Erabilera bultzatu nahi duen proiektu bat Urola Kostan

2016ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Euskararen Eguneko adierazpena zergatik ez duten babestu azaltzeaz gain, proiektu baten berri ere eman zuten atzo ELAk eta LABek. Lan mundua euskalduntzea helburu duen egitasmo bat jarriko dute martxan Gipuzkoan, Urola Kostan. Hamar-hamabost bat enpresatan hasi nahi dute lanean, Kontseilua bidelagun hartuta. Bi sindikatuetako kideak izango dira eragile, eta, hain zuzen, langileak euskalduntzearen «protagonista» izatea nahi dute. Lan arloko gainerako eragileekin ere harremanak izango dituzte, «zubi lana» Kontseiluak eginda. Udaberrian emango dituzte xehetasun handiagoak egitasmo horren inguruan.

Elkarlanean hasi dute proiektua ELAk, LABek eta Kontseiluak, eta «erabilera ardatz» arituko direla azaldu du LABeko Euskara arduradun Edurne Larrañagak. «Langileok izango gara protagonista, euskararen normalizazio prozesuaren subjektu eta eragile aktibo izan behar baitugu lan munduan». Hamar-hamabost enpresatan jarriko dute abian proiektua. Izaera eta neurri ezberdineko enpresak hartu dituzte, eta euskarari dagokionez ere egoera diferentean daudenak. «Batzuetan neurri batzuk hartuta daude, eta beste batzuetan ez dago neurririk oraingoz», adierazi du ELAko arduradun Leire Txakartegik.

Urola Kostakoa probako egitasmoa izango da, eta, nolako emaitzak lortzen dituzten, asmoa agertu dute «beste eremu eta eskualde batzuetara» ere proiektua eramateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.