Etxegabetze baten kronika

Manuel gaur hilabete aterarazi zuten etxetik. Madrilgo hiri batean bizi zen, baina langabezian geratu, eta ezin izan zuen hileko kuota ordaindu. Espainian 17.055 esku hartze egin dituzte jada.

Behin atea apurtuta, gaztea etxetik ateratzen. PABLO GARCIA.
Pablo Garcia / Daniel Rivas
Madril
2017ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Madril hegoaldeko hiri batean gaude, arrunki lo hiri esaten zaien horietako batean. Krisiaren astinaldia dela eta, ordea, langabezia hiri bihurtu dira. Lehen, jendea goizean goiz jaikitzen zen, lanera joateko; orain, asko, kontzientzia sozialik handienekoak, ohetik jaikitzen dira, auzokoak etxetik bota ez ditzaten eragoztera, etxeko errezela artetik begiratzera nola dabilen Polizia nonahiko ateak botaz.

Oraingoan, Manueli egokitu zaio. «Sortzez», Parlako bizilaguna da, gorpuzkera atletikoa duen 28 urteko gaztea, oso maitatua ingurune solidarioan, etxegabetzeen biktima direnei laguntzen ibiltzen delako. Alokairu sozialeko etxe batean bizi zen, eta hura erosteko aukera zuen, bizileku duen apartamentu multzo osoko gainerako guztiek bezala.

Manuelen etxearen jabea, Ivima, Madrilgo Erkidegoko Etxebizitza Institutua zen. Hilean, 260 euroko errenta ordaintzen zien, baina, 2015ean, erabaki politiko batek alferrik galdu zion etorkizuna. Madrilgo Erkidegoko Alderdi Popularraren gobernuak, orain preso dagoen Ignacio Gonzalez buru zuela, 2.935 etxe saldu zizkion Goldman Sachs-Azora inbertsio funtsari; besteak beste, Manuelena. Aurrerantzean, Encasa Cibeles izan zuen bitartekari, ondasun higiezin horiek kudeatzeko sorturiko enpresa bat.

Izen utopikoegia

Izarren etorbidean zeukan bizilekua: eremu soil bat baino ez, txakurrarekin osteratxoa egiteko. Izen utopikoegia. Duela urtebete eskas, bat-batean, langabeziak jo zuen gaztearen atean. Eta akabo ordura arteko lan bizitza: 16 urterekin, eraikuntzan hasi zen lanean; gero, arte grafikoen enpresa batean aritu zen. Hala, ordaindu ezinik, 1.400 euro ere izan zituen zorretan Encasa Cibelesekoekin;azkenean, bi alditan ordaindu zien zorra, baina kontratu egoera aldatu egin zioten unilateralki, eta alokairua igo: 480 eurora, eta gordailua 1.500era.

Manuelek ezin izan zuen ordaindu hileroko kuota. Eta jakinarazpen bat jaso zuen: etxetik botako zutelako mehatxua. Ez zen lehenengo aldia, baina, ordura arte, beti lortu zuen akordioren bat enpresarekin. Oraingoan, ez.

Halabeharrez, uztailaren 12an, Manuel auzoko familia bat etxetik bota zezaten galarazten ari zen, PAH Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformakoekin batera. Hala, batzorde judizialeko kide batek zera jakinarazi zion, hitzez: «Bihar goizeko hamarretan joango gara zure etxera estatuko segurtasun indarrekin eta taldeekin, zu handik ateratzera». Epaitegietan berretsi egin zioten.

PAHeko kideek irudipena dute goraka ari direla kaleratzeak. Halaxe berresten dute datuek ere: 2017an, %2,2 igo dira Espainiako Estatuan, eta 17.055 esku hartze egin dituzte. Madrilen, ekainean, 843 egin dituzte. Etxegabetzeen kopuruei dagokienez, bi urte hauetako lehenbiziko goraldia izan da, Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiaren datuen arabera.

Egun beltza

Manuelek, egun beltz hartan, bikotekidea eta haren lagun bat eraman zituen etxera. Poliziak kale osoa inguratu zuen goiz-goizetik, eta auzokoek eta aktibistek ezin izan zioten lagundu. Denborarik ere apenas izan zuen ondasunak auzoko baten trastelekuan gordetzeko. Koltxoia ateratzen ari zela ikusi zituen poliziak gorantz zetozela, eta atea itxi zuen berehala. Korridorean, hogeiren bat uniformedun. Bere etxean lubakitu zen: «Ez baita bidezkoa etxetik kanpora botatzea, bizileku hauek baliabide gutxirekin eta arriskuan daudenentzat izanda», azaldu du. Eskora batzuk hartu, eta langatu egin zuen atea. Etxeko esekilekutik eta sukaldeko leihotik aritu zen hizketan poliziekin, alfer-alferrik; zurezko mailutzar batez ekin zioten haiek ate joka. Hamar minutuan jardun zuten.

Poliziekin izandako hizketaldian, haietako batzuek adierazi zioten bat zetozela hartu zuen jarrerarekin, baina aginduak betetzen zituztela. Eta aginduak bete behar zituztenez, estrategia aldatu zuten: atearen markoari eusten zion pareta eraitsi zuten, eta atea bere tokitik atera, harik eta goitik behera etorri zen arte. Goliat garaituko zuela amets egina zen Manuel, baina ez zegoen zer eginik, eta, estoikoki, kopeta gora iraun zuen poliziak etxean sartzen zitzaizkion bitartean, baita identifikatu eta etxea uztera behartzen zuten bitartean ere.

Goldman Sachs-Azorak irabazi du. 2015ean, apenas ordaindu zuen 60.000 euro jabetza bakoitzeko; merkatuko prezioa baino askoz ere merkeago, kaltetuen elkarteak salatu duenez. Goldman Sachs da, hain zuzen, AEBetan erreduntzat jo zuten bankua arrisku handiko hipotekak saltzeagatik; haiexek izan ziren finantza krisiaren sorburuetako bat. Eta banku horrexek aholkatu zion Greziako Gobernuari nola makillatu behar zituen kontuak. Banku horixe da, halaber, Barack Obama presidentearen administrazioak 10.000 milioi dolarreko dirutza eman zietenetako bat bere ekonomia onbideratzeko.

Azkenekoz etxetik irten zelarik, erosketarako orgatxo bat zeraman Manuelek aldean, arropa zenbaitekin betetako zakar poltsa batzuen garraioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.