Palma olioaren arrasto beltza

Produktu asko eta askotan dago palma olioa, eta abiada bizian ari dira zabaltzen palmondoak gune tropikaletan. Baina, askotan, ondorioak latzak dira: baso-soiltzeak, orangutanen eta beste izaki bizidunen galera, eta indigenen zapalketa, besteak beste. Gainera, ez da ona osasunerako.
Palma olioaren ustiapenetako langileen egoera oso txarra izaten da gehienetan, inolako bermerik gabe aritzen baitira lanean.
Palma olioaren ustiapenetako langileen egoera oso txarra izaten da gehienetan, inolako bermerik gabe aritzen baitira lanean. MAURICIO DUEÑAS / EFE

Iker Tubia -

2015eko ekainak 25
Egunero erabiltzen diren produktuen ontziari buelta eman, eta etiketari begiratu besterik ez da egin behar palma olioaren erabileraz ohartzeko. Kosmetikoak, garbitzeko produktuak, izoztutako jakiak, opil industrialak, xaboiak... baita erregaiak ere. Mendebaldeko palma olio kontsumoak, baina, arrastoa uzten du; arrasto beltza. Herrialde tropikaletan, arazo oso larria da palmondo monolaborantzaren hedapen izugarrizkoa.

Ez dira harritzekoak, beraz, Segolene Royal Frantziako Ekologia ministroak telebistan egindako adierazpenak: «Nutella bezalakoak jateari utzi beharko genioke, palma olioarekin egina dagoelako». Munduaren parte handi batek kontsumitzen du palma olioa. Zati mediterraneoan olibarekin lortutakoa tropikalean palmarekin lortzen da, Miguel Angel Soto Greenpeaceko kideak azaldu duenez. «Asiako hego-ekialdeak palma olioa erabiltzen du elikatzeko oinarrizko elementu gisa».

Baina gero eta gehiago erabiltzen da. Izan ere, oliba edo ekilore olioa baino merkeagoa da. Beraz, ikuspuntu ekonomiko kapitalistatik, enpresentzako onuragarriagoa da, mozkin handiagoak lor baititzakete ekoizpenetan olio mota hori erabiliz.

Brasilen, Kongon, Kamerunen, Madagaskarren, Mozambiken, Malaisian, Sumatran eta Borneon (Indonesia) arazo handiak sortu ditu palma olioaren ustiapenak. Praktika horren eraginez, basoak soiltzen ari dira. «Batzuetan ez dira txikikerietan ibiltzen, eta ingurumen balio handiko eremuak olio palmondo sail bihurtzen dituzte», dio Sotok. Egoera hori oso nabarmena da Malaisian eta Indonesian. Bigarrenean izan zen Eneko Garmendia ingurumen ekonomialaria. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako palma olio gehiena handik dator: 2010ean, 35.000 tona baino gehiago inportatu ziren, eta haietatik %96 Indonesiatik heldu ziren. «Indonesian, baso-soiltzea izugarria da. Borneo eta Sumatra dira tokirik gatazkatsuenak, baina, orain, herrialde osora zabaltzen ari da», esan du. 10 milioi hektarea inguru zeuden orduan, eta aurreikusten da 20 milioi hektarea izatea 2020rako. «Negar egiteko gogoa ematen du: autoz orduak eta orduak eman ditzakezu eta zuhaitz bakar bat ere ez ikusi, soilik palmondo sailak». Munduko palma olio produkzioaren ia erdia Borneon ekoizten dute, eta oihanaren %40 suntsitu egin dute honezkero.

Baso tropikalak oso aberatsak dira, baina oso ahulak. «Landaredia galtzerakoan, basamortua bezala geratzen dira, eta ezin dira berreskuratu». Ketapan inguruan izan zen Garmendia, eta azkenen hamar urteetan dena txikitu dutela esan du.

Horrek zuzenean eragiten die, besteak beste, orangutanei. Birute Galdikasek, iaz BERRIAri eskainitako elkarrizketan, egoeraren larritasuna azaldu zuen: «Oihana soiltzen denean, esparru arrotz bilakatzen da orangutanentzat, lurrean poliki mugitzen baitira. Horrek harrapakin erraz bilakatzen ditu ehiztarientzat». Orangutanen habitataren %80 desagertu da. Azken hamarkadetan, populazioa %50 murriztu da, eta, basoak soiltzen jarraitzekotan, 20 urtetan gal daitezkeela ohartarazi dute Indonesian orangutanekin lan egiten duten elkarteek. «Feria animalia bezala erabiltzen dituzte askotan, eta prostituitzera behartzen dituzte modu umiliagarrian», gaineratu du Sotok. International Animal Rescue elkartea horri aurre egin nahian dabil Borneon, eta 1.000 orangutan baino gehiago dituzte. Garmendiak esan duenez, «lan guztiari ezin heldu» dabiltza.

Ez orangutanak soilik. Palma olioaren ustiapenak arriskuan jarri ditu Sumatrako tigrea, Javako errinozeroa eta milaka landare eta animalia txiki. «Biodibertsitate galera handia dago», ohartarazi du Greenpeaceko kideak. Paradoxikoki, Indonesia da bioaniztasun handieneko lurraldeetako bat munduan.

Giza eskubideen zapalketa

Bertako biztanleak ere egoera larrian daude palma olioaren monolaborantzaren ondorioz. Baso horietan, indigenak bizi dira, eta bost milioi lagunek baino gehiagok utzi behar izan dute dagoeneko beren lurra. Lehen, oihanak ematen zienarekin bizi ziren indigenak. Industria eredua ailegatu zenean, dena errotik aldatu zen. Soilik batzuk hasi ziren lanean sailetan, enpresa baten menpe, betiere. Haien iraupen ekonomia soldatagatik aldatu zen.

«Autokontsumoan eta buruaskitasunean oinarritutako eredua suntsitzen da, sailekiko mendekotasunaren mesedetan, eta hori ez da beti aberastasuna, batzuek lurra eta oihanarekin zuten lotura galtzen baitute», dio Sotok. Sailetan lan egiten dutenek, gainera, ez dituzte eskubideak bermaturik izaten. Baldintza kaskarretan egiten dute lan, Garmendiak egiaztatu duenez.

Hori gutxi balitz, indigenen aurkako errepresioa bortitza dela salatu dute Indonesian lanean ari diren gobernuz kanpoko erakundeek. Garmendia Sumatran egon zenean, bertako komunitate bati eraso egin zioten: «Tirokatu zituzten, eta haien arbasoen hilobiak kendu zituzten —haientzat, sakratuak dira—». Palmondo sailak landatu aurretik, su ematen diote lurrari, errazago garbitzeko. «Lur hartu genuenean, Londres bezalakoa zen, sekulako lainoa zegoen, suteengatik».

Sail horietan produktu kimiko oso kutsagarriak erabiltzen dituztela azaldu du ekonomialariak. Langileek ez dute babesik izaten. Baso-soiltzeari lotutako arazo larria da Indonesian kutsadura. Greenpeaceko kideak esan duenez, joan den hamarkadan berotegi efektua sortu zuen gas isurtzaileetan hirugarrena zen, AEBen eta Txinaren atzetik. «Ez zen herrialde xahutzaile eta kontsumitzaile bat, baizik eta tropikala. Erreserba berde bat izan beharrean, isurtzailea zen, baso-soiltzearen erritmoarengatik».

Garmendiak kontraesana utzi du agerian: Europan, bioerregaia bultzatzen da aldaketa klimatikoari aurre egiteko neurri gisa, baina erregai horrek palma olioa erabiltzen du. «Hori gezur handi bat da. Ikerketen arabera, palma landaketetan sortzen diren CO2 isurketak handiagoak dira bioerregaiak ordezten duen gasolina konbentzionala baino».Izan ere, landaketak zohikaztegietan egiten dira batik bat, eta eremu horiek CO2 hartzen duten «belakiak» dira. «Palmondoak sartzeko, hori suntsitzen dute; beraz, isurketak izugarri handiak dira», zehaztu du ekonomialariak.

Euskal Herrian asko kontsumitzen den produktu horrek, beraz, ondorio beltzak ditu beste lurralde batzuetan. Royalek baso-soiltzeak izan zituen hizpide palma olioa ez kontsumitzeko galdegin zuenean. Baina, osasunari begiratuz gero ere, ez da komenigarria.

Arantza Lorenzo nutrizionistak azaldu duenez, palma olioa ez da ona osasunerako. «Produktuetan, barazki jatorriko olioak dituztela jartzen dute, eta jendeak egiten duen interpretazioa da barazki jatorriko olioa osasuntsua dela. Ikuspegi horretatik, komertzialki erakargarria da». Baina ez da osasuntsua. Barazkietatik eratorritako olioen artean, palma eta koko olioa aseak dira; hau da, kaltegarriagoak, odoleko kolesterol maila igotzen baitute, haragiaren, esnekien edo arrautzen koipeak bezala. Asegabeak dira nutrizio ikuspegitik osasuntsuenak, odoleko kolesterol kaltegarria gutxitzen dutelako. Gainerako barazki jatorriko olioak halakoak dira.

Nutrizionistaren arabera, kirolaria den jendeak ez du hainbesteko arazorik, baina gainerakoek etiketari begiratu beharko liokete; batez ere, odolean kolesterol maila altua duten pertsonek edo arteriosklerosi arazoak dituztenek. «Produktuak zehaztu beharko du barazki olio hori zein den. Zehazten ez duenean, normalean, palma edo koko olioak izaten dira».

Jasangarria, iruzur

Etiketari begiratuta ere, palma olioa erabiltzen duten enpresa asko RSPO Palma Olio Jasangarriaren Mahaiko kideak dira. Garmendiak dio hori ez dela aski berme: «Sail gune gutxi batzuk jasangarri gisa aitortzen dituztela egiaztatzen dute, baina gainerakoa edozelan dute». Sinarmas eta Wilmar aipatu ditu. Biak kide izan arren, erabiltzen duten palma olioaren zati handi bat ez da jasangarria, bere esanetan.

Horregatik, Sotok uste du enpresei exijitu behar zaiela palma olioaren jatorria zein den egiaztatzea, produkzio katea oso luzea baita. Ez du uste produktu guziei boikota egin behar zaienik, baina enpresei presioa egitea beharrezkotzat jo du. Garmendiak kontsumoa murrizteko beharra nabarmendu du. «Arazoa ekonomikoa, energetikoa eta soziala da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna