Bruselak kamioien CO2 isuriak murriztea proposatu du

Jon Fernandez.
2018ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
«Sektore guztiek bete behar dituzte Parisko Ituneko konpromisoak, baita ibilgailu astunek ere: kamioiek, autobusek eta furgonetek», adierazi zuen atzo Miguel Arias Cañete Europako Batzordeko Ingurumen komisarioak, Europako Batzordearen proposamenaren aurkezpenean. Mugikortasun planerako hirugarren eta azken neurri sorta aurkeztu zuen, Bruselan. Lehenengo aldiz, Europako Batzordeak proposatu du ibilgailu astunen CO2 emisioak murriztea, eta bi epemuga zehaztu ditu: %15 apaldu behar dira 2025erako, eta %30 2030erako.

Onurak ugariak lirateke, Bruselaren aburuz: batetik, 2030erako CO2 emisioak %30era jaistearen ondorioz, 54 milioi tona dioxido karbono gutxiago botako lirateke atmosferara, eta 2025erako 25.000 inguru lanpostu berri sortuko lirateke. Batzordearen datuen arabera, ibilgailu astunen CO2 emisioen %65 eta %70 artean kamioiek egiten dituzte, eta bereziki haientzako da murrizketa.

Bateriak hobetu beharra

Batzordeak, emisioak murrizteaz gain, erregaiaren efizientzia hobetu nahi du, eta uste du horrek irabazi handiagoak ekarriko dizkiela garraio enpresei, gehien-gehienak enpresa txiki eta ertainak. Emisioak apaltzeari esker, datozen bost urteetan, 25.000 euro inguru aurreztuko dituzte garraiolarien enpresek, Arias Cañeteren esanetan, baldin eta tarte horretan efizientzia handiagoko ibilgailuetan inbertitzen badute.

Sektorea motor elektriko eta hibridoetara bultzatu nahi du Bruselak. Hori dela eta, Europako Batzordeak, emisioak txikitzeko proposamenarekin batera, ibilgailuen baterietarako plan bat jarriko du martxan, I+G inbertsioen bidez. Asmoa da estatu kideek kamioi elektriko eta hibridoen sektore indartsu eta lehiakorrak sustatzea, eta gaur egungo arazo nagusia konpontzea: autonomia handiko bateria efiziente eta ez hain garestiak ekoiztea.

Halaber, batzordeak iragarri du batasuneko errepideetako segurtasuna hobetzeko proiektuak ere sustatuko dituela, eta 450 milioi euro jarriko dituela horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.