Albistea entzun

Katalunia. Puigdemonten atxiloketa

Puigdemont, behin-behinean kartzelara

Schleswig-Holsteingo Gorenak estradizio eskaera aztertzen duen bitartean, Kataluniako presidente ohiak espetxean segituko du. Hango fiskaltzak adierazi du ez duela espero aste honetan erabaki bat hartzea
Neumuensterreko kartzelan dagoPuigdemont. Alemanian ikusminapiztu zuen albisteak
Neumuensterreko kartzelan dagoPuigdemont. Alemanian ikusminapiztu zuen albisteak SRDJAN SUKI / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2018ko martxoak 27

Joan den azaroan, Kataluniako prozesu subiranistaren harira Espainiako Auzitegi Nazionalak Carles Puigdemonten kontrako euroagindua ezarri zuenean, Bruselako Fiskaltzari iruditu zitzaion ez zegoela, estradizio eskaera aztertu bitartean, Kataluniako presidente ohia behin-behinean espetxeratzeko arrazoirik. Puigdemontek bere kabuz jo zuen deklaratzera, eta kautelazko neurriak jarrita aske utzi zuen epaile batek. Ikerketapean zegoen artean. Orain, aldiz, auzipetuta dago, eta herenegun Alemaniako Poliziak atxilotu ondoren galdekatu zuen, atzo, Neumuensterreko lehen instrukzioko epaile batek, Schleswig-Holstein landerrean, Alemania iparraldean. Hiru ordu iraun zuen saioak. Hurrengo pausoa da Schleswig-Holsteingo Auzitegi Gorenean deklaratzea. Ez dute zehaztu noiz izango den, baina hango epaileak erabaki beharko du espetxean mantentzen duen ala ez.

Espainiako Fiskaltza Nagusiak Puigdemonten aurkako akusazioaren dokumentazio guztia helarazi zion, atzo, Schleswig-Holsteingo Fiskaltzari, eta hark erabakiko du estradizio eskaera onartzen duen ala ez. Hango bozeramaile batek adierazitakoaren arabera, ez da «probablea» aste honetan bertan auziari buruzko erabaki bat hartzea.

Jaume Alonso Cuevillas Puigdemonten abokatuak esan zuenez, bere bezeroak galdeketan argudiatu zuen Espainian ez lukeela «epaiketa justurik» edukiko. Jende askok jo zuen Neumuensterreko auzitegira, presidente ohiari babesa eskaintzeko asmoarekin, eta tartean zeuden Merce Conesa eta Marc Castells PDeCATeko buruzagiak eta Quim Torra JxC Junts Per Catalunyako diputatua.

Estradiziorako baldintzak

Estradizioa gauzatzeko ezinbesteko baldintza da herri eskatzaileak —Espainiak— akusatuari leporatzen dizkion delituak herrialde hartzailearen —Alemaniaren— Zigor Kodean jasotzea. Joan den ostiralean Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak kaleratutako auzipetze autoaren arabera, prozesu subiranistarekin lotuta matxinada eta diru publikoaren erabilera okerra egozten dizkio Generalitateko presidente ohiari. Espainiako Fiskaltzaren esanetan, Zigor Kodeak matxinadaz dioenak bat egiten du Alemaniako Zigor Kodeak dioenarekin. Alemaniakoak ez du matxinada delitua bere horretan jasotzen, baina, bai, ordea, haren baliokidetzat interpretatu daitekeena: goi traizioa. Zigor Kodearen 81. puntuak dioenez, gutxienez hamar urteko kartzela zigorra eta gehienez bizi osorako kartzelaldia —25 urte— nozituko du delitu horren egileak. Artikulua aintzat hartuta, zigor hori ezarriko diote «Alemaniako Errepublika Federalaren izate etengabea zulatzen» edo «ordena konstituzionala» aldatzen duenari. Zigor horiek ezarri ahal izateko, dena dela, beharrezkoa da indarkeriaren erabilera edo «erabiltzeko mehatxua» frogatzea.

Auzi honetan guztian kontuan hartu beharreko beste aldagai bat da Alemaniaren eta Espainiaren arteko harreman diplomatikoak onak direla, Angela Merkel kantzilerrak inoiz ez dituela zalantzan jarri Espainiako Estatuak prozesu subiranistaren kontra hartutako neurriak. Atzo, gainera, posizio hori indartu zuen Alemaniako Gobernuak.

Schleswigeko fiskaltzari ez dagokio Puigdemontek deliturik egiten ote duen deliberatzea, auziaren epaiketa Espainian egingo baitute. Haren egitekoa da bere Zigor Kodean antzeko deliturik ba ote dagoen ebaztea. Baiezkoan baldin badago, Schleswigeko Auzitegi Gorenak prozedura abiatuko du, eta bai Puigdemonten eta bai fiskaltzaren argudioak hartuko ditu kontuan, 60 egunen buruan erabaki bat hartu aurretik; halere, epe hori 90 egunera luzatu daiteke.

Presidente ohia, artean, Schleswigeko lehen instantziako auzitegian deklaratzeke zegoen, baina Jaume Alonso Cuevillas haren abokatuak adierazi zuen aurreikusten duela bere bezeroak bitik hiru hilabetera igaro beharko zituela Alemanian; hau da, Alemaniak estradizio eskaera onartuko zuela susmatzen zuela. Alonso Cuevillasek adierazi zuen, gainera, asilo politikoa eskatzea baztertzen dutela, oraingoz.

Aldeak Belgikarekin

Belgikako Fiskaltzak ere onartu zuen Espainiako Estatuak Puigdemont estraditatzeko egindako eskaera. Puigdemont hara erbesteratu zen aurreko gobernuko lau kontseilarirekin batera, eta haien kontrako euroaginduak aplikatu zituen Auzitegi Nazionalak, azaroaren 3an. Bi egun geroago, Bruselako komisaria batean deklaratu zuten, eta instrukzio epaileak aske utzi zituen, kautelazko neurriak jarrita. Bruselako Kontseiluaren Ganberan zen deklaratzekoa azaroaren 17an, baina hango lehen auzialdiko epaileak abenduaren 4ra atzeratu zuen galdeketa, abokatuek defentsa prestatzeko denbora gehiago behar zutela argudiatu ondoren. Abenduaren 4an, hain zuzen, Puigdemonten-eta aurkako ikerketa bere gain hartu zuenean, euroaginduak baliogabetu zituen Gorenak. Izan ere, Belgikako Zigor Kodeak ez du jasotzen matxinada delitua, ez du baliokiderik, eta gerta zitekeen Belgikako epaileak estradizioa onartzea, baina soilik diru publikoaren erabilera okerraren delitua onartuta. Eta ez zen hori Espainiako Estatuak nahi zuena.

Joan den urtarrilaren 22an, prozesu subiranista nazioartekotzeko ahaleginean Puigdemont Danimarkara joan zenean hitzaldi batean parte hartzera —Suitzan eta Finlandian ere egon izan da—, euroagindua berriro ezartzeko eskatu zion Espainiako Fiskaltza Nagusiak Gorenari, baina Llarenak eskaerari uko egin zion, esanez «probokatzea» zela presidente ohiak nahi zuena.

Hain zuzen ere, Danimarkatik iritsi zen Puigdemont Alemaniara, joan den ostiral gauean Finlandiatik atera ondoren. Ez dago argi zein bide jarraitu zuen haraino. Alemaniako Poliziak CNI Espainiako Inteligentzia Zentroarekin egindako operazio batean atxilotu zuten herenegun eguerdian Alemanian, Danimarkako mugatik 30 kilometrora, eta El Periódico de Catalunya-k kaleratutakoaren arabera, Puigdemonten autoari geobilatzaile bat jarri zioten CNIkoek, eta une oro jakin ahal izan zuten non zegoen. Inork azaldu ez duena da zergatik ez zuten Finlandian bertan edo Danimarkan atxilotu. Ernst Walter Alemaniako Polizia Sindikatuko presidentea harrituta agertu da horregatik beragatik.

Alonso Cuevillasen esanetan, Bruselara itzultzea eta han Belgikako Justiziari laguntzea zuen asmo 2016ko urtarril eta iazko urri artean Generalitateko presidente izandakoak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ezkerreko alderdiek iazko apirilean egin zuten bilera bat hautagaitzak bateratzeari buruz. Marketin kontua izan zen gehiago, egiazko dinamika bat baino. ©C. P. T. / EFE

Primario popularra, nahien eta ezintasunen artean

Ander Perez Zala

Gaurtik igandera, 467.000 bat herritarrek Frantziako zazpi presidentegairen artean 'egokiena' aukeratuko dute ezkerrean hautagaitza bateratu bat sustatzeko.
Errusiako armadaren tanke bat atzo, maniobrak egiten, Rostov inguruan ©EFE

AEBen erantzunak ez du Errusia asebete

Igor Susaeta

Moskuren arabera, Washingtonek eta NATOk segurtasun eskaerei egindako proposamenak ez du «baikortasunerako motibo askorik» ematen. Halere, «elkarrizketarako perspektibak» badaude.

Mendebaldeko Sahararen askatasunaren aldeko manifestazio bat Madrilen, iazko azaroan. / ©Giannis Triantafyllidis, EFE

Marokok gizon bat hil eta adingabe bat zauritu ditu bonbardaketa batean

Arantxa Elizegi Egilegor

 Rabatek bigarren egunez bonbardatu ditu gune zibilak. Droneak baliatu ditu Mendebaldeko Saharan egindako erasorako.

 ©Mike Caceres / Efe

Gutxienez zortzi lagun hil dira FARCeko talde disidenteen eta ELN gerrillaren arteko borroketan

Mikel O. Iribar

Bien arteko liskarrak gogortu egin dira Venezuelaren eta Kolonbiaren arteko mugetan. Urtea hasi zenetik 40 hildako, eta ehunka desplazatu eta desagertu utzi ditu gatazkak, gizarte zibilaren arabera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.