Frantziako Gobernua. 'Macron legea'

«Desblokeatzea» da formula

Igande gehiagotan saltokiak irekitzea, zenbait lanbide liberalizatzea eta autobus garraioari trabak kentzea proposatu du Frantziako Gobernuak.

Bruselari egindako keinu bat da 'Macron legea'
Emmanuel Macron Frantziako Ekonomia ministroa, atzo, bere izena daraman legea aurkezten.
Emmanuel Macron Frantziako Ekonomia ministroa, atzo, bere izena daraman legea aurkezten. LIONEL BONAVENTURE / EFE

Miren Garate- Iker Aranburu -

2014ko abenduak 11
Egun handien eszenografia baliatu zuen atzo Frantziako Gobernuak ekonomia loalditik atera behar duen lege proiektua aurkezteko. Gobernuko izar berriak, Emmanuel Macron Ekonomia eta Industria ministroak, ondoan izan zituen Manuel Valls gobernuburua, beste bost ministro eta lau estatu idazkari. Alderdi sozialistako kritikoei legegaiak gobernu osoaren babesa duela erakusteko modu bat. François Hollanderen bost urteko agintaldiko neurririk garrantzitsuentzat jo dute Hazkunderako eta Jarduerarako Legea, Macron legea izenez bataiatu dutena. «Ekonomia desblokeatzea» du xede, Frantziaren hiru gaitzei aurre eginda —«egoera ekonomikoarekiko mesfidantzari, konplexutasunari eta korporatibismoari»—.

Hein handi batean, Bruselara begira egindako keinu bat da legea: Frantziak erakutsi nahi du ez diela beldurrik erreformei eta behingoz mugitzen hasi dela Bruselak eta Berlinek eskatzen dioten bidean. Trukean, defizitarekin muga behin eta berriro hautsi izanarekin eskuzabal izatea nahi du.

Hollande-Valls-Macron hirukoarentzat suzko proba izango den horri protestaz erantzun diote hainbat sektoretan. Haserrea eragin du etxe barruan ere. Ezkerraren printzipioen aurka egitea leporatu diote PSko hainbat ordezkarik, eta nahas-mahaserako kutxatzat ere hartu dute, oso ezberdinak diren neurriak batzen dituelako.

Bi dira polemika eragin duten puntu nagusiak: dendak igande eta jaiegun gehiagotan irekitzea sustatu izana eta lanbide arautuen liberalizazioa. Urtarrilaren 22an hasiko da legebiltzarra proiektua eztabaidatzen, eta negoziazio gogorrak aurreikusten dira, ez baitu ematen bermatuta dagoenik aurrera ateratzea.

Hauek dira legearen puntu garrantzitsuetako batzuk:

IGANDEKO LANA

Turismo joera handiko eremuetan —600 daude, horietako batzuk Ipar Euskal Herrian—, jaiegun guztietan ireki daitezke saltokiak; besteetan, ez. Eremu turistikoak ugaritu nahi ditu Macronek, eta, asteburuan Londresera erosketak egitera joaten omen diren turista txinatarrak buruan dituela, nazioarteko turismo guneak sortu, haietan gauerdira arte irekitzeko aukera emanez. Besteak beste, aurre egin nahi diote Parisko udal sozialistak Eliseoko Zelaien inguruko edota Haussmann etorbideko saltokiak irekitzeko duen uzkurtasunari. Dena den, Mont Saint Michel eta beste gune batzuk ere izendatu nahi ditu nazioarteko turismo eremu. Gainerako guneetan, urtean bost jaiegunetan irekitzeko baimena dute dendek herriko etxearen baimenarekin. Hamabira igo nahi du kopurua, baina badirudi Macron prest egon daitekeela kopurua negoziatzeko legebiltzarreko eztabaidan. Lege proiektuak dio «borondatezkoa» izango dela igandean lan egitea eta konpentsazioak beharko direla. Sindikatuek salatu dute sarri langileek ez dutela aukerarik ezetz esateko. Konpentsazioen gaineko negoziazioak eragile sozialen esku utzi nahi ditu Macronek; ez ditu legez arautuko. Hiru urte emango dizkie akordioa egiteko. Estatu Kontseiluak berak ere kritikatu du hori. Esan du ez dela ohikoa akordio kolektibo baten esku uztea «lan eskubidearen oinarrizko printzipioak finkatzen dituen lege baten aplikazio eredua». Macronek nahiko luke enpresa txikiak ez egotea derrigortuta soldata konpentsazioak ematera. Tren geltoki handietako saltokiei ere eragingo die erreformak, eta hogei igandetan irekitzeko aukera izango dute. Astearterako mobilizazioak antolatu dituzte sektoreko sindikatuek.

ARAUTUTAKO LANBIDEAK

Irmo jarraitzen du Frantziako Gobernuak. Esan du zuzenbide jardueren tarifak merkatu nahi dituela, enpresen kapitala ireki zuzenbidean aritzen diren beste profesional batzuentzat, eta lanbidean hasteko aukera eman gazteei, besteak beste, notarioen bulegoak ugaritzeko aukera emanda. Guztira 13.500 lagun inguru aritzen dira araututako lanbideetan. Lehia oso mugatua dute, eta, gobernuaren iritziz, enpresen jarduera oztopatzen eta garestitzen du horrek. Hasierako testuan, gobernuak notario orori baimendu nahi zion bulegoa nahi zuen tokian jartzea. Orain dio lehiarako batzordeak mugatu ahalko duela aukera hori bi baldintza kontuan hartuta: dauden bulegoen jarraipena arriskuan jartzen bada edo zerbitzua arriskuan jartzen bada. Mapa bat egingo du batzordeak, zehazteko gune bakoitzean zenbat bulego dauden eta aski diren edo ez. 300.000 euro irabazten dituzte notarioek urtean. Halaber, «kalte» egingo zaien profesionalentzat kalte-ordainak ere aurreikusi dira; zerbitzua ematen hasten den lehiakideak ordaindu beharko du. Horrek ez ditu baretu sektoreko ordezkariak, eta atzo lehen aldiz elkarrekin protestara atera ziren notarioak, abokatuak, agente judizialak, administratzaile judizialak, merkataritza auzitegiko idazkariak eta enkantegileak. Salatu zuten milaka lanpostu galduko direla eta zuzenbidea «merkaturatu»egingo dela.

AUTOBUSAK

Iaz, 110.000 lagunek soilik erabili zuten autobusa distantzia luzeko bidaietarako. Bost milioiko helburua du gobernuak. «Pobreenek ere erraz bidaiatu ahal izango dute», dio Macronek. Gaur egun, trenetan ez bezala, enpresa pribatu batek ezin du eskaini joan-etorri erregularren zerbitzurik. Baimen sistema konplexua alde batera utzi eta liberalizatu egin nahi da orain autobus bidezko garraioa, baina soilik 200 kilometrotik gorako ibilbidea egiten dutenak eta bi eskualde lotzen dituztenak, arriskuan ez jartzeko eskualdeek finantzatzen dituzten aldirietako trenak, TER deitutakoak.

GEHIEGIZKO PENTSIOAK

Gerand Mestrallet Suez Environnementeko presidenteak eta Didier Lombard France Telecomeko presidente ohiak jasoko dituzten erretiro sari oparoen berri eman ostean sortutako polemika baretu nahi du gobernuak. Mugatu egin nahi ditu, araututa. Finantza ikuskaritzak urtea amaitu aurretik egingo du txosten bat, eta haren gomendioak kontuan hartuta prestatuko du zuzenketa bat. Urtarrilean aurkeztuko du asanblean.

LAN ARLOKO JUSTIZIA

Proud'homme edo lan arloko auzitegiak erreformatzea aurreikusten du lege proiektuak, «sinpleago eta azkarrago» izateko. Langileen eta enpresen ordezkariak esertzen diren epaitegi horretan, baina, Macron legeak nahi du auzi batzuen konponketa hasieratik epaile profesionalen esku uztea, horrek helegiteak gutxitu eta prozesua bizkortuko duelakoan. Baionako lan auzitegian ordezkaritza duten sindikatuak kexu dira, uste baitute auzi gehiago nagusien aldera lerratuko direla horrela. Gainera, nabarmendu dute Baionakoan lau epaietatik bakarrari dei egiten zaiola; Frantzian, %60 dira.

AKZIOEN SALMENTA

Enpresak zailtasunak baditu eta ikusten bada kapitala hedatzea dela aurre egiteko bidea, epaileak aukera izango du akziodunak derrigortzeko akzioak saltzera, «enpleguari eusteko eta enpresa salbatzeko plan sinesgarri bat aurkeztuta». Zailtasunak dituzten enpresa handietan espezializatutako merkataritza arloko epaitegiak ere sortu nahi dira.

MONOPOLIOAK

Lehia batzordearen eskumenak gehituko dira. Aukera izango du merkatuan gehiegizko agintea duten saltoki handiak behartzeko euren eremuaren zati bat uztera, hala hornitzaileei prezioen gainean presio gutxiago egiteko. Autobideak kudeatzen dituzten enpresen gaineko kontrola ere zorroztuko du, hamar urteotan %25 handitu baitituzte ordainsariak, inflazioaren oso gainetik. Haserre daude autobideen kudeatzaileak; esan dute irabazien %7 inguru poltsikoratzen dituztela, ez %20tik gora, lehia batzordeak esan bezala.

PRIBATIZAZIOAK

Enpresa publiko batzuk partzialki edo osorik salduko ditu Vallsen gobernuak, 5.000-10.000 milioi euro artean lortzeko. Horietatik 4.000 milioi zorra txikitzeko jarriko dira. BPGaren %95,6ko zor publikoa du Frantziak, EBko tasa handienetakoa. Zer salduko duten ez du argitu Macronek; EDF argindar konpainia ez dela pribatizatuko esan besterik ez du egin. Baliteke Lyongo eta Niza-Cote d'Azurko aireportuen kudeatzaileak saltzea, oraintsu Tolosakoa saldu baitute.

SARTU EZ DIRENAK

Merkataritza arloko epaitegien erreforma ere Macron legean sartzekoa zen, baina justizia arloko erreformarako utzi du. Hortzetako protesien kostuei buruz gardentasun handiagoa ere eskatu nahi zuen, eta farmaziek bat egitea sustatu, prezioak merkatzeko; baita sendagaiak Internet bidez saltzea erraztu ere. Osasun erreformarako utzi ditu aldaketak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna