Katalunia. Puigdemonten atxiloketa

Puigdemont, behin-behinean kartzelara

Schleswig-Holsteingo Gorenak estradizio eskaera aztertzen duen bitartean, Kataluniako presidente ohiak espetxean segituko du. Hango fiskaltzak adierazi du ez duela espero aste honetan erabaki bat hartzea

Neumuensterreko kartzelan dagoPuigdemont. Alemanian ikusminapiztu zuen albisteak SRDJAN SUKI / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Joan den azaroan, Kataluniako prozesu subiranistaren harira Espainiako Auzitegi Nazionalak Carles Puigdemonten kontrako euroagindua ezarri zuenean, Bruselako Fiskaltzari iruditu zitzaion ez zegoela, estradizio eskaera aztertu bitartean, Kataluniako presidente ohia behin-behinean espetxeratzeko arrazoirik. Puigdemontek bere kabuz jo zuen deklaratzera, eta kautelazko neurriak jarrita aske utzi zuen epaile batek. Ikerketapean zegoen artean. Orain, aldiz, auzipetuta dago, eta herenegun Alemaniako Poliziak atxilotu ondoren galdekatu zuen, atzo, Neumuensterreko lehen instrukzioko epaile batek, Schleswig-Holstein landerrean, Alemania iparraldean. Hiru ordu iraun zuen saioak. Hurrengo pausoa da Schleswig-Holsteingo Auzitegi Gorenean deklaratzea. Ez dute zehaztu noiz izango den, baina hango epaileak erabaki beharko du espetxean mantentzen duen ala ez.

Espainiako Fiskaltza Nagusiak Puigdemonten aurkako akusazioaren dokumentazio guztia helarazi zion, atzo, Schleswig-Holsteingo Fiskaltzari, eta hark erabakiko du estradizio eskaera onartzen duen ala ez. Hango bozeramaile batek adierazitakoaren arabera, ez da «probablea» aste honetan bertan auziari buruzko erabaki bat hartzea.

Jaume Alonso Cuevillas Puigdemonten abokatuak esan zuenez, bere bezeroak galdeketan argudiatu zuen Espainian ez lukeela «epaiketa justurik» edukiko. Jende askok jo zuen Neumuensterreko auzitegira, presidente ohiari babesa eskaintzeko asmoarekin, eta tartean zeuden Merce Conesa eta Marc Castells PDeCATeko buruzagiak eta Quim Torra JxC Junts Per Catalunyako diputatua.

Estradiziorako baldintzak

Estradizioa gauzatzeko ezinbesteko baldintza da herri eskatzaileak —Espainiak— akusatuari leporatzen dizkion delituak herrialde hartzailearen —Alemaniaren— Zigor Kodean jasotzea. Joan den ostiralean Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak kaleratutako auzipetze autoaren arabera, prozesu subiranistarekin lotuta matxinada eta diru publikoaren erabilera okerra egozten dizkio Generalitateko presidente ohiari. Espainiako Fiskaltzaren esanetan, Zigor Kodeak matxinadaz dioenak bat egiten du Alemaniako Zigor Kodeak dioenarekin. Alemaniakoak ez du matxinada delitua bere horretan jasotzen, baina, bai, ordea, haren baliokidetzat interpretatu daitekeena: goi traizioa. Zigor Kodearen 81. puntuak dioenez, gutxienez hamar urteko kartzela zigorra eta gehienez bizi osorako kartzelaldia —25 urte— nozituko du delitu horren egileak. Artikulua aintzat hartuta, zigor hori ezarriko diote «Alemaniako Errepublika Federalaren izate etengabea zulatzen» edo «ordena konstituzionala» aldatzen duenari. Zigor horiek ezarri ahal izateko, dena dela, beharrezkoa da indarkeriaren erabilera edo «erabiltzeko mehatxua» frogatzea.

Auzi honetan guztian kontuan hartu beharreko beste aldagai bat da Alemaniaren eta Espainiaren arteko harreman diplomatikoak onak direla, Angela Merkel kantzilerrak inoiz ez dituela zalantzan jarri Espainiako Estatuak prozesu subiranistaren kontra hartutako neurriak. Atzo, gainera, posizio hori indartu zuen Alemaniako Gobernuak.

Schleswigeko fiskaltzari ez dagokio Puigdemontek deliturik egiten ote duen deliberatzea, auziaren epaiketa Espainian egingo baitute. Haren egitekoa da bere Zigor Kodean antzeko deliturik ba ote dagoen ebaztea. Baiezkoan baldin badago, Schleswigeko Auzitegi Gorenak prozedura abiatuko du, eta bai Puigdemonten etabai fiskaltzaren argudioak hartuko ditu kontuan, 60 egunen buruan erabaki bat hartu aurretik; halere, epe hori 90 egunera luzatu daiteke.

Presidente ohia, artean, Schleswigeko lehen instantziako auzitegian deklaratzeke zegoen, baina Jaume Alonso Cuevillas haren abokatuak adierazi zuen aurreikusten duela bere bezeroak bitik hiru hilabetera igaro beharko zituela Alemanian; hau da, Alemaniak estradizio eskaera onartuko zuela susmatzen zuela. Alonso Cuevillasek adierazi zuen, gainera, asilo politikoa eskatzea baztertzen dutela, oraingoz.

Aldeak Belgikarekin

Belgikako Fiskaltzak ere onartu zuen Espainiako Estatuak Puigdemont estraditatzeko egindako eskaera. Puigdemont hara erbesteratu zen aurreko gobernuko lau kontseilarirekin batera, eta haien kontrako euroaginduak aplikatu zituen Auzitegi Nazionalak, azaroaren 3an. Bi egun geroago, Bruselako komisaria batean deklaratu zuten, eta instrukzio epaileak aske utzi zituen, kautelazko neurriak jarrita. Bruselako Kontseiluaren Ganberan zen deklaratzekoa azaroaren 17an, baina hango lehen auzialdiko epaileak abenduaren 4ra atzeratu zuen galdeketa, abokatuek defentsa prestatzeko denbora gehiago behar zutela argudiatu ondoren. Abenduaren 4an, hain zuzen, Puigdemonten-eta aurkako ikerketa bere gain hartu zuenean, euroaginduak baliogabetu zituen Gorenak. Izan ere, Belgikako Zigor Kodeak ez du jasotzen matxinada delitua, ez du baliokiderik, eta gerta zitekeen Belgikako epaileak estradizioa onartzea, baina soilik diru publikoaren erabilera okerraren delitua onartuta. Eta ez zen hori Espainiako Estatuak nahi zuena.

Joan den urtarrilaren 22an, prozesu subiranista nazioartekotzeko ahaleginean Puigdemont Danimarkara joan zenean hitzaldi batean parte hartzera —Suitzan eta Finlandian ere egon izan da—, euroagindua berriro ezartzeko eskatu zion Espainiako Fiskaltza Nagusiak Gorenari, baina Llarenak eskaerari uko egin zion, esanez «probokatzea» zela presidente ohiak nahi zuena.

Hain zuzen ere, Danimarkatik iritsi zen Puigdemont Alemaniara, joan den ostiral gauean Finlandiatik atera ondoren. Ez dago argi zein bide jarraitu zuen haraino. Alemaniako Poliziak CNI Espainiako Inteligentzia Zentroarekin egindako operazio batean atxilotu zuten herenegun eguerdian Alemanian, Danimarkako mugatik 30 kilometrora, eta El Periódico de Catalunya-k kaleratutakoaren arabera, Puigdemonten autoari geobilatzaile bat jarri zioten CNIkoek, eta une oro jakin ahal izan zuten non zegoen. Inork azaldu ez duena da zergatik ez zuten Finlandian bertan edo Danimarkan atxilotu. Ernst Walter Alemaniako Polizia Sindikatuko presidentea harrituta agertu da horregatik beragatik.

Alonso Cuevillasen esanetan, Bruselara itzultzea eta han Belgikako Justiziari laguntzea zuen asmo 2016ko urtarril eta iazko urri artean Generalitateko presidente izandakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.