Erdi Aroko zisma baino zerbait gehiago

Estatu Islamikoaren agerpenak gogortu egin ditu islamaren bi adarren arteko gatazka sektarioak Ekialde Hurbilean. Iran eta Saudi Arabia buru dituen banaketa geopolitiko baten adierazle da xiiten eta suniten arteko lehia.

Mikel Rodriguez -

2014ko urriak 18
Islama VII. mendean banatu zen bitan, Mahoma profeta hil berritan. Duela 1.300 urte baino gehiagoko gertakariek, ordea, gaur egun Ekialde Hurbilean garrantzi erabakigarria daukate. Banaketa geopolitiko baten oinarria bihurtu da zisma, eta bi lider handi bereizi litezke alde banatan: sunitenean, Saudi Arabiako monarkia; xiitenean, berriz, Irango Errepublika Islamikoa. Baina sektarismoak zenbait herrialdetan garrantzi erabakigarria hartu badu ere, Ekialde Hurbileko egoera ez litzateke erlijio gerra baten azalpen soilarekin ulertu behar. Interes handiko eremua da, eta, adibidez, garrantzi erabakigarria izan dute AEBek azken hamarkadetan egindako esku hartzeek.

IRAN



Xiita gehien duen herrialdea da Iran: 70 milioi inguru, herritarren %90 —munduko xiiten ia %40—. Errepublika islamismo xiitan dago oinarrituta, hortaz, sunitek zenbait eskubide mugatuta dauzkate. Teheranen, adibidez, ezin dute meskitarik eraiki. Sunitak nagusiki gutxiengo etnikoetakoak dira: kurduak, balutxeak eta turkmenak. Horregatik, gatazkek oinarrian izaera nazionala daukate, erlijiosoa baino gehiago, nahiz eta talde armatu integrista sunitak ere badauden —Balutxistango Jundallah, adibidez—.

Kanpora begira, ordea, gatazka sektarioaren liderretako bat da. Siriako Baath alderdiaren erregimenarekin aliatuta eta Libanoko Hezbollah miliziaren patroi bilakatuta, monarkia suniten eta Mendebaldearen aurkako ardatz xiita osatzen du. Israelen aurkako borrokak ere garrantzi berezia dauka ardatz horretan. Bere tamaina demografiko, geografiko eta ekonomikoaz gain, arrazoi bat dago Iranen lidergoa azaltzeko: 1979ko Iraultza Islamikoa. Aro garaikidean erlijioa oinarri izanen zuen estatu bat sortzeaz gain, erlijioso xiitek zuzenduko zuten errepublika bat sortu zen. Horrek Golkoko monarkiak urduritu zituen, eta islamaren zisma berpiztu zen. Ordutik, AEBek estu hartu nahi izan dute Iran, baina, paradoxikoki, politika horren ondorioz erreferentzialtasuna irabazi du Teheranek. Gaur egun, EI Estatu Islamikoaren aurkako borrokan, Damaskoren babesle nagusietako bat da, eta, gehienbat, Iraken eragin erabakigarria lortu du.

SAUDI ARABIA



Mugimendu integrista suniten erreferentzia nagusia da Saudi Arabia. 1932an sortu zuen erresuma, Saud dinastiak. Monarkia absolutu bat da, eta estatuaren izaera islam sunitaren interpretazio integrista batean oinarritzen da: wahabismoan. 1970eko hamarkadan, AEBen babesarekin Saudi Arabiak eskola wahabiak finantzatu zituen bertze herrialde musulmanetan, Sobietar Batasunaren eraginari aurre egiteko. Afganistan da horren adibide argiena. Pakistanekin eta AEBekin batera, integrismo sunita indartu zuten herrialde horretan sobietarren inbasioari aurre egiteko. Hor paratu zuten Al-Qaeda eta egungo talde integrista anitzen sorreraren hazia. Gaur egun, Saudi Arabiak onartua du Sirian talde armatuak lagundu dituela; kontu ilunagoa da zein lagundu dituen zehazki. EI babestea leporatu diote Siriak, Iranek eta Irakek. Joan den hilean, ordea, bat egin zuen AEBek sustatutako koalizioarekin, eta Sirian bonbardaketak egin ditu EIren aurka.

Saudi Arabiak xiismoa ez du soilik kanpoko etsaitzat ikusten, ordea. Estimazioen arabera, herritarren %10 inguru xiitak dira, eta Golkoko kostako Ekialdeko Probintzian, berriz, herritarren %75 dira. Herrialdeko probintzia handiena da, eta petrolio hobi aberatsenak dauzkana. Errepresio gogorraz kexu dira xiitak. 2011ko otsailean, herrialde arabiarretako matxinaden arrimura, Ekialdeko Probintziako xiitek manifestazio jendetsuak egin zituzten. Nimr al-Nimr lider erlijioso xiita atxilotu zuten, protesta horiek antolatzea egotzita, eta aste honetan heriotza zigorra ezarri dio auzitegi batek.

IRAK



Herrialde arabiarren artean xiitak gehiengoa diren herrialde nagusia da Irak. EIren agerpenarekin, gatazka sektarioak erabat banatuta dauka, izaera nazionala kolokan paratzeraino. Eta horretan, erantzukizun zuzena daukate AEBek. 2003an Irak inbaditu eta Baath alderdi arabiar sozialistaren erregimena desegin zuten. Aginte berria eratzeko, gehiengo xiitaren interesak lehenesten zituzten indarretan oinarritu ziren, Baathek gutxiengo sunitan babes handiagoa zuela iritzita. Paradoxikoki, politika horrekin AEBek Irani abantaila geopolitikoa eman zioten. Irakeko Estatuak izaera laikoa mantendu zuen, baina praktikan desberdintasun sektarioak areagotu ziren, eta dozenaka mila hildako utzi dituen gatazka bat hasi zen joan den hamarkadan. Ordutik, xiitei boterea monopolizatzea egotzi diete suniten ordezkariek. Giro horretan sortu zen Irakeko Estatu Islamikoa, EIren hazia. Irak hirutan zatitzeko arriskua sortu du gatazka sektarioak: iparraldean eta mendebaldean, arabiar sunitak (EIk inbaditu dituen eremuak daude hor); ekialdean, arabiar xiitak, eta ipar-ekialdean, kurduak.

SIRIA



Sirian ere sektarismoak kolokan paratu du batasun nazionala. 2011n hasi zen gatazka, herrialde arabiarretako matxinaden protestekin. XXI. mendeko gatazka sektarioen sorburua Iraken koka daiteke, eta zabalkundea, berriz, Sirian. Protesta horiek eta ondorengo errepresioa gerra zibil bihurtu ziren hilabete batzuen buruan. Gobernuaren aurka sortu diren talde armatuek ideologia islamista sunita dute nagusiki. Herritarren %70 inguru dira sunitak. Talde armatuek eta Mendebaldeak babestutako oposizioak Baath alderdiari leporatzen dio sektarismoaren sorrera, gutxiengo alauita gailentzeko politikak egiten dituelakoan. Xiismoaren adar bat da alauismoa, eta herritarren %15 inguru dira —Baxar al-Assad presidentea alauita da—. Iranen aliatu estua da Siria, eta, harekin batera, Hezbollahen babesle. Baathek, ordea, estatuaren izaera laikoa babesten du. EIk eta Al-Nusra Fronteak parametro sektario argietan planteatu dute Siriako gerra, eta, horren ondorioz, alauitek, kristauek (%10 dira) eta sunita laikoek gobernuaren babesa bilatu dute nagusiki. Saudi Arabiari eta Turkiari muturreko sunitak babestea egozten die Siriak. Kurduek ere Turkia egiten dute erantzule. Kurduak sunitak dira nagusiki, baina askapen nazionalerako parametroetan aurre egiten diote gatazkari.

LIBANO



Erlijioak polarizatutako herrialdea da. Musulmanak herritarren %55 dira, eta kristauak, berriz, %40. Musulmanen artean, xiitak %55 inguru dira eta sunitak %45 inguru. Hiru joera erlijioso horiek kontuan hartzen dituen botere banaketa bat dago, baina, hala ere, osagai sektario handiko gerra zibil bat pairatutakoa da Libano (1975-1990). Gaur egun, Siriako gatazkak eragin erabakigarria du. Hezbollah milizia xiita da talde boteretsuena —estatu paralelo bat, praktikan—, eta Sirian borrokan ari da gobernuaren alde. Libanoko politikari sunita anitz, berriz, Siriako oposizioaren alde lerratu dira. Gatazkak eragin berezia utzi du Tripoli hirian, auzune suniten eta xiiten arteko borroketan dozenaka lagun hil baitira azken urteotan. Siriako Al-Nusra Fronteak Hezbollahen aurkako gerra Libanora hedatzeko mehatxua egina du. Israel ere eragile garrantzitsua da Libanon, behin baino gehiago esku hartu baitu Hezbollahen aurka.

YEMEN



Arabiar penintsulako errepublika bakarra da, eta baita herrialde pobreena ere. 1990a arte bitan banatuta egon zen: Ipar Yemen kapitalista eta Hego Yemen sozialista. Xiita gehienak iparraldean bizi dira; horregatik, elkarketak erlijio oreka aldatu zuen. Joan den hamarkadan iparraldean hutien mugimendu xiita matxinatu zen, gobernuak diskriminatzen zituela salatzeko. Saudi Arabiak zuzenean esku hartu du hutien aurka. Azken asteotan, matxino xiitek, erasoaldi arrakastatsu batean, Sana hiribururaino ailegatu eta auzo batzuk hartzea lortu dute, gobernua ataka larrian paratzeraino. Baina armadaz gain, etsai gehiago dituzte: tribu sunitak eta AQAP Arabiar Penintsulako Al-Qaeda. Atzo bertan, AQAPek mezu bat argitaratu zuen Estatu Islamikoari babesa agertzeko.

BAHRAIN



Golkoko herrialde monarkikoen artean gehiengo xiita daukan bakarra da. Al-Khalifa errege familia sunita da, ordea, eta xiitak diskriminazioaz kexu dira. 1981ean Bahraingo Askapenerako Fronte Islamikoa estatu kolpe bat ematen saiatu zen, errepublika islamiko xiita bat ezartzeko. 2011n, herrialde arabiarretako matxinaden testuinguruan, karrikara atera zen gehiengo xiita. Errepublika islamiko bat baino gehiago, suniten eskubide berberak onartzea zen haien aldarrikapen nagusia. Al-khalifatarrek, ordea, Iranen itzala ikusi zuten mobilizazioen gibelean, eta Saudi Arabiari laguntza eskatu zioten protesta zanpatzeko. Hiru urtean ehundik goiti manifestari eta ekintzaile hil dituzte, eta monarkiak tinko eutsi dio boterean. AEBen Bortzgarren Gerra Ontzidiak Bahrainen dauka portua.

PAKISTAN



Pakistanen badira hamarkada batzuk muturreko talde sunitek gutxiengo xiita jomugan daukatela, eta gatazkak milaka hildako utzi ditu. Saudi Arabiak arrakasta handiz hedatu ditu wahabismoaren eskolak Pakistanen, eta eragin handia izan du horrek talibanen eta muturreko bertze taldeen sorreran. Pakistango Giza Eskubideen Batzordearen arabera, iaz 700 xiita hil zituzten erasoetan.

AFGANISTAN



Afganistanek hamarkadak daramatza gerra etengabean. Sektarismoa ez da izan, ordea, gerra horien ezaugarrietako bat. 1998an Irango 11 diplomatikoren hilketarengatik Teheran talibanen aurka esku hartzekotan egon zen. Azken urteotan, ordea, egoera aldatu da, ugaritu egin baitira xiiten aurkako erasoak. Xiitak nagusiki hazara etniakoak dira —herrialdeko hirugarrena—.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna