AEBak. Eskuin muturraren gorakada

Trumpek berpiztutako suak

Bezperan esandakoak ahaztu, eta AEBetako presidenteak berriro adierazi du Virginiako istiluak «bi taldeen erruz» gertatu zirela. NBE «asaldatuta» dago, AEBetan arrazakeria ugaritu delako

Igor Susaeta.
2017ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Berez, «azpiegiturei buruz» hitz egitekoa zen Donald Trump, herenegun iluntzean New Yorken deitu zuen prentsaurrekoan. Hala adostu zuten Etxe Zuriko harenaholkulariek, eta hala jakinarazi zion horietako batek CNN komunikabideko kazetari bati. AEBetako presidentearen etxeetako batean, Trump dorrean, bildu ziren kazetariek, ordea, joan den larunbatean Charlottesvillen (Virginia) gertatutako arrazagatiko istiluez ere galdetu zioten, eta berotu egin zen Etxe Zuriko maizterra. «Bi taldeen errua izan zen». Bai eskuin muturreko taldeena zein ezkerrekoena, alegia. «Jende oso gaiztoa zegoen alde batean, eta baita oso biolentoa ere bestean», adierazi zuen haserre antzean. Alde bat eta bestea parekatu zituen, horrenbestez, eta Charlottesvillen neonazi batek giza eskubideen aldeko ekintzaile bat autoarekin harrapatu eta hil ondoren egin bezala —«inplikatutako alde guztien biolentzia» kondenatu zuen orduan—, ekidistantea izatea, ez hotz ez bero jokatzea, erabaki zuen, bezperan presioen eraginez adierazitakoa —«supremazista zuriak, neonaziak, Ku Klux Klan higuingarriak dira»-, nolabait, zuzenduz.

Eta azken adierazpenak entzunda, berriro kritikatu dute Alderdi Errepublikanoko kide entzutetsuetako batzuek, txalo jo diote eskuin muturrekoek, eta belarrietatik tira egin NBE Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideen batzordetik. «Asaldatuta gaude arrazakeria eta gorrotoa sustatzen duten taldeen artean gertatu den gorakadarengatik. Gisa horretako ekintzak aho bizarrik gabe kondenatu behar dira». Neurri batean, behintzat, Trumpek berak berpiztutako arrazakeriaren suaren ondorioz gertatu da hazkunde hori.

Talde horiek gertutik zaintzen ditu SPLC Southern Poverty Law Center gobernuz kanpoko erakunde antirrazistak, eta Charlottesvilleko gertakarien ostean eman du datua: 2014an tankera eta molde guztietako 714 gorroto talde zeuden AEBetan, eta iaz, Trump presidentetzarako kanpainaurrean bete-betean sartuta zegoenean eta bozak irabazi zituenean, 917. Duela sei urte jo zuten goia talde horiek: 1015 ziren, hain justu Barack Obama, pertsona beltz bat, AEBetako presidentea zenean.

Trump ahalegindu da supremazista zuriekin harremanik ez edukitzen, haiengandik aldentzen, eta Dave Duke Ku Klux Klaneko lider historikoaz esan izan du «pertsona gaizto bat» dela. Baina AEBetako presidenteak, Etxe Zurian aholkatzen diotena gorabehera, asko hitz egiten du egun osoan, eta haren diskurtsoa xenofoboa, arrazista, matxista eta biolentoa izan ohi da. Hortaz, supremazista zurien eta neonazien ideologiaren sugarrak hauspotu eta berpiztu ditu, eta horiek haren aldeko botoa eskatu zuten joan den azaroko presidentetzarako bozetan. Horregatik, larunbatean Charlottesvillen bildutako eskuin muturreko 1.000 bat militanteren artean dezentek zeuzkaten jantzita Trumpek kanpainan erabilitako leloa idatzia zuten kamisetak eta biserak: Make America great again (Egin Amerika berriro handi). Eta hilketa gertatu eta berehala Trumpek jarrera ekidistantearen aldeko hautua egin zuenean, neonaziek esan zuten presidenteak «ondo» hitz egin zuela; eta Duke eskuin muturreko ideologoak eskerrak eman zizkion herenegun, «egia esateagatik» eta «ezkerreko terroristak» kondenatzeagatik.

Bushtarrak ere kontra

Charlottesvillen gertatutakoaren harira presidenteak izandako erreakzioak, beste presidente ohi batzuen gaitzespen adierazpenak ere eragin ditu. Espero bezala, Obamak (2009-2017) kritikatu egin du, txio batean Nelson Mandelaren aipu bat gogoratuz, baina baita bi errepublikano ospetsuk ere, nahiz eta ez duten herrialderen gorabeherez hitz egiteko ohiturarik: George Bush (1989-1993) eta George W. Bush (2001-2009) aita-semeek. «AEBek beti arbuiatu beharra daukate arrazagatiko intolerantzia, antisemitismoa eta gorrotoa bere molde guztietan», adierazi dute komunikatu batean.

AEBetako presidentearen hitzak salatu dituzten 55 politikari demokrata eta errepublikanoren erreakzioak bildu ditu The Washington Post egunkariak, eta tartean dago, esaterako, Paul Ryan kongresuko presidentea, errepublikanoa bera. Presidentea aipatu gabe, baina haren «anbiguotasun morala» kritikatu du. «Argi mintzatu beharra daukagu. Zurien supremazismoa nardagarria da. Fanatismo hori herrialde honek ordezkatzen duenaren kontrakoa da. Ez dago anbiguotasun moralarentzako tokirik».

Ahalduntzea

Dan dela, larunbateko kontramanifestazioan parte hartu zuen ekintzaile beltz batek adierazi moduan, Trumpen erretorika arduragabeak «ahaldundu» du eskuin muturreko taldeen jarduna. «Zer gertatzen da eskuineko alternatiboei eraso zieten ezkerreko alternatiboekin?», erantzun-galdetu zion presidenteak, herenegun, kazetari baten galderari. Suak berpizteko adierazpenak, arrazisten eta xenofoboen ahalduntzea ahalbidetzen dutenak.

Duke eskuin muturreko liderrak presidenteari oroitarazi zion, gainera, manifestariak haren promesak betetzeko, haien herrialdea «berreskuratzeko» zeudela Charlottesvillen. Izan ere, Make America great again eta America First erabili zituen presidenteak ahotan kanpainan, eta arrazistek bere egin.

SPLC erakundeak txosten batean azaldu bezala, Trumpen erretorikak «energia» eman die eskuin muturreko taldeei. Zifrei erreparatuta, gehien hazi direnak musulmanen kontrako taldeak dira. 2010ean, New Yorkeko dorre bikien kontrako erasoa gertatu eta bederatzi urtera, bost baino ez zeuden, eta orain 101 dira. FBI Amerikako Estatu Batuetako Ikerketa Bulego Federalak egindako ikerketa batean arabera, duela bi urte, Trumpek presidentetzarako hautagaitza aurkeztu zuenean, %67 hazi ziren musulmanen kontrako erasoak, eta talde kopurua %197 batean. Hazkunde horri zuzenean eragiten diote, SPLCk dioenez, Trumpek musulmanen aurka adierazitakoek, noski, eta baita islamistekAEBetan egindako erasoek ere; iazko ekaineko Orlandoko (Florida) diskotekakoa, kasurako, 50 pertsona hil zituena.

Gorroto taldeek, oro har, gora egin zuten aurreko hamarraldian, migratzaile latinoamerikarren uholdeak beldurtuta, eta adituak hasi zirelako aurreikusten, gainera, 2040 ingurarako zuria ez dela arraza nagusia izango AEBetan. Kopuruan behintzat, Obamaren lehen agintaldian jo zuten goia talde horiek, hiru urteren buruan 2003-2004ko zenbakietara itzultzeko. SPLCk ondorioztatu du hori gertatu zela, neurri batean behintzat, militanteek kaletik sarera mugitu zutelako hain jarduna.

Ikur konfederatuen auzia

Militante horietako 1.000 bat Charlottesvillera bultzatu zituen arrazoia izan zen, bada AEBetako gerra zibileko armada konfederatuko Robert E. Lee jeneral supremazista zuri eta esklabotzaren aldekoaren estatua bat kendu nahi duela hango udalak.

Ikur konfederatuak abertzaletasunaren erakusgarri dira eskuin muturrekoentzat; eta kontrakoentzat, aldiz, horiek esklabotza eta arrazagatiko segregazioa gogorarazten dute. Larunbateko istiluek balio izan dute, behintzat, ikurrei buruzko eztabaida berpizteko, eta hainbat udalek jakinarazi dute jarraituko dutela horiek haien herrietatik kentzen. Amazon enpresak, adibidez, armada konfederatuaren banderak saltzeari uko egin zion duela bi urte. Hain zuzen ere, 2015etik hona 60 ikur konfederatu kendu edo berrizendatu dituzte AEBetan. Orandik ere 718 daude. Eztabaida hori ere berpiztu du Trumpek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.