Albistea entzun

«Ikertzen hasitako gune batzuk ez daude aintzat hartuak dekretuan»

Praileaitz I haitzuloko indusketetan agertutako Erdi Paleolitoko aztarnek babesa handitzeko premia berretsi dutela dio Xabier Peñalverrek.

Indusketei buruzko dibulgazio liburu bat aurkeztu du
Praileaitz I haitzuloko lehen gelako hiru zintzilikarioak.
Praileaitz I haitzuloko lehen gelako hiru zintzilikarioak. SONIA SAN JOSE / 'PRAILEAITZ I HAITZULOA' LIBURUA

Juan Luis Zabala -

2014ko ekainak 19 - Donostia

«2012tik gaur arte egindako indusketa lanek Erdi Paleolitoan sarrarazten gaituzte, Mousterier aldiko kulturan», azaldu zuen Xabier Peñalverrek, Praileaitzeko indusketen arduradunak, atzo, Praileaitz I haitzuloa liburua (Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratua) aurkeztean. Duela 35.000 eta 75.000 urte bitarteko aztarnak dira agertutakoak, Cro-magnongo gizakiarenak barik, gizakia neandertala zen garaikoak. «Azkenaldiko indusketek, gainera, orain artean sedimentuz beteta zeuden guneetan sartzeko aukera eman digute, lurrak itxita utzitako lekuetan, gure arbasorik antzinakoenak egondako lekuetan», azaldu zuen Peñalverrek. «Aurretik ohartarazi genuen bezala, han zeuden aztarna haiek. Gune horiek, bide batez esanda, ez daude aintzat hartuak Eusko Jaurlaritzaren dekretuan».

Peñalver «kezkatuta» dago «Eusko Jaurlaritzak gaur egun Praileaitz I haitzuloa eta horko inguru kulturala babesteko ezarritako neurriak direla eta», horiei murritzegi irizten dielako. Jakina denez, lanean ari den harrobi baten erdian dago haitzuloa, eta Jaurlaritzak ezarritako dekretuak 50 metroko ingurune bat baino ez du babesten leherketatik; aurreko legealdian, 65 metrokoa izan zen babesa, handixeagoa baina inondik ere ez behar adinakoa, Peñalverren ustez. Egungo dekretua zentzurik gabekoa iruditzen zaio, eta uste du hala Praileaitz I nola horko inguru osoa behar bezala babesteko erakunde publikoetako arduradunek harrobiaren jabeekin bildu beharko luketela, eta lehenbailehen konponbide egoki bat aurkitu.

Haitzuloaren «une gorena»

Praileaitz I haitzuloa liburua «hamar urteko indusketen eta hainbat herrialdetako hogeitik gora taldek egindako laborategiko lanaren ondorioa da», Peñalverrek azaldutakoaren arabera. Ia 300 orrialde eta 300dik gora argazki eta ilustrazio ditu, eta bi hizkuntzatan argitaratua dago: gaztelaniaz jatorrizkoa, Peñalverrek idatzia, eta Luis Mari Larrañagak itzulia euskarazkoa. Dibulgazio lan bat da, eta haitzuloari buruzko memoria zientifiko osoa urtebete barru izango da prest, ezeren okerrik ez dela.

2000 eta 2009 artean egindako lanen berri ematen du liburuak, eta kanpoan geratu dira 2012an hasi eta egun jarraitzen dutenak. «Deba Beheko harana gunerik pribilegiatuenetako bat da», Peñalverren iritziz, «aztarnen kopuruagatik —Paleolitokoak batez ere—, eta garrantzitsua da Euskal Herriko testuinguruan ez ezik Europa osoko testuinguruan. Horren barruan, Praileaitz I haitzuloa gune berezi bat da, indusketa eta ikerlanek erakutsi dutenez, kultu eta erritual ekintzen gune izan zelako, ia ziurtasun osoz. Agertu diren zintzilikarioek —gehienak dekoratuak—, okrezko arkatzek, arte higigarriko pieza batzuek eta haitzuloko gune sakonenetako batean aurkitutako margolanek haitzuloak Goi Paleolitoan, haitzuloaren une gorenean, duela 15.500 urte inguru, izandako une garrantzitsuen berri ematen dute».

Peñalverrek atzo azaldu zuenez, Praileaitz I haitzuloko aztarnetako asko duela 15.500 urte inguru —xamanaren garaian— gertatutako luizi bati esker geratu ziren han. Luiziak ez zuen barruan harrapatu xamana; bai ordea hark gordeta zeukan okela. Xamanak ezin izan zuen jaso erritualetarako-eta erabiltzen zuen materiala ere, eta horregatik geratu zen hura haitzuloan, indusketetan agertu zen arte.

Baina une goren horretaz landa, azken hamar urteetako lanetan «beste okupazio batzuk» ere atzeman dira, duela 8.000 urtekoak gertukoenak, Epi Paleolitokoak; duela 35.000 urtekoak zaharrenak, Chatelperron aldikoak. «27.000 urte inguruko tarte luze horretan, gizakiak, kasu honetan Cro-magnongoak, modu ezegonkorrean erabili zuen haitzuloa, denboraldi batzuetan, ez etenik gabe».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Bertsoari gehien eskertzen diodana harreman horiek dira»

Iñaki Etxeleku, Ipar Euskal Herriko Hitza

Euskal Herriko Eskolarteko Bertso Txapelketa irabazi zuen bigarren aldikoz Aizpurua Ibargaraik, larunbatean. Aste bat lehenago, Ipar Euskal Herrikoa irabazi zuen. Gaur, Errenterian ariko da; bihar, Larresoron.

 ©BERRIA

Zuzenekoetan jarri dute begia

Olatz Enzunza Mallona

Andoaingo Rock Jaialdia egingo dute gaur, herriko zenbait txokotan. Hamabosgarren aldia izango da aurtengoa, eta Black Lips eta The Schizophonics ariko dira, besteak beste
Maria W Horn musikaria, Kaiola festibalean. ©ELISE ARANGUREN

Soinu trantze goxoa Kaiola festibalean

Antton Iturbe

Joan den astean egin zuten Kaiola musika esperimentalaren jaialdia Galdakaon. Proposamen iradokitzaileak izan ziren han: Maria W Horn, Mette Rassmussen, Hackedepicciotto, Sarah Davachi eta Attila Csihar.
Stuart MacDonald argazkilariak <em>Argazkilari baten soinuak</em> erakusketa sortu du; Gasteizen dago ikusgai. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Hirurogei argazki musikatu

Iraia Vieira Gil

Stuart MacDonalden 'Argazkilari baten soinuak' erakusketa ireki du Gasteizko Amarika aretoak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Juan Luis Zabala

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.