Gazte Mugimendua. Epaiketa Madrilen

Globoak, errietak eta elkartasuna

Kolore laranja hartu zuen auzitegiak atzo, epaituek eta haien senitarteko eta lagunek emandako nikiekin zein puztutako globoekin. Errieta egin zien epaimahaiak. Elkartasun keinuak ere auzitegi atariraino iritsi ziren.

Auzipetuak, atzo, auzitegira sartu aurretik. MARTA JARA / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Madril
2013ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Herri harresien eta aske guneen kolorea hartu zuen atzo Espainiako Auzitegi Nazionalaren epaiketa gelak. Hastera zihoala, auzipetu guztiak altxatu eta globoak puzten hasi ziren. Epaiamahaiak ezin izan zuen disimulatu nahigabea. Ozen entzun zen epaileetako baten «ez!» bat. Auzipetuek jarraitu egin zuten, Iruñean indarrez atxilotutako Luis Goñirekin elkartasun ohiuak izan zituzten, baita epaiketa politikoen kontrakoak ere. Konponbide garaia dela ere aldarrikatu zuten. Zer egin ez zekiela, auzi gelatik kanporatu zituen guztiak epaileak.

Gelatik atera ziren epaimahaikideak ere. Kazetariei eta publikoari barruan gelditzeko esan zieten aurrena. Bi langile globoak jasotzen ipini zituzten, eta, garbitu ostean, publikoa ere kanporatu zuten gelatik. Berriz sartu ziren auzipetuak gero, eta, ohiko prozedurari jarraituz, «saio publikoa» esan ostean senitarteko eta lagunak sartu ziren. Errieta egin zien berriz sarrarazi zituztenean: «Auzitegiak zuenganako duen errespetu berbera eskatzen dizuegu auzitegiarekin». Zigorrik ez zien jarri, baina berriz halakorik gertatzen bazen jarriko ziela ohartarazi zien epaituei.

Auzi gelan ez ezik, kanpoan ere presente izan zuten Goñi auzipetuek. Amaia Elkanok hitz egin zuen guztien izenean, sartu aurretik, eta exijitu zuen Goñi arrazoi politikoengatik preso eramaten duten azkena izateko. Espainiako Poliziak Iruñean indarrez eta azkar batean birrindu zuen harresia irudikatu zuten auzipetuek beraiek ere auzitegiaren atarian, elkarri besotik elduta. Guztiek zuten niki laranja soinean, Libre. Elkartasunetik konpromisora leloa idatzita. Beraiek ez ezik, niki laranja zeramaten haiei laguntzera auzitegira joandako senitarteko eta lagunek ere.

Atzo hasitako epaiketa Euskal Herriaren historiako beste «kapitulu beltz bat» dela salatu zuen Elkanok, eta epaiketa «erabat» lekuz kanpo dagoela: «Ziklo berria zabaldu da. Jendartearen gehiengoak bakerako bidean urratsak egiteko asmoa du». Gauzak horrela, egoera horretan Espainiak «konponbidearen kontrako bidea» hartu duela salatu zuen. Beraiek, baina, «orain arte egin bezala», konponbiderako lanean jarraituko dutela ohartarazi zuen.

Goizean goiz, auzitegiaren atarian izan ziren ziren Jon Iñarritu eta Sabino Cuadra Amaiurreko diputatuak ere. Epaitzen hasi ziren 36 gazteei elkartasuna eta babesa adieraztera joan ziren. Han zeudenei ez ezik, Goñiri ere elkartasuna azaldu zion. Euskal Herrian «bake eta normalizazio prozesu bat» hasita dagoela ekarri zion gogora Espainiari, eta, beraz, epaiketa eta atxiloketa politikoak amaitu egin behar direla: «Salbuespen legedia amaitu behar da».

Iñarritu eta Cuadra ez ezik, datozen egunetan Espainiako Auzitegi Nazionaleko akusatuen aulki berberetan eseri beharko dutenak ere izan ziren atzo auzitegiaren atarian gazteei elkartasuna agertzen. Jon Gorrotxategi zen horietako bat, ostegunetik aurrera 35/02 edo herriko tabernen epaiketan 10 urteko espetxe zigorrari aurre egin beharko diona.

Euskal Herritarrak ez ezik, Espainiarrak ere izan zituzten gazteek elkartasuna ematen. Epaiketa politiko gehienetan agertzen diren elkartasun taldeko kideak izan ziren, baita beste hainbat gazte ere. Hain justu, Vallecasen harrera ekitaldi bat ere egin zieten atzo iluntzean auzipetuei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.