obra propiorik kaleratzen. «Lana behar dut, eta lan egiten dut, besterik ez. Bizimodua ateratzeko modu bat da. Noski, ez dut denda bat irekitzeko adina diru irabazi. Eta, gainera, Leteren eta beste batzuen kantuak abesten gozatu egiten dut», azaldu du Pettik. Emanaldi horietan The Beatlesek sortu eta Joe Cockerrek famatutako With a Little Help from My Friends-en bertsio bat, eta Leonard Cohenen Hallelujah-rena ere kantatzen ditu, esaterako. «Nire doinu batzuk ere sartu ditugu azkenaldian»

Bertsioen lan bat 2016rako

Bertsioak aipatuta, horiekin disko bat osatzeko asmoa dauka Pettik. «Nahiko landuta dago, eta gustatuko litzaidake 2016an kaleratzea». Bruce Springsteenen, Cohenen beraren, Nick Drakeren eta Itoizen doinuak entzun ahal izango dira, adibidez, erraietatik ateratzen den Pettiren ahots urratu eta sakonean.

Etzi kontzertua emango du Donostiako Kursaalean. «Betiko» taldekideak izango ditu lagun oholtzan —Irazoki, eta Igor eta Xabier Telletxea—, eta zenbait abestitan «lagun bereziak» ere gonbidatuko ditu agertokira: Estitxu Pinatxo kantaria —Pettiren lehengusina da, gainera—, Xabi Señor No taldekoa, Luis Mari Moreno Pirata saxofonista, Txus Aranburu... Bidean dagoen lanaren, indartsu datorrenaren, piezak ere joko ditu.

PETTI

Noiz. Etzi, 20:00etan.

Non. Donostiako Kursaaleko ganbera aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.