Brasilgo hauteskundeak

Brasilgo polarizaziotik «adostasunerako tarteak» sortzea espero du Rousseffek

Alde txikiarekin irabazi ditu PTk presidentetzarako hauteskundeak.

Ustelkeria, ekonomia eta erreforma politikoa izango dira gobernuaren lehentasunak

Samara Velte -

2014ko urriak 28
Aldaketa sakonak eta emaitza bizkorrak hitzeman ditu Dilma Rousseffek bere hurrengo agintaldirako, Brasilgo hauteskundeak irabazi berritan. «Garai berriak datoz gure herrialdearentzat, eta lehiatik sortutako beroalditik energia eraikitzailea ateratzen asmatu behar dugu».

Hauteskunde estuak izan direnik ezin uka: igandeko bigarren itzulian, botoen %51,6 lortu zituen Rousseffen PT Langileen Alderdiak, eta hiru punturen aldea atera zion Aecio Neves kontserbadorearen PSDB Brasilgo Sozial Demokraziaren Alderdiari: ia hiru milioi boto, Latinoamerikako estatu handienaren neurriei behatuz gero. «Historiako une batzuetan, emaitza estua lagungarriago izan daiteke garaipen handia baino, emaitzak azkarrago ikustea eragin dezakeelako», esan du Rousseffek bozen osteko lehen hitzaldian. «Ziur naiz eztabaidetako talka hauetatik adostasunerako espazioak sor daitezkeela».

Adostasun hori ezinbestekoa zaio, baldin eta hurrengo lau urteetan egin nahi dituen aldaketak burura eraman nahi baditu. Presidenteak ukatu egin du asteburuko bozek gizartearen polarizazioa islatzen dutela, baina botoen kontzentrazioak banaketa argia erakusten du: ipar-ekialdeko eskualde behartsuenetan, alde handiarekin irabazi du PTk; probintzia aberats eta industrializatuetan, aldiz, oposizio neoliberala nagusitu da. Sao Paulon, Brasilgo erdigune ekonomikoan, zazpi milioi botoren aldearekin galdu du gobernuko alderdiak.

Datorrenarekin, PTk laugarren agintaldia egingo du jarraian; Rousseffek, bigarrena. Aldiro-aldiro babesa galduz joan da hauteskundeetan, eta oraingoa garai bereziki zaila izango da presidentearentzat. Gizartean aldaketa gehiago espero zituzten herritarren zaputza eta enpresa handien presioa ditu alde batetik; alderdi eskuindarren eta hedabide pribatuen gupidarik gabeko oposizioa bestetik. Horrez gain, hainbat ustelkeria auzik nabarmen lohitu dute haren agintaldia, eta beste arazo bati ere aurre egin beharko dio aurki: aspaldian hazkunderik ikusi ez duten merkatu eta indize ekonomikoei. Eskuinak erruz baliatu du hori kanpainan, eta krisia eragitea leporatu dio gobernuari.

Rousseffek berak azaldu duenez, sistema politikoa goitik behera aldatzea izango da gobernuaren lehentasuna. Aurreko agintalditik arrastaka dakarren promesa da: besteak beste, hauteskunde kanpainak diru pribatuarekin finantzatzea eragotzi nahi du. Dena den, erreforma hori presidenteari berari interesatzen zaio batez ere, gobernua Kongresuko aliantzen menpekotasunetatik ateratzeko. Izan ere, asteburuan Kongresurako hauteskundeak ere egin dituzte, eta bloke ofizialista lehen baino ahulago geratu da Diputatuen Ganberan. PTk eta haren alde egin ohi duten taldeek eserlekuen erdiak baino gehiago lortu dituzte, baina ez dira bi herenetara heldu; horregatik, neurri jakin batzuk onartzeko independenteen babesa lortu beharko du gobernuak.

Babes hori garesti irten dakioke. Ideologikoki puntu komun gutxi dituzte Rousseffen programak eta haren aliatuenek: presidenteak berak sektore aurrerakoiena ordezkatzen du, eta aliantzaren barran badaude nabarmen kontserbadoreak diren taldeak ere. Gainera, kongresuko bigarren alderdi nagusiak ohi baino jarrera lausoagoa erakutsi du hauteskunde kanpainan: PMDB Brasilgo Mugimendu Demokratikoaren Alderdiak bloke ofizialista babestu izan du botere eta karguen truke, baina, oraingoan, hainbat diputatu Nevesen alde lerratu dira.

Etxeko kalteak

Eskandaluz eta etsaikeriaz betetako kanpaina izan da. Bozketaren bezperan, Petrobras estatuaren enpresa handienarekin lotutako ustelkeria auzi bat haizatu zuten oposizioko hedabideek, eta haren berri jakitea egotzi zieten Rousseffi eta Luiz Inazio da Silva Lula presidente ohiari.

Lularen eskutik heldu zen Rousseff lehendakaritzara, eta haren itzalak lagundu dio bi hauteskunde jarraian irabazten. Dena den, presidentea ez da preseski PTren ildo nagusia hobekien ordezkatzen duena, eta alderdiaren barruko talkek aski buruko min eragin dizkiote joan den agintaldian ere, besteak beste, Rousseffek abortu eskubidearen alde eta beste hainbat gizarte gairi buruz duen iritzia dela medio. Urtarriletik aurrera hasiko den agintaldirako, itxura du bere gertukoenekin osatuko duela kabinetea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna