Pakistan. Talibanen erasoa

Pakistango talibanek sarraskia egin dute armadaren eskola batean

Gutxienez 141 lagun hil dituzte erasoan, horietako 132 ikasle adingabeak.

Muturreko islamistek adierazi dute militarren aurkako mendekua izan dela

Mikel Rodriguez -

2014ko abenduak 17
Pakistango instituzio boteretsuenaren aurka jo dute talibanek, haren alderdi ahulenari erasota. Hainbat ekintzaile suzko armekin eta lehergailuekin sartu ziren atzo armadaren eskola batean, Peshawar hirian, eta gutxienez 141 lagun hil zituzten, horietako 132 bederen ikasle adingabeak. Hildako kopuruari dagokionez, talibanek Pakistanen egindako eraso handiena izan da. TTP Pakistango Mugimendu Talibanak bere gain hartu du erasoa, eta bozeramaile batek adierazi du mendekuzko ekintza bat izan dela, armadak Afganistango mugako eremu tribaletan indarrean duen erasoaldiarengatik egina. Hala ere, armadak berehala erantzun du Khyber eskualdean hamar aire eraso eginda, eta Asim Bajwal jeneralak mendeku zabalago bat iragarri du. «Gure determinazioak bertze maila bat hartuko du: gizatasunik gabeko piztia horiek eta horien laguntzaileei jazartzen segituko dugu, guztiak deuseztatu arte».

Bajwalek hedabideen aitzinean egindako agerraldian azaldu du talibanek hildako 141 lagunetatik 132 zirela ikasleak, eta bertze bederatziak, berriz, eskolako langileak. «1.099 ikasle daude eskolan izena emanda. Horietako 960 erreskatatu ditugu armadaren operazioan». Ikasle gehienak militarren seme-alabak dira. Jeneralak erran du zazpi erasotzaile zeudela eta militarrek guztiak tiroz hil dituztela. The Express Tribune egunkariko berriemailearen arabera, operazioa bukatutakoan erasotzaileek gainean zeramatzaten lehergailuak eskuratu eta zartatu dituzte militarrek. Erasoak ia zazpi ordu iraun zuen.

Bizirik ateratako ikasleek eta langileek hedabideei kontatutakoaren arabera, ekintzaile talibanak gelaz gela tiroka hasi ziren. «Sei edo zazpi lagun ikusi nituen gelaz gela mugitzen eta haurrei tiro egiten», adierazi dio Mudassar Abbas fisika laborategiko laguntzaileak AFP agentziari. «Shalwar kameez jantzia zeukaten, eta gauza bakarra erraten ziguten: 'Irakurri kalma'», adierazi dio Ali izeneko ikasle batek agentzia berari. Shalwar kameez Pakistango eta Asiako inguru horretako jantzi tradizionala da, gizonezkoen kasuan kolore bereko atorra luze edo tunikek eta galtza zabalek osatuta —erasotzaile guztiak gizonezkoak ziren—; kalma, berriz, Asia hegoaldeko musulmanek fedea agertzeko dauzkaten sei esaldik osatzen duten adierazpena da. Alik dioenez, bederatzi ikaskiderekin zegoen erasotzaileak agertu zirenean; bera izan ezik guztiak hil zituzten.

«Muturreko pauso bat»

Talibanek erasoa bera bukatu aitzinetik hartu zuten ekintza beren gain. «Gure jendeak arrakastarekin lortu du armadaren Peshawarko eskolan sartzea gaur goizean», adierazi zion Muhammad Khorasani TTPko bozeramaileak The Express Tribune-ri. Khorasanik erran zuen ekintzaileei «aginduak» eman zizkietela «adingabeei kalte ez egiteko». Bizirik ateratakoen testigantzen arabera, ordea, erasotzaileak zuzenean joan ziren ikasleen bila, horiek itsu-itsuan tirokatzeko. Bajwal jeneralaren arabera, talibanen asmoa ez zen gatibuak hartzea, «ahalik eta jende gehien hiltzea» baizik. TTPko bozeramaileak bai baieztatu du erasoa mendekuzko ekintza bat izan dela, armadak Ipar Waziristan eta Khyber barrutietan indarrean dauzkan erasoaldiei erantzuteko. «Zarb-e-Azb Operazioak eta Khyber-I Operazioak behartu gaituzte halako muturreko pauso bat ematera».

