Irak. Estatu Islamikoaren erasoaldia

Amerlik bizirik dirau

Estatu Islamikoko ekintzaileek setiatuta igaro berri dituzte 80 egun Amerliko biztanleek, izuikara batean. Suizidio kolektibo baterako ituna ere egina zuten, jihadistak herrixkan sartuz gero. Baina garaiz iritsi ziren Irakeko armadako, peshmerga indar kurduetako eta Mahdi miliziako soldaduak.
Irakeko armadako soldaduak, Amerliko haurrei musu ematen, herria askatu berritan.
Irakeko armadako soldaduak, Amerliko haurrei musu ematen, herria askatu berritan. J. M. LOPEZ

Antonio Pampliega -

2014ko irailak 10
Ongi etorri!, ongi etorri!, Alak bedeinka zaitzatela guri bizia salbatzeagatik! Ongi etorri!». Bagdadetik 155 kilometro iparraldera, Amerli hiria zeharkatzen duen errepide hautseztatuan, ehunka pertsona pilatu dira, trumilka, ongietorri egiteko Irakeko armadako soldaduei, Mahdi armadako milizianoei eta peshmerga kurduei.

Hiriko kaleetan barrena sartu da pick-up noranahikoek eta bestelako kamioiek osaturiko giza konboia; jakiz eta urez lepo datoz. Haien gainetik, ur botilak jaurtitzen hasi zaizkie hainbat soldadu inguruko haurrei, askatzaileen autoen alboan korrika baitabiltza. Iparramerikarrak Parisen sartu zireneko eszena dakar gogora, haiek hiria naziengandik askatu zutenekoa. «Ez genuen uste egun hau sekula iritsiko zenik. Gure biziaren beldur izan gara. Izuikarak jota bizi izan gara setioaldiko 80 egunetan», kontatu dio BERRIAri Ainur Mohammad izeneko emakume batek. Bere seme-alabetako bostekin batean, auzokoen bozkario adierazpenei begira dago, begiak malkoz agor. «Estutasun handiko bi hilabete izan dira. Senarrak eta biok erabakita geneukan seme-alabei bizia kentzea jihadistak Amerlin sartzen baziren. Ez genuen nahi burua moztu ziezaieten edo fusila zitzaten, Mosulen egin duten bezala», esan du emakumeak, estututa bezain arinduta.

Airera jaurtitako tiro hotsak ditu musika lagun karabana garaitzaileak. Hiriko bizilagun guzti-guztiak kalera irtenak dira garaipen historikoa ospatzera. Hainbat auzokok ura eskaintzen diete soldaduei, argazkiak ateratzen dizkiete, eta besarkadak eta muxuak ematen. Uniformedunek esker oneko hartzen dituzte halako kariño adierazpenak: «Terroristez garbitu ditugu Amerli inguruko herri guztiak, eta atzera eginarazi diegu. Guretzat, lehenbiziko garaipen handia da honako hau, baina ez da azkenekoa izango», esan du, ziur, Nooraddin Sabir-ek, peshmerga indarren kapitainak.

Gizon bat, arma bat

Duela 80 egun hasi zen amesgaiztoa Amerlin, Estatu Islamikoaren tropek herria setiatu baitzuten, bai eta hango 17.000 biztanleak ere —turkmen xiitak gehienak—, beren aurrerabide amaigabean ez etsitzeko asmoz Kirkukeraino —Amerlitik 55 kilometro eskasera dago—.

Mosul hiria —Irakeko hiri garrantzitsuenetan bigarrena— hartu eta gero, izuak hartu zituen Amerliko bizilagunak, zeintzuek —askapena baino egun batzuk lehenago— itun bat sinatua baitzuten suizidio kolektiboa egiteko baldin eta islamista erradikalek oin bakar bat ere jartzen bazuten herrixkan. Aukeran, nahiago izango zuketen nork bere burua hil, exekuzio sumario bidez erail edo esklabo bihur zitzaten baino.

Jihadistak, baina, ezustean harrapatu zituen hiriko bizilagunek basaki aurre egin izanak. Amerliko bizilagunek —landako nekazari eta laborariak gehienak—, izan ere, beren landa lurrak utzi eta armak hartzea erabaki zuten ekainean; islamistek orduan ekin zioten hiria hartzeko erasoaldiari. Eta gizon oro soldadu bihurtu zen, gizon oro, defentsako azken babes lerro, jihadisten eta atzealdean ezkutatzen ziren zibilen artekoa. «Aitak arma bat eman zidan, eta borrokako frontera eraman ninduen, berarekin batera gure familia babestera»; hala kontatu dio BERRIAri Ali Wasam mutil gazteak. Izan ere, 14 urte bakarrik izanagatik, badaki Estatu Islamikoaren gudarostearen kontra borrokatu eta bizirik irauten. «Tankeek etengabe tirokatzen zituzten gure kokaguneak. Frankotiratzaile asko zebiltzan; baina sekula ez nuen beldurrik izan, banekien-eta errenditzen banintzen ama eta anaiak hilko zizkidatela, eta horrek eman zidan borrokan segitzeko indarra eta kemena», adierazi du Wasamek, aitak harro begiratzen diola.

Bizi-baldintza txarrak

Hiria 80 egunean izan zuten setiatua. Lehen asteetan, Irakeko armadaren laguntza konboiek hornitu zuten hiria, harik eta errepidea islamisten esku geratu zen arte; hala, ordura artean bildutako jaki erreserbekin eta edateko urarekin moldatu beharrean gertatu ziren Amerliko bizilagunak. «Pixkanaka, amaitu egin zitzaigun jatekoa, bai eta edatekoa ere. Etortzeari utzi zioten konboiek, eta, noizean behin, jakiak jaurtitzen zizkiguten helikopteroren batetik», gogora ekarri du Um Ahmad izeneko emakume adineko batek, 70 urtekoak. Goseak hil zitzaion iloba bat. «Azkenerako, ur geldoa edan beharrean izan ginen. Putzuetako ura. Askok ezin izan zioten aurre egin, eta beren burua hiltzen utzi zuten», oroitu du.

Amerliko setioaldian, hogeiren bat zibil hil ziren, zoritxarrari aurre egin ezinda. «50 egunean baino gehiagoan egon ginen edateko urik gabe, eta argindarrik eta ogia egiteko irinik ere ez geneukala. Arroz pixka bat jaten genuen, baina egunean behin bakarrik. Leher eginda geunden», ekarri du gogora Um Josef izeneko emakume batek, uraren kamioirantz egin orduko. Hamabi botilako kutxa bat eman diote soldaduek. Irribarre zabal batez, negarrez hasi da emakumea: «Pozak negarrez ari naiz, bizirik nagoelako eta hilko nintzela uste nuelako».

Giza laguntza dakarten konboien inguruan pilatzen dira, trumilka, Amerliko bizilagunak. Ura eta jatekoa dakarkiete. Bultzaka dabiltza. Kolpeka. Bakea eragin beharra daukate soldaduek, egoera areago gaiztotu ez dadin. Tentsioa sumatzen da bazter guztietan, eta tripazorrien orro ozenak; batik bat, jende honenak, bi hilabetean baino gehiagoan baitabilzkie amorru eta min biziz.

Abuztuaren 31n, igandearekin, AEBen aire armadari esker muturreko islamisten hesia urratu zuten peshmergek —Kurdistango Eskualde Autonomoko tropek— eta Iraken armadako soldaduek, Salaam brigadek. Milaka borrokalari errekrutatu zituen milizia xiita horrek, bere burkideei laguntzeko asmoz, eta basaki erasotzeari ekin zioten; hurrengo astelehenera arte iraun zuen oldarraldiak.

Ekainaz geroztik, huraxe izan dute lehenbiziko garaipena Irakeko soldaduek. «Harro-harro nago nire soldaduez. Benetako heroien moduan eutsi diote. Historiako liburuek terroristen kontrako lehenbiziko borroka handi gisa jasoko dute»; hala adierazi dio BERRIAri Mustapha Hussein koronelak, zeinak gobernatu baititu Amerliko soldaduak setioaldi guztian.

Garaipen handi horren ostean, Kirkuk hiriaren inguruan kokaguneak hartu nahian dabiltza soldadu irakiarrak eta peshmerga kurduak, islamistek ez dezaten hiria har eta herrialdeko iparraldean barrena aurrera egin ez dezaten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna