Berriro itsasora

Duela 115 urte bezala, balea iritsiko da gaur Orioko portura. Balearen Egunaren harira, antzezlan bat egingo dute herritarrek garai hartan gertaturikoa berreraikitzeko. Arpoiaz hilko dute animalia.

Orioko Balearen Eguneko herriantzerkian, balea berria erabiliko dute. Puzgarri bat da aurtengomaskota. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Orio
2016ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Mila bederatziehun da lehenengo urtian/ maiatzaren hamalaugarren egunian/ Orioko herriko barraren aurrian/ balia agertu zan beatzik aldian». Hala diote Benito Lertxundik abesti bilakatu zituen bertso zaharrek. Bizkaiko golkoan agertu zen azken sardako balea izan zen hura. Hamabi metro luze zen, eta zabalean ere, handia. Orioko (Gipuzkoa) herriarentzat izugarria izan zen animalia hura agertzea, sekulako aberastasuna ekarri zuelako. «Loteria tokatzea bezala izan zen; balea ez zen jan bakarrik egiten, haren atal guztiak aprobetxatzen ziren», adierazi du Iñake Irastorza aktoreak. Gaur 115 urte beteko dira ordutik, eta gertakari haiek gogora ekarriko dituzte Orioko Balearen Egunean. Laugarren aldiz egingo dute herri antzerkia, 11:30ean. Irastorza da zuzendaria, eta Marije Gurrutxagak lagundu dio zeregin horretan.

Ehun eta berrehun pertsona artean bilduko dira emanaldian: aktoreak, musikariak, arraunlariak, abeslariak, dantzariak, saregileak... Jende pila batek parte hartuko du, era batera ez bada, bestera. Eta horri herri osoko jendea erantsi behar zaio: XX. mendeko arropak jantzi, eta balkoiak apainduko dituzte. «Giro polita sortzen da», Irastorzaren esanetan.

Apirilean hasi ziren obra prestatzen, eta antolatzaileak oroitu ere ez dira egiten zenbat entsegu egin dituzten. Afizionatuak dira partaideak, eta, Irastorzaren iritziz, halako proiektu batean sartzean «estutu» egiten diren arren, esperientzia «oso polita» izan da. «Ikusten dutenean ez dela bakarrik testua ikastea, gauza ezberdin asko egin daitezkeela, ikuspuntu ezberdinetatik landu daitezkeela; ikusten dutenean ez dutela horrela imajinatu baina izan daitekeela, eta beste era batera ere bai... Hor gozatzen hasten dira». Gurrutxagaren arabera, «parte hartzen duen jendeak ilusio ikaragarria zeukan, eta antzezlana itxura hartzen hasi zenean, denak oso pozik jarri ziren».

Balearen agerpenak herrian eragin zuen giroa erakutsiko du antzezlanak. Baina berreraikitako egunak badu zerbait berezia: arrantzaleak etxean daudela. Horrek esan nahi du herria beteta dagoela, arrantzaleak joaten zirenean Orio hutsik gelditzen baitzen. «Orain ez da nabaritzen, baina duela 40 urtera arte horrela zen, eta geroago ere bai», azaldu du Irastorzak. Gurrutxaga ondo oroitzen da horretaz: «Gu eskolatik atera, eta txikiak ginela desiratzen egoten ginen arrantzaleak etortzeko. Jende guztia moilara joaten zen: antxoa garaian antxoak hartuta itzultzen ginen etxera, oparitu egiten zizkigutelako, edo txitxarroren bat. Itsasontzia zuten lagunak genituen, eta han ibiltzen ginen jolasean... Oso polita izaten zen».

«Ziur jakiterik ez dagoen arren, balea agertu zen egun hartan badirudi arrantzale asko zeudela etxean», dio Irastorzak. Hori da antzerkiaren abiapuntua: jendez beteta dago herria. Eguna hastean, hainbat txokotan gauza ezberdinak egiten ari dira herritarrak, aldi berean: arrantzaleak sareak hartu eta eramaten; saregileak beren lanetan; beste batzuk artilea arrotzen ari dira, koltxoia egin behar dutelako; txoko batean, ikatza lantzen ari dira; bestean, esnea biltzen... Bakoitza bere bizimodua egiten ari da, finean. Baina normaltasun hori etengo da bat-batean. Talaiariak balea ikusiko du, eta herri osoari abisatzen hasiko da, «balea, balea!» oihukatuz. Hori entzutean, herri guztia korrika joango da moilara.

Bost traineruk inguratuko dute animalia orduan, eta denen artean arrantzatuko dute, arpoiak erabilita. Barrenean «izugarrizko poza» dutela itzuliko dira herrira, eta, plazara iristean, ongietorria egingo diete alkateak eta apaizak. Duela 115 urte halako zerbait gertatu zen, baina garai berrietara egokitu dute orduan jazotakoa.

Epilogo baten bidez, antzezlanaren amaierari buelta eman diote. «Kostako herri askori eman dion bezala, Oriori ere dena eman dio baleak, baina orain badakigu berak gu behar gaituela; gaizki dagoela baleak arrantzatzea, mota batzuk galtzear daudela. Horregatik, balea sendatuko dugu denon artean, eta berriro itsasora itzuliko da», azaldu du Irastorzak. Ondo garbitu eta sendatu ostean, berriro agurtuko dute animalia. Haurrek petaloak botako dizkiote, eta bere bidea hartuko du. Gurrutxagaren arabera, mezu hau zabaldu nahi dute: «Planeta urdin hau askoz ederragoa izango litzateke partekatzen, errespetatzen eta esker onekoak izaten ikasiko bagenu».

Badu berezitasun bat aurtengo egunak. Orain arteko balea hondatuta zegoen, hiru urtetan arpoi kolpeak jaso zituelako. Eta, horregatik, balea berria dute aurten: Orioko balearen neurri errealak dituen puzgarri bat da. Orain arte ezkutuan izan dute, eta gaur ikusiko dute herritarrek lehen aldiz.

Emakume gehiago

Bada nabarmentzeko beste kontu bat: gero eta emakume gehiago daude parte hartzaileen artean, arraunlarien rola jokatzen, Irastorzaren esanetan. «Lehen, arraunlari denak gizonezkoak izaten ziren, baina pixkanaka emakumeak sartzen ari dira. Orain dela bost urte emakume gutxi batzuek parte hartu zuten, batek edo bik, eta, aurten, gehiago dira».

Gainera, emanaldia amaitutakoan, emakume saregileei omenaldi bat egingo diete. Gurrutxagaren iritziz, «merezitako omenaldia da». «Emakumeak, goizeko ordu txikietan dena utzi, eta sareak jostera joaten ziren, arrantzaleek berriro atera behar zutelako itsasora. Emakume saregileek lan asko egin dute. Ez zaie egin aitorpenik; orain lortu dute gizarte segurantzan kotizatzea, baina orain arte ez. Nik uste dut lehen kobratu ere ez zutelako egingo, arrantzaleen emazteak-eta izaten baitziren». Portu ondoko zelai bat seinalatu du Irastorzak. «Ni txikia nintzela hor egoten ziren sareak josten. Orduak eta orduak pasatzen zituzten. Orain ere jarraitzen dute, baina gutxi dira, sei inguru-edo».

115 urteotan, arrantzaleen munduak asko egin du behera Orion. Eta desagertu da baleen ehiza ere, erabat. Baina gertatua berreraikitzen jarraituko dute herritarrek, bost urtez behin, Balearen Egunean. «Gogoratzea garrantzitsua da», bien iritziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.