Nawaz Sharif lehen ministroak hiru eguneko dolua ezarri du herrialde osoan, eta gaurko bilera batera deitu ditu parlamentuan ordezkaritza daukaten alderdi guztiak, Peshawarren bertan. Sharifek onartu du atzoko erasoa Afganistango mugan dauden bi barrutietan indarrean dagoen operazio militarraren ondorio direla. «Gerra baten ondorio gisa horrelako erasoak esperotakoak dira, eta herrialde batek ez luke bere indarra galdu behar», adierazi zuen atzo, Peshawarrera ailegatu berritan. Horregatik, erasoaldiekin jarraitzeko prest dago. «Herrialde honetatik terrorismoa garbitu ezean, gerra eta ahalegin horiek ez dira bukatuko, inork ez dezala zalantzarik izan».

Administrazio Federalpeko Tribuen Eremua deitutakoaren barrutietako bi dira Ipar Waziristan eta Khyber. Eremua Afganistango mugan dago, eta barrutiek autonomia berezi bat daukate. Biztanle gehienak paxtuak dira, eta haien tradizio tribalaren araberako bizimodua daukate bertan. Paxtuak dira, halaber, Afganistango etnia nagusia, eta mugaren bi aldeetako herritarrek harreman handia daukate. Hagitz gizarte erlijiosoa da, eta islamaren ikuspegi fundamentalista hagitz hedatuta dago. Ezaugarri horiengatik eta Afganistanekiko loturagatik, talibanen mugimendua arrakastaz hedatu zen mende hau hastearekin bat. Hainbat talde sortu ziren, eta horietako gehienek 2007an TTP erakunde bateratua sortu zuten. Ordurako, ordea, bazeramaten urte batzuk Pakistango armadaren aurka gerra latz batean murgilduta.

AEBek Afganistan inbaditu zutenean talibanen erregimena deuseztatzeko (2001), Pakistanen Pervez Musharraf jenerala zegoen agintean. Hark bete-betean bat egin zuen AEBen estrategiarekin, eta horren truke Etxe Zuriaren finantzazioa jaso zuen, gehienbat armadarentzat —15.500 milioi euro, BBCren arabera—. Pakistango armadak eremu tribalean erasoaldiak hasi zituen, AEBek Afganistango talibanen atzeragoardiatzat baitzeukaten eremu hori. Musharrafek, gainera, aukera ikusi zuen milizia islamistak eta gizarte antolakuntza tribalak nagusi ziren eremuetan botere zentrala sendotzeko. Musharrafen estrategiak porrot egin zuen, ordea, eta herrialdea barne gerra odoltsu batean murgildu zuen. 2001-2011 artean, borroketan eta atentatuetan 30.000 lagun inguru hil zirela kalkulatzen da.

Musharraf agintetik kendu eta gobernu zibila ezarri zen; horrekin batera, AEBetan Barack Obama ailegatu zen boterera. Bi herrialdeen arteko harremanak okertu egin ziren; AEBetako agintariek jendaurrean susmoak agertu zituzten Pakistango zerbitzu sekretuei buruz, Afganistango talibanak eta bertze talde matxinoak laguntzen zituztelakoan, eta Islamabadi eremu tribalean presio militar handiagoa ezartzeko exijitu zioten. Gainera, AEBak gatazkan zuzenean murgilduta daude, 2004an droneekin erasoak egiten hasi baitziren Pakistanen, TTPko eta Al-Qaedako ustezko kideen aurka. Makina bat erakundek salatu dute, ordea, gehienbat zibilak hil dituztela —2.500 inguru izan litezke hildakoak—. Eta gatazkaren azken atala dira armadak ekainean hasitako bi erasoaldiak;«ehunka taliban» hil dituztela diote militarrek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna