Noiz sortua: 2017-08-25 00:30:00

Mexiko. Indarkeria

Ciudad Juarezen, tinko zutik

Hilketak, estortsioak eta bahiketak eguneroko ogi dira Ciudad Juarezen. 2010etik 2014ra 727 feminizidio erregistratu zituzten; bost urtean murriztu egin dira indarkeria ekintzak

Ciudad Juarezko hilerria. 2010ean bakarrik, 3.111 lagun hil zituzten
Ciudad Juarezko hilerria. 2010ean bakarrik, 3.111 lagun hil zituzten PEP COMPANYS

Angelica Villegas -

2017ko abuztuak 25

Arrosa koloreko gurutzeak daude hiriko kaleetan, nonahi; are, memorial bat inauguratu dute berriki aurkituriko biktimen omenez. Zortzi emakume, hilotz, aurrez bortxatuak eta torturatuak denak ere. Ciudad Juarez da Chihuahua estatuko udalerririk handiena, eta El Paso hiriaren alde batean dago (Texas), AEB Ameriketako Estatu Batuen mugaldean. Bolada batean «munduko hiririk biolentoentzat» hartu zen, joan den hamarkadaren erdialdera; 90eko urteen hasiera aldean, estigma horren zama zuen, hirian zeuden ehunka feminizidio zirela tarteko; batik bat, 15-25 urte bitarteko gazteenak. 2010etik 2014ra 727 feminizidio izan ziren, Emakumeen Mahai Sarea erakunde zibilaren datuen arabera.

Egun ere eguneroko ogia dira emakumeen erailketa eta desagerpenak. Hala ere, 2010a izan zen historian urterik biolentoena hirian: 3.111 homizidio kontatu zituzten. 2010eko urrian izan zuten inoizko kopururik handiena: 359 heriotza. Biktimak tiroketetan hil ziren, eta auto lapurretetan, baina, batik bat, krimen antolatuarekin zerikusia zutelako, fiskaltzaren arabera.

Halako egoerari aurre egiteko, udal polizia, estatuko polizia eta polizia federalaren 10.000 unitate inguruk eta armadak berak ere kaleak hartu zituzten, etengabeko patruilatuz; horrek denetariko arazo sozialak eragin zituen, baita segurtasunik eza ere. UACJ Ciudad Juarezko Unibertsitate Autonomoko Oscar Maynez Grijalva kriminologo eta katedradunak adierazi duenez, estatuko indarkeria mailarik handienekoa pairatzea izan da beti mugalde horren bereizgarria: «Zer gertatu zen indarkeriarekin? Besterik gabe, egonkortu egin zen, Ciudad Juarezek beti erakarriko baitizkigu heriotzak, dituen ezaugarri ekonomiko eta kulturalengatik eta duen kokapen geografikoarengatik. Narkotrafikoaren gerraren ondorioz, kontrolaezin bihurtu zen». Hark dioenez, «gerra» hau gaizki antolatu zen, herritarren giza eskubideek urratzen baitziren, eragin handiko programa sozialen bidez esku hartu beharrean. Adituaren iritziz, narkotrafikoaren buruak «mozteaz» bakarrik arduratu ziren agintari federalak, baina ahaztu egin zitzaizkien ezin konta ahala biktimak; besteak beste, indarkeriaren umezurtzak.

Jose Luis Flores Cervantes Haurren Aldeko Sarea elkarte zibileko idazkariak dioenez, 10.000 umezurtz baino gehiago eragin zituen indarkeria oldeak. Adingabe askok beren larruan bizi izan zuten indarkeria, edota zuzenean eragin zien, hurbileko pertsona kutunen bat galduta; gizartearekin erresuminduriko heldu bilaka zitezkeen. Maynez Grijalva kriminologoak adierazi duenez, estatuak astia izan zuen itxura guztien arabera zetorkien arazoari aurre egiteko, baina ez zuen ezer egin, indarkeriak bere hartan baitirau: «Ez da hain orokortua, baina oraindik hor dago ezkutuan».

Gobernuaren porrota

Indarkeria larri horrek hainbat arazo ekarri zituen: milaka erailketa, emakume alargun eta umezurtz, lanik eza, enpresa askoren gainbehera, bai eta herritarren exodo masiboa ere.

