EAEko PP. 'Barcenas auzia'

EAEko PPko inork iruzur egin badu, «amaieraraino» joango da Quiroga

Esan duenez, Bilboko egoitza diru beltzarekin ordaindu zela plazaratu zenean kontuak epailearen esku utzi zituztela eta hark ez zuela irregulartasunik ikusi.Ustelkeriarik ez duela onartuko azaldu du

Arantza Quiroga EAEko PPko presidentea, alderdiak Bilbon duen egoitzako prentsa aretoan sartzen, kameren begiradapean. LUIS TEJIDO / EFE.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Prentsa aretoko atea zabaldu, eta astiro sartu da gelara, agindu baino ia hogei minutu beranduago izan arren. Serio hasieran, baina kameren aurreko atrilera gerturatu ahala, irribarre zabala erakutsi du. Pauso lasaian ibili da, bertan zirenei aurrez aurre begiratu die, eta kamerei ez die ihes egin. Luzaro egon da argazkilariek irudiak lasai hartzeko moduan, irribarrea inolaz galdu gabe. «Ez gara ezkutatzen. Gure politika egiteko modua, nire modua, aurpegia ematea da», esan du Arantza Quirogak, EAEko PPren presidenteak. Alderdiari egozten zaion iruzurra ez du ez ukatu, ez baieztatu. Auzia erabat argitzeko premia dagoela azaldu du, eta amaierara iristeko prest dagoela, «erortzen dena erortzen dela».

Alderdiak Bilbon duen egoitzan egin du agerraldia, Pablo Ruz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak kaleratu berri duen autoaren arabera, diru beltzarekin ordaindu zen egoitza berean. «Norbaitek legez kanpo aberastu eta Euskadiko PPren militante eta zinegotzien lan duina zikindu badu, haren atzetik joango gara, haren izena dena delakoa izanda ere».

Ruz epaileak asteartean kaleratutako autoaren arabera, Luis Barcenas PPko diruzain zenak B kutxa erabilita ordaindu zuen alderdiak Bilboko Kale Nagusian duen egoitza. 1999an erosi zuen egoitza, 165 milioi pezetaren truke (991.669 euro), eta erosketa zein konponketa lanak ordaintzeko, 210 milioi pezetako mailegua (1,262 milioi eurokoa) eskatu zion Banco Popularri.

Espainiako Poliziaren ikerketen arabera, Espainiako PPk EAEkoari dirua ematen zion aldiro mailegua ordaintzeko. Eta, diru hori, ez zen kontabilitate arrunt eta publikokoa, B kutxetakoa baizik; diru beltza.

Polizien ikerketen arabera, 1999ko azarotik 2005eko azarora bitartean Espainiako PPk dirutza eman zion, eskura zein transferentzien bidez, EAEko PPri. Bilboko egoitza ordaintzeko erabili zuten diru hori, eta Barcenasek eskuz idatzita dauzkan kontuetan Sede Vizcaya (Bizkaiko egoitza) izenburuarekin dago jasota.

Iturgaiz eta San Gilen garaia

Horiek hala, Carlos Iturgaiz eta Maria San Gilen errugabetasuna kolokan jarri da ikerketa horien arabera. Izan ere, 1999tik 2004ra bitartean Iturgaiz zen EAEko PPko presidentea, eta San Gil 2004tik aurrera.

Ruz epaileak kaleratu berri duen autoaren arabera, Euskal Herriko enpresa batzuk ere egon litezke nahastuta PPren ustelkerian. Astearteko autoak dio ordainketak egin zituen pertsonetako bat Emilio Alvarez Lopez zela, Bruesa eraikuntza enpresako zuzendaritzako kidea.

Eta Barcenas auzian ustelkeria susmoa indartzen duten frogetako bat da, hain zuzen, PPk Bruesa enpresarekin zuen harremana. Bai Bruesa eta bai Urazca Euskal Herriko eraikuntza enpresek hainbat kontratu publiko jaso zituztela diote ikerketek, eta bi enpresek dirua eman ziotela PPri. Epaileen arabera, ustelkeria erakusten du horrek.

Euskal politikariak ere ez daude salbu. 1999. urtean PPk bi milioi pezeta (12.000 euro) eman zizkiola aitortu zuen iaz Santiago Abascal PPren Arabako batzarkide zenak, esaterako.

Jaime Ignacio Del Burgo UPNko diputatua izandakoak, berriz, azaldu zuen Barcenasek dirua ematen ziola gutunazaletan gordeta, eta berak Calixto Aiesa Nafarroako Osasun sailburuari ematen ziola. Ia 23.500 euroko gainsoldata jaso zuen horrela Aiesak, Del Burgoren hitzetan, eta hori guztia Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburua izandakoaren oniritziarekin egin zen, epailearen aurrean azaldu omen zuenez.

Bizkaiko egoitzaren ordainketari buruzko susmoak ere ez dira berriak. Duela urtebete salatu zuen Barcenasek berak ustezko iruzurra. Zenbait enpresarik Espainiako PPri emandako dirua Bizkaiko egoitza ordaintzeko erabili zela salatu zion epaileari. Orduko EAEko PPko buru Iñaki Oiarzabalek ukatu egin zuen egoitza Madrildik etorritako diruarekin erosi zela. Mailegua 2011n kitatu zela azaldu zuen, eta ziurtatu zuen diru guztia EAEko PPk ordaindu zuela, beste inoren ekarpenik jaso gabe.

Epailearen iragazkiarekin

Quirogak orduko azalpenei heldu die. Salaketaren berri izan bezain laster alderdiak bere kontu guztiak «luparekin» aztertu zituela esan du. Alderditik kanpoko adituak ere aritu zirela lan horretan, eta ez zutela «ezer ikusi». Kontu guztiak epailearen esku utzi zituztela gogoratu du. «Eta epailearen iragazkia pasatu zuten. Gainera, irregulartasun zantzurik aurkitu izan bagenu, nik neuk joko nukeen fiskalarengana».

Orain ere, auzia erabat argitzeko «interes handiena» EAEko PPk berak duela dio: «Euskal Herrian hainbeste eman duten PPren, bere militante eta karguen ohorea dago jokoan». Serio mintzatu da horren inguruan. «Ez gara honaino iritsi egindako guztia inork zikintzeko». Egoeragatik «lotsa» ere sentitzen duela esan du. «Herritarrak bezala» bera ere «nazkatuta» dagoela ustelkeria susmoekin, eta «amaieraraino» joateko asmoa duela. «Jakin nahi dugu nork saldu zuen, edo ez, gure konfiantza. Ikerketa guztiak egitea nahi dugu, eta zenbat eta lehenago egin, hobeto».

Hala, «erortzen dena erorita ere» aurrera egingo duela ziurtatu du Quirogak. «Ez nago hemen inoren azpijokoak ezkutatzeko; nik zuzentzen dudan alderdiaren ohorea dago jokoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.