ARDI SEKTOREA

Zizelkatu den artelan baten gisan

Ardi sektoreak etorkizuna izan dezan, artzainen jarduerak bideragarria izan beharko luke, eta lanari «duintasuna eman». Hori lortzeko, azken bost urteetan pausoak eman dira artzainen eta gaztandegien arteko harremanak zehazteko. Funtsezkotzat jotzen da kontsumitzaileak balioa ematea gaztaren atzean dagoen kate osoari.

Hego Euskal Herriko bi gobernuetako eta ardi eta gazta sektoreetako ordezkariak, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2018ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Ardi batek hanka gaizki duenean, herren egiten duela esan ohi dute artzainek, eta, adiera hori sektore osoari aplikatuz gero, aspaldiko «herren txiki bat» duela uste du Mariano Imaz Esne Latxa kooperatibako presidenteak. Kontsumitzaileengana iristea falta zaie. «Eskultoreak bere artelana egiten duenean, pausoz pauso, aurrean duen harria edo egurra zizelkatuz iristen da artelana egitera. Kontsumitzaileak argi eduki beharko luke aurrean duen gazta artelan bat bezalatsu dagoela landua».

Gaztagintzak garai oso zailak bizi izan ditu. Lehen sektore guztian bezala, belaunaldi gazteagoek aurrekoen lekukoa hartzeko zailtasunak dituzte, eta, ondorioz, maiz sektorearen erronka nagusitzat hartzen da. Dena den, hori beste arazo baten ondorio dela nabarmendu du Imazek. «Gure ustiategiak errentagarri egin behar ditugu». Sektorea osoa ados dago: duintasuna emateak emango dio arnasa gaztagintzari, eta gaur egun baino gazte gehiago erakarriko ditu.

Bide horretan, txanpon beraren bi aldeak nabarmentzen dira. Alde batetik, esnearen balio katean parte hartzen duten eragileenarteko elkarlana, eta, horri lotuta, euren arteko joko arau hitzartu bat: esnea ekoizten duten artzainen eta gazta egiten duten enpresen arteko konfiantzazko harreman esparru bat, batari zein besteari nolabaiteko segurtasun bat emanez, merkatuaren edo eguraldiaren nondik norakoei hobeto aurre egiteko. Bestetik, kontsumitzaileak behar ditu sektoreak, gaztaren erosketak bermatuko baitu sistema ekonomiko hori guztia.

Krisiak astindu du sektorea. Gaur egun, Hego Euskal Herrian 497 ustiategi daude: horietatik 399k esnea saltzen diote gazta ekoizleei, eta gainerakoek, esnea biltzeaz gain, gazta egiten dute.Krisiaren eraginaren erakusle, Nafarroan, 2010etik hona 50 artzainek sektorea utzi dute. Dena den, atzo bertan Isabel Elizalde Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko kontseilariak azpimarratu zuenez, badago argi izpi bat: 35 artzain gazte sartu dira azkenaldian sektorean.

Zailtasunen erdian, pauso batzuk eman ditu sektoreak. 2012tik, ardi esnearen salmenta kontratu bidez hitzartzen dute hala artzainek nola gaztandegiek. Kontratuen sistema horrek bidea egin du sektorean, eta, atzo, beste urrats bat eman zuten Erronkari eta Idiazabal jatorri izeneko gazten ekoizpenean parte hartzen duten Latxa Esnea kooperatibak eta hiru gaztandegiek (Dorreaga, Buruaga eta Larre). Kontratuak, urtebeteko epean, oinarrizko prezio bat ezartzen du, esnea biltzeko zein haren analisiak jarraitzeko baldintzak jartzen ditu eta bi aldeen arteko ardurak banatzen ditu.

Atzo, Atarrabian egindako ekitaldian, lorpen hori azaldu zuten, baina, batez ere, gizarteari ikusarazi nahi izan zioten iraupenerako duen garrantzia. Finean, gaztaren atzean ezkutatzen den balio katea azpimarratu, eta kontsumoaren bidez hori babestera deitu dute. Handitzeko tarte zabala dutela uste du Mikel Aznarezek, Larra gaztandegiko arduradunak: «Asko dugu egiteko, gazta kontsumoa Europakoaren batez bestekoaren oso azpitik dago eta».

Bere aldetik, Jose Mari Ustarrozek, Idiazabal jatorri izenaren kontseiluko presidenteak, kontsumo arduratsuaren garrantzia azaldu du: «Jabetu behar garaerosten dugun gaztaren prezioak nahikoa izan behar duela eta egoki banatu balio katean barrena. Horrela bermatuko da katebegi bakoitzaren iraupena».

Egun, garrantzi berezia dute esnearen kalitatea aztertzen duten laborategiek. 2003tik, Lekunberriko Esnekari Batzordeakzaintzen du ardi esneak Europako irizpideak bete ote dituen, etagaztari kalitate kontrolak egiten dizkio. Dena den, Nere Bereziartu gerentearen arabera, orain funtzio garrantzitsuago bat hartu dute. Artzainen eta gaztandegien arteko harremanean, «esnearen kalitatearen arabera, hilabete horretako prezioa ezarriko dute.Kalitatearen araberako ordainketa hori ezinbesteko lanabesa da esne produkzioaren emaitza ekonomikoa zehazteko».

Nafarroako Gobernuak zein Eusko Jaurlaritzak «estrategikotzat» jotzen dute ardien sektorea. Iruñeko gobernuak urtebete inguru darama sektorearen arazoei aurre egingo dien plan bat lantzen eta aurki aurkeztuko du. Norabide berean doa Jaurlaritza. «Ahalegintzen gara balio kate guztia koordinatzen, eta gai bagara katebegi guztiak modu koordinatuan lan egiteko, sektoreak etorkizuna izango du», adierazi du Bittor Oroz Jaurlaritzako Nekazaritza sailburuordeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.