Gobernuak hainbat estrategia antolatu zituen, herritarren egoera sozialari aurre egiteko, baina programa haietako gehienek porrot egin zuten, eta bakan batzuk bakarrik daude indarrean. Gauzatu ziren programak, berriz, mediatikoak eta aringarriak izan ziren. Esaterako, ez dago haurtzaindegirik, eskolarik, eskola osteko programarik, elikadurari buruzkorik, osasun alorrekorik, ez eta hiriko azpiegiturak hobetzekorik ere. Maynez Grijalvak ari dauka: «Ciudad Juarezen, 'ibaia bere bidera itzuli zen', baina noiznahi egin dezake gainez. Baretu izana ez zen izan inolako programa nagusi bati esker, ez udalaren edo estatuaren programa bati edo programa federal bati esker. Ikusi besterik ez dago zenbat homizidio ditugun oraindik ere».

Mugaldeko hiriak 1.300.000 biztanle baino gehiagoren historia biltzen du bere barruan, mugalde horretan sortuak izan edo ez izan; hiri erresiliente bat da, eta halakoxeak dira hango biztanleak ere.

Horietako bakoitzaren historiak desberdina izanagatik ere, badute denek konpartitzen duten zerbait: guztiek galdu dute pertsona kutunen bat, adiskideren bat edo ezagunen bat.

Bryan 10 urteko mutiko bat da, eta lehen hezkuntzako bosgarren mailan dabil. Ciudad del Niño aterpetxean bizi da, bere anai-arrebetako birekin batean: Kevin 7 urtekoa eta Keyla 6 urtekoa. Badu beste anaia zaharrago bat ere, 15 urtekoa, Edgar, baina hura Irma amonarekin bizi da oraindik, Gonzalez Vargas familiako beste hamar kiderekin batean.

Apirilean, urtebete izango da Bryan aterpetxean bizi dela, dozenaka mojarekin eta beste 120 haurrekin baino gehiagorekin; Bryanen modura, denak ere guraso bat edo biak galdutakoak, edota arazo ekonomikoengatik toki horretan geratu behar izan dutenak. Ciudad del Niñon kontentu badago ere, etengabe oihukatzen du Marisela Gonzalez Vargas amaren falta sumatzen duela; 2011ko maiatzaren 26an desagertu zen, 5-A lineako autobus bat hartzera zihoala, Gustavo Diaz Ordaz kolonian. Badira bost urte Marisela desagertu zela, baina ez Bryanek eta ez haren familiak oraindik ere ez dute haren aztarrenik, eta Irma amonaren etxetik 100-150 metro ingurura dagoen horma irudi bat dute Mariselaren oroimenezko kontsolagarri bakanetako bat.

Bryani eta haren anai-arrebei beste zorigaizto bat ere gertatu zitzaien, aita galdu baitzuten, Marisela desagertu baino urtebete lehenago; Ciudad Juarezko aldirik biolentoenetako hartan, homizidio baten biktima izan zen. Harrezkero, portaera arazoak izan zituen umeak eskolan, eta horrek bultzatu zuen haren amona iloba aterpetxean sartzera, bestela haren zaintza kenduko baitzioten. Baina oporretan eta asteburuetan, amonaren etxera itzultzen dira Bryan eta haren neba-arreba Kevin eta Keyla. Orain, 8,9 da Bryanen batez besteko nota, eta, hark dioenez, matematikak ditu gogokoen.

Oraindik ere, alabaren bila

Irma Vargasek zazpi seme-alaba izan zituen, baina lau bakarrik geratzen zaizkio bizirik. Baditu 17 biloba ere, eta, 55 urterekin, ekoizpeneko langile gisa jarduten du maquila batean. Itxaropen nagusi bat du: alaba aurkitzea, bizirik edo hilik, baina aurkitzea, desagertu zela ia sei urte badira ere eta kasua ikertzen ari diren agintariek inolako aurrerabiderik egin ez badute ere. Gustavo Diaz Ordaz koloniako etxe batean bizi da, senarrarekin, alabetariko birekin eta beste zazpi bilobarekin batean: «Semeetarik hiru hil zaizkit. Eta semerik gazteena hil egin berri didate, jipoitzen ari ziren neska bat babesteagatik, eta, Mariselaz, berriz, esan digute miatu dituztela bazter guztiak, eta hezur batzuk ere aurkitu dituztela kolonian bertan, baina egundo ez digute ezertxo ere entregatu».

Bai Irma eta bai haren familia aspergabe aritu ziren alaba Mariselaren bila, zeinak 26 urte baitzituen desagertu zenean. Oraindik ere dozenaka kartel ditu, hirian barrena dauden zutoinetan, dendetan eta toki estrategikotan itsatsiak, norbaitek haren berririk balu ere. Errezeloz du gordea Mariselaren argazki bat, estudio profesional batean egin ohi dituzten horietakoa, eta, noizik eta behin, lanerako bidean, bigarren lan txandan aritzen denetan, Mariselaren irudiarekin pintatu zuten horma ikustera joan ohi da.

Dioenez, batzuetan, arazoak izaten ditu lokartzeko, eta nekatuta dago, alabaren berriren baten noiz iritsiko, baina beti du biharamunean aurkituko duten itxaropena ere.

Lluviaren istorioa ere latza da. 15. urtebetetzeko festa bat ez da nahikoa izango jasandako kolpe eta trauma guztiak sendatzeko, psikologikoak zein fisikoak; ezkerreko zangoa galdu zuen, duela ia hamar urte. Istripua nola gertatu zen? Neskatoa etxeko atarian ari zen jolasean, eta militar mozkor batek autoarekin harrapatu zuen 2007ko martxoaren 7an. Nerabe bat da orain neskato hura, eta hainbat ondorio latz ditu; eskola ere bertan behera utzi behar izan du zenbaitetan, Mexiko hirira joan-etorri ibili beharra zeukalako medikuek artatuko bazuten.

Lluvia Guadalupe Montellano Felixek 14 urte eta 11 hilabete ditu, eta osasun zaintza beharko du bizi artean, gutxienez zortzi ebakuntza egin beharko baitizkiote helduarora iritsi artean; horrez gainera, sei edo zortzi hilabetetik behin aldatu beharko diote protesia, hazten ari den bitartean bere zangora doitzeko. Manuel aitak eta Ulises anaiak, ahal duten heinean, inolako baldintzarik gabe laguntzen diote. Barrio Alto izeneko kolonian bizi dira hirurak. Toki horrexetan, hain zuzen, aitak denda txiki bat dauka, eta freskagarriak eta gozoak saltzen ditu.

Etorbideko mariatxia

Bere gitarra beti lepoan hartuta, Onesimo Martinez Cruz, 58 urteko gizasemea, hiriguneko etorbidean gora eta behera ibili ohi da, bezero bila. Gurpil aulki bat du garraiobide, duela ia lau urtetik. Hermoso Cariño eta La Malagueña kantatzeko eskatzen diote batik bat, eta gustu handiz eta irribarre batez kantatzen dizkio kanta horiek haren ahots gustuko duen edonori. Taldean kantatzea izan du bere betiko ametsa, eta, 2013ko ekainera arte, zortzi kideko mariatxi talde batean parte hartzen zuen. «Igande gau batez, emanaldi bat izan ostean, taldeko gainerako kideekin kamionetan gindoazela, tiroka ekin ziguten gidari bik, gizon armatu batzuengandik ihesika zihoan ibilgailu batetik».


Egun hartan, denak zauritu zituzten. Kideetako hiru larri eraman zituzten hiriko ospitalera, baita Onesimo ere. Ibili ezinda geratu zen. Sortzez, Oaxacakoa da, baina 22 urtean bizi izan da Ciudad Juarezen, eta hantxe bizitzeko asmoa du hil artean. Aspaldi galdu zuen ibiltzeko itxaropena; ez hala, ordea, kantatzeko alaitasuna: «Taldea desegin egin zen, guztiok ospitaleratu baikintuzten. Niri hiru ebakuntza egin behar izan zizkidaten, baina ez nintzen oso ondo ere geratu azkenean. Gero, beste mutilak sendatu egin ziren, baina gure taldea desegin egin zen. Nik, ordea, lanean segitzen dut, izugarri gustatzen zaidalako musika eta Jainkoak horretarako dohaina eman didalako», kontatu du. Ciudad Juarezek tinko jarraitzen du zutik.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 1ean eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan ez da inor hil COVID-19 gaitzaren eraginez. Bost positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta 11 gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.309 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Guardia bat pertsona bezero bati tenperatura hartzen, saltoki baten sarreran, Panama Hirian. ©Bienvenido Velasco / EFE

Munduan sei milioi pertsona baino gehiago kutsatu ditu birusak

Berria

375.000 pertsona hil dira COVID-19aren eraginez. Horien artean 105.000, Ameriketako Estatu Batuetan.

Baionako ostatuetako terrazak, artxiboko argazki batean. ©/ ISABELLE MIQUELESTORENA

Ipar Euskal Herrian bigarren fasean sartu dira

Berria

Besteak beste, ostatuak eta jatetxeak ireki ahal izango dituzte; baita kiroldegiak, jostalekuak, parkeak eta antzerki gelak ere.

Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazako tabernetako terrazak, jendez beteta. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Hegoaldea, hirugarren fasearen peskizan

Edurne Begiristain

Datozen egunetan ere datuak onak badira, astelehenean hirugarren fasera pasatuko da Hego Euskal Herria. Erkidegoek kudeatuko dute nolakoa izango den alarma egoeratik ateratzeko azken urratsa

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna