Handienen gainbehera

Afrikako elefanteak zenbatzeko lehen errolda egin zuten 2014 eta 2015 urteetan. Emaitzek agerian utzi dutenez, elefanteen egoera kezkagarria da isilpeko ehizaren ondorioz.
DAI KUROKAWA / EFE

Alaitz Armendariz -

2016ko irailak 16
Jaitsiera beldurgarria izan da: milioi batetik 350.000 ingurura. Horra hor azken 40 urteetan Afrikako elefanteen populazioak jasan duen beherakada. Great Elephant Census (GEC) egitasmoak Afrikan bizi diren elefanteen errolda egin zuen 2014 eta 2015 urteen artean, eta zenbaketaren emaitzak argitaratu berri dituzte PeerJ zientzia aldizkarian. Kontinente horretako hemezortzi herrialdetan 352.271 elefante zenbatu dituzte, horretarako hegazkin txikiak baliatuta. Elephant Without Borders erakundea arduratu da errolda egiteaz. Erroldaren emaitzek erakutsi dute elefanteen ehiza gelditzea eta haien habitata babesteko neurriak hartzea behar-beharrezkoa dela Afrikako elefanteen beherako joera bukatzeko.

Zazpi GKEren laguntzarekin, 90 zientzialarik eta 286 boluntariok elefante populazio handienak dituzten eremuak zeharkatu dituzte airetik. Zehazki, Afrikako kontinenteko 294.517 kilometro aztertu dituzte, 1.573 orduz. Zenbait lanabes baliatu dituzte zenbaketa egiteko; besteak beste, hamar kide baino gehiagoko taldeak ikustean GPSa zuten kamerak erabili dituzte, horrenbeste animalia giza begiarekin zenbatzea zaila dela jakinik. Proiektua aurrera eramateko, Paul Allenek, Microsoften sortzaileetako batek, zazpi milioi dolar inbertitu zituen.

Ikerketaren emaitzak, oro har, ez dira batere itxaropentsuak izan. 2014an baino 144.000 elefante gutxiago daude Afrikan orain; alegia, urte hartan geratzen zirenen herena desagertu dira. Beherakada ia etengabea izan da 1970eko hamarkadatik; alegia, boliagatik hiltzen hasi zirenetik.

XIX. mendean Europak Afrika kolonizatu aurretik, 20 milioi elefante zeuden kontinente horretan. 1970. urtean, jada milioi bat bakarrik geratzen ziren, eta, bigarren erditik aurrera, kopurua beheraka joan da ia etengabe, egungo 350.000 ingurura iritsi arte. Galera horren errua gizakiok dugu. Urtero, isilpeko ehizak gutxienez 20.000 elefante hiltzen ditu, haien letaginetan dagoen bolia, oso material preziatua, merkatu beltzean saltzeko. Eta hori, zenbatutako elefante gehienak (%84) babestutako inguruetan egon arren.

Herrialdeka, Botswana (%37), Zimbabwe (%23) eta Tanzania (%12) dira elefante kopururik handiena duten eremuak. Halere, Afrika ekialdean, Tanzanian bertan eta Mozambiken izan dira orain arteko galerarik handienak. Mozambiken, zehatz esanda, elefanteen erdiak galdu dira bost urtean. Eta ez da kasualitatea: bi herrialde horiek dira sabanako elefanteen boliaren iturri nagusia. Kenya, Uganda eta Malawin gorako joerak ikusi dituzte ikertzaileek, eta Etiopian populazio berriak aurkitu. Era berean, uste zuten Botswanan galduta zeudela, eta GECen erroldan ikusi dute oraindik ere badirela. Alde okerrenean, Kongoko zenbait eremutan, Kamerun iparraldean eta Zambiako hego-mendebaldean desagertzeko zorian daude.

Hasieran, GECeko kideek sabanako elefanteen kopuru esanguratsua duten 21 herrialde zituzten jomugan, baina, azkenean, hemezortzi herrialdetako datuak bakarrik bildu dituzte. Afrika Erdiko Errepublikan eta Hego Sudanen 2015ean egitekoak ziren ikerketak, baina 2016ra atzeratu zituzten, «zailtasun logistikoengatik» eta gatazka armatuarengatik. Bi herrialde horietako datuak 2016an argitaratzea espero dute. Namibian, ordea, bertako gobernuak ez zien GECeko ikertzaileei lana egin ahal izateko behar zuten informazioa igorri.

Bi elefante espezie daude munduan: Afrikako elefantea eta Asiako elefantea. Afrikako elefanteen artean beste bi mota daude: sabanako elefantea eta oihanekoa. GECen erroldaren xedea sabanako elefanteak izan dira, airetik zenbatzeko errazagoak direlako eta mota horrek askoz mehatxu handiagoa pairatzen duelako. Itxura guztien arabera, boliaren isilpeko ehiza da espezie horren beherakadaren eragile.

Elefanteen letaginak boliz eginda daude, eta bolia material preziatua da herrialde askotako merkatu beltzean. Haien letaginak lortzeko, egunero ehun elefante inguru hiltzen dituzte, kalkuluen arabera; hori dela eta, jaio baino abiadura handiagoan hiltzen ari dira elefanteak. Heriotza tasa horrek bere hartan jarraituz gero, 2025ean 160.000 elefante bakarrik geratuko dira, egungoen erdia baino gutxiago.

Ehiza debekatzeko saiakera batean, nazioarteko merkataritza debekatu zuten, 1989an, elefanteak babesteko asmoz. Debeku horren ostean, gorantz joan den merkatu beltzaren eraginez, milaka elefante hil dituzte ehiztariek. 2015ean, AEBek eta Txinak iragarri zuten boli inportazio zein esportazio guztiak debekatu egingo zituztela, nahiz eta ez zuten horretarako eperik ezarri. Aurten, baina, AEBek erabat debekatu dute Afrikako elefanteen boliaren salerosketa.

Ehiza gelditzeko eskaera

Hain zuzen, aurreko astean munduko 217 nazio eta estatu eta ingurumenaren aldeko 1.000 taldek baino gehiagok osatzen duten Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasuna erakundeak (IUCN) iragarri zuen horren inguruko mozio bat adostu dutela. Mozio horrek munduko herrialde guztien barneko boli salerosketa debekatzearen alde egin du. Lau urtean behin egiten den World Conservation Congress-en onartu dute, eta ez du lege botererik, baina, horrekin, kontserbazionistek herrialdeak boliaren salerosketa galaraztera bultzatu nahi dituzte. Erakundea osatzen duten herrialdeen eta kontserbazionisten taldeen artean gehientsuenak neurriaren alde agertu arren, hasieratik trabak jartzen saiatu ziren Japonia, Namibia, Hegoafrika eta beste zenbait herrialde. Debekatu baino gehiago, boliaren salerosketa «arautzea» nahi zuten.

Herrialde batzuen desadostasunak gorabehera, IUCNk mundu osoko gobernuei eskatu die elefanteen boliaren tokiko merkatua ixteko «ahalik eta lasterren». Mozioak adierazten du IUCNko kideak «oso kezkatuta» daudela, «Afrikako zati handi batean» oraindik ere elefanteen legez kanpoko ehiza eta boliaren salerosketa «arazo garrantzitsu bat» delako: «Sabanako eta oihaneko elefanteen populazio askoren iraupena mehatxupean dago, eta arriskuan jartzen da bertako ekosistemen osotasun ekologikoa».

Oso animalia berezia

Animalia lurtar handienak izateaz gain, elefanteek badituzte beste hainbat ezaugarri, gainerako animalia guztiengandik bereizten dituztenak. Miren Bego Urrutia EHUko fisiologia irakasleak azaldu duenez,elefanteak oso animalia «interesgarriak» dira , tamainak berak jada nolabaiteko «erronka» batzuk planteatzen dituelako: «Hain handiak izanik, burmuin handia ere badute, eta horrekin lotuta egon daitezke dituzten gaitasun berezi batzuk».

Urrutiak aipatu duenez, «dolua» egiten dute kide bat hiltzen zaienean, eta, konparatiboki, animalia txikiek baino gutxiago jaten dute. Baina horren masa handia mantentzea ez da erraza. «Bizi diren ingurunean ez badituzte behar bezalako baliabideak lortzen, horrek ere kolokan jar dezake populazioa». Halere, Urrutia jakitun dago presio handia dagoela animalia horiengan, boliaren salerosketaren ondorioz. «Horri lotuta, Asiako elefanteek badute berezitasun bat: bertako arrek bakarrik dituzte letaginak, eta ez guztiek». Afrikako elefanteen kasuan, biek dituzte, baina arrek emeek baino handiagoak, arrak handiagoak baitira, oro har.

Juan Ignacio Perez EHUko Katedra Zientifikoaren arduraduna da, Biologiako doktore eta Fisiologiako katedradun. Elefanteen fisiologia ezagutzen du nagusiki. «Nahiz eta handiak izan, gehienak Afrikan bizi dira, eta bero handia egiten duen lekuetan». Hori «arraroa» dela azpimarratu du Perezek, animalia handiak klima «hotzagoetan» bizi direlako normalean. Horregatik, belarriak «oso garrantzitsuak» dira elefanteentzat. Beroa ekiditeko haizagailuak dira; horri esker bizi daitezke, hain zuzen, horren toki beroetan.

Elefante taldeetan emeek duten garrantzia nabarmendu du: «Elefante eme zaharrenak liderrak izaten dira. Uste da ezagutza ekologikoa dutela, haiek dakitelako nora joan behar duten ura, belarra edo gatza behar dutenean». Oso kezkatuta dago elefanteen populazioaren beherakadarekin: «Pentsatzen hasten bagara zein handiak diren, zein garrantzia duten Afrika eta Asiako ekosistemetan, zer-nolako egitura berezia duten... Desagertuko balira, balio itzela duen ondare naturala galduko litzateke».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna