Katalunia. Erreferenduma

Errepublikaren jaiotza, prest

Kataluniako alderdi independentistek trantsiziorako legea aurkeztu dute. Erreferendumean baietzak irabaziz gero, estatu independentearen oinarriak ezartzen ditu arauak, konstituzioa onartu arte

Jordi Orobitg Junts Pel Siko diputatua, Lluis Corominas Junts Pel Siko taldearen burua, eta Benet Salellas eta Gabriela Serra CUPeko parlamentariak, atzo, legea aurkezten. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
mikel rodriguez
2017ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Muturreko islamistek Bartzelonan egindako atentatuek sortutako geldialdiaren ondoren, Kataluniaren independentziari buruzko erreferendumerako bide orria martxan paratu dute berriz ere, Carles Puigdemont presidenteak erasoen ondotik agindu bezala. Junts Pel Si eta CUP koalizio independentistek Trantsizio Juridikorako eta Errepublika Sortzeko Legea aurkeztu zuten atzo Kataluniako Parlamentuan. Urriaren 1eko erreferendumean baiezkoak irabaziz gero, Katalunia errepublika independente bihurtzeko trantsizioa nola eginen duten zehaztu dute testuan. «Ezezkoa bozkatuko dutenek badakite zer marko juridiko izanen duten, hauteskunde autonomikoak eginen baitira», azaldu zuen Lluis Corominas Junts Pel Sik parlamentuan duen taldeko presidenteak. «Lege honekin, baietz bozkatuko dutenek jakinen dute zer gertatuko den». Independentziaren aurkako alderdi guztiek kritikatu dute legea —Catalunya Si Que Es Potek izan ezik—, eta Espainiako Gobernuak erantzun du araua ez dela indarrean sartuko. «Nahi bertze aldiz aurkeztu dezakete».

Bortz aste bertzerik ez dira falta erreferendumaren egunerako. Independentistek legea erregistratu zuten atzo, baina ez zuten zehaztu zein egunetan bozkatuko duen parlamentuak, nahiz eta erran zuten urriaren 1a baino lehen izanen dela. PDECat alderdiko sektore batzuek ez zuten argi ikusten legea erreferendumaren aitzinetik aurkeztu eta onartzea—Junts Pel Siko alderdi nagusia da PDECat—, baina ERCk —Junts Pel Siko bertze alderdiak—, CUPek eta independentziaren aldeko erakunde zibilek bozketaren aitzinetik prest eduki nahi zuten. «Ez da zalantzarako unerik izanen, ez eztabaidarik, ezta prozesismoaren hamaikagarren atalik ere», erran zuen atzo Benet Salellas CUPeko parlamentariak legearen aurkezpenean.

Legearen testuak 89 artikulu ditu. Baiezkoak irabaziz gero, hauteskunde konstituziogileak egin arteko epean Kataluniako arau nagusia izanen litzateke. Ezezkoak irabaziz gero, legea bertan behera geldituko litzateke.

Amnistia zigortuentzat

Erreferendum Legeak ezartzen du baiezkoak irabaziz gero, urriaren 3ra arteko epean aldarrikatuko duela independentzia Kataluniak —tramitatzeko zain dago lege hori—, eta, koalizio independentisten arabera, aldarrikapena egin eta berehala sartuko litzateke indarrean trantsiziorako legea. Independentistek espero dute urtebete inguruko epea beharko litzatekeela konstituzioa indarrean sartzeko. Konstituzioak ezarriko lituzke estatuaren oinarriak, baina, hori gertatu arte, trantsizioaren legeak arautuko lituzke estatuaren egitura, herritartasuna, hizkuntza estatusa, sistema juridikoa... Amnistia bat ere ezarriko luke, erreferenduma egiteko prozesuarengatik Espainiak zigortu eta auzipetu dituen guztientzat—horien artean dago Artur Mas presidente ohia—.

Legearen arabera, independentzia deklaratu ondoren mugen kontrola Kataluniak bere gain hartuko luke berehala, eta Espainiako armadari eskumen oro kenduko lioke Katalunian jarraitzeko. Generalitateko presidentea bihurtuko litzateke estatuburu, eta Kataluniako Auzitegi Nagusia, berriz, auzitegi goren. Kataluniako udalerrietan 2016ko abenduaren 31tik erroldatuta daudenek automatikoki hartuko lukete herritartasuna, baita independentziaren ondoren jaiotakoek ere. Herritartasun bikoitza legezkoa izanen litzateke, baina bertze estatuekin egindako akordioen arabera erabaki beharko litzateke. Hizkuntza ofizialak katalana, gaztelania eta okzitaniera izanen lirateke. Prozesu konstituziogilea bururatu arte, oinarri nagusi horiek izanen lituzke Kataluniako estatu independenteak

Legearen aurkeztu eta gutxira egin zuen lehenbiziko adierazpena Espainiako Gobernuak. Bozeramaile batek Espainiako hedabideei erran zien Madrilek «erantzun» eginen diela «konstituzioa urratzeko ahalegin guztiei».

Rajoy eta Sanchez, ados

Mariano Rajoy Espainiako presidentea eta Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia telefonoz mintzatu ziren atzo, eta hitzartu zuten jarrera bateratu bat hartzea «soberanismo katalanaren desafioaren aitzinean», Madrilgo iturrien arabera. Soraya Saenz de Santamaria presidenteordea Ciudadanos alderdiko idazkari nagusiarekin ere mintzatu zen gaiaren inguruan —laugarren alderdia da Espainian, eta Katalunian, berriz, oposizioko indar nagusia—. Kataluniako oposizioko bigarren alderdiak, PSCk, erran du urriaren 1ean ez dela eginen «erreferendum eraginkor bat, loteslea eta bermeekin». Xabier Albiol Kataluniako PPren buruak, berriz, Espainiako Konstituzioko 155. artikulua aplikatzeko eskatu du -autonomia kentzeko aukera ezartzen duena—. Catalunya Si Que Es Pot gaur da iritzia ematekoa; Espainiatik, Podemosek erran du trantsiziorako legea ez dela «bide egokia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.