Hasi da erromesaldia

Athleticen zale mordoa daude jada Manchesterren, eta beste asko gaur iritsiko dira, airez eta errepidez. Ingalaterrako hiria zuri-gorriz jantzi nahi dute.

Eider Aranberri -

2012ko martxoak 8
Zuri-gorriz jantzi da Manchester hiria, atzo geroztik. Hegazkinez joan dira batzuk. Autobusean beste asko. Autoan ere bai bakarren bat. Garaiz iritsi dira denak, gaurko partida Old Trafforden, bertatik bertara ikusteko. 8.000 zale inguru joan dira denera. Aspaldian ez zela horrelako erromesaldirik izan Athletic Europako lehiaketa batean ikusteko.

Dirutza ordaindu dute gehienek. Hegazkinez joan diren batzuk, soldataren edo aurrezkien zati handi bat gastatu dute. 500 euro inguru, batez beste. Gehiago ordaindu duenik ere izan da. Eta azken orduan alternatiba merkeagoen bila ibili denik ere bai. Autobusez bidaiatu dutenek, esaterako, 250 euro inguru ordaindu dute. Hogei ordu baino gehiago bidaiatzen pasa eta gero, partida ikusi eta berehala egingo dute bueltako bidea berriz. Edozer gauza partida historiko batez gozatzeko. Bistan da Bizkaiko herri askotako bidaia agentziek negozio ederra egin dutela Athleticen kontura.

Gehienek hegazkinean egingo dute Manchesterrerako joan-etorriko bidaia. AENAk jakitera eman duenez, 28 zuzeneko hegaldi antolatu dira guztira, Athleticek gaur jokatuko duen partidaren aitzakian. Horietako hogei Bilbotik abiatu dira, eta gainontzeko zortziak, Gasteizko Foronda aireportutik. Asteartean bidaiatu zuen taldeak, eta zale gehienak atzo eta gaur bitartean gerturatu dira Manchesterrera. Atzoko egunerako hiru hegaldi baino ez zeuden programatuta Loiun (Bizkaia), eta beraz gaur bidaiatuko dute gehienek, falta diren 24 hegalditan. Bi aireportuetan, segurtasun neurri bereziak hartu dituzte hurrengo egunetarako, aurreikusten den jende andana aintzat hartzeko.

Beste behin ere, ez zaie oharkabean pasa halako aukera Piru Gainza jarraitzaile taldeko kideei. 230 lagunez osatutako hegazkin bat antolatu dute, oso-osorik. Ez da halako zerbait egiten duten lehen aldia. 1999an ere hegazkin oso bat antolatu zuten Turinera joateko (Italia). 39.000 euro baino gehiago kosta zitzaien orduko erokeria. Istanbulera (Turkia) eta Vienara ere hegazkinez joan ziren, eurek antolatuta.

Ingalaterran diren Athletic zaleak ere gerturatu dira Manchesterrera. Londresetik, adibidez, 36 eurotan antolatu dituzte autobusak. Hiru orduko bidea dago bi hirien artean, eta egunean bertan bidaiatu dute gehienek.

Euskal Herriko antzeko eguraldiak hartuko ditu Manchesterrek, zale zuri-gorriak. Bost graduko minimak eta bederatzi graduko maximak espero dira gaurko, eta euria ere egin dezake une batzuetan. Ez da oztopo izango, ordea, bertaratu direnentzat. Ohiturak jarraituz, tabernetan egingo dute sartu irtena Old Trafford zelaira sartu baino lehen. Bitxikeria modura aipatu, taberna batzuek bertako zaleei baino ez diela sartzen uzten. Zelaitik gertuen dauden pubetan ere, ohikoak dira Manchesterreko zale sutsuak. Horiek saihesteko aholkua luzatu die zale zuri-gorriei hiriko poliziak eta Athleticek berak.

Gomendioak jarraitzaileentzat

Horien ordez, hiriaren erdigunean dauden tabernetan egoteko gomendatu diete zaleei, eta kalean eta estadioan alkohola kontsumitzeko dagoen debekua ere kontuan har dezaten eskatu diete. Gainontzean, garraio publikoa erabiltzeko aholkua luzatu du poliziak, auto pilaketak saihesteko. Suziriak edo bengalak estadioan sartzea ere debekatu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna