Pello Otxandiano eta Miren Zabaleta. Sorturen birfundazio prozesuko zuzendaritzakideak

«Prozesu independentista bat artikulatzen lagundu nahi dugu»

Sorturen «birfundazio» prozesua gidatzeko zuzendaritzan daude Otxandiano eta Zabaleta, gaur zortzitik. Independentismoa indartu ez ezik, ezker abertzalearen kultura politikoa berritu nahi dute.
IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Enekoitz Esnaola -

2016ko uztailak 9
Sorturen «birfundazio» prozesua dela-eta «ilusioz» daude Miren Zabaleta (Iruñea, 1981) eta Pello Otxandiano (Otxandio, 1983) zuzendaritzakide berriak, baina BERRIArekin egindako elkarrizketan —joan den asteartean, Altsasun— Zabaletak bazuen beste ilusio bat ere: hurrengo egunean hasiko ziren Iruñeko sanferminak, eta Bateragune auziagatik 2009tik bere hiriko festak bizi gabe zegoen.

Arkaitz Rodriguezek eta Maite Sabalzak irakurri zuten adierazpenetik aparte, zer ondorio atera duzue Sorturen larunbateko nazio batzarretik?

MIREN ZABALETA. Itxaropentsu atera nintzen ni. Sorturen birfundazioaren lehen harria ipini genuen, herri honetan independentismoa berriro martxan jartzeko.

PELLO OTXANDIANO. Grina eta gogoa sumatu nituen, hasieratik. Bagara nor, eta gaitasuna dugu. Gainera, ikusi da birfundazio prozesurako proposamenarekin adostasun zabala dagoela.

Hauteskunde ziklo batean ari da ezker abertzalea eztabaida eta gogoeta egiten (Abian, Sortu)...

OTXANDIANO. Ez genekien Espainiako hauteskundeak berriro egingo ziren, eta ez genekien EAEkoak aurreratuko ziren. Gainera, hemen beti gaude hauteskundeetan... Birfundaziorako prozesuak horren gainetik egon behar du. Arnasa luzeko dinamika bat da.

ZABALETA. Ezker abertzaleak irismen estrategikoko hausnarketa bat egin berri du —Abian—, eta erabaki du prozesu independentista bati ekiteko bere burua berritu behar duela. Hauteskunde jokalekuetatik harago doan zerbait da, baina hauteskundeek ere balio dezakete prozesu hau hauspotzeko.

Sortuk 2013ko otsailean egin zuen eratze batzarra, eta hiru urte pasata «birfundatu» egin nahi du. Larunbatean Sortuk zioen ez duela asmatu krisi ekonomikoaren ondorioei eta euskal gatazkaren blokeoari erantzuten. Baina biak baziren 2013rako.

ZABALETA. Zutik Euskal Herria-rekin [2010] aro berria zabaldu zen, sustraitu egin da, eta hori ezinezkoa zatekeen Sortuk ekarpena egin ez balu. Baina egia da gabezia nabarmenak izan dituela Sorturen ibilbideak. Ordura arte erresistentzia izan zen ezker abertzalearen zigilu enblematikoa, eta ez du jakin izan handik eraikuntzara pasatzen eta horren araberako kultura politiko bat izaten.

OTXANDIANO. Inertzia handia egon da. Urteotako akats eta gabezia asko haren ondorio izan dira. Bigarren iraultza hori egin behar dugu, gu geu eraberritzeko.

Zer da kultura politiko berria?

OTXANDIANO. Eskema abangoardista alde batera utzi behar da. Guk bagenuen eskema bat: lehenik, gatazkaren ondorioen konponbidea; bigarrenik, subjektua osatzeko eta esparru demokratikoa eskuratzeko fasea; eta, gero, prozesu independentista bat. Edozein zela errealitatea, eskema harekin segitzen zuen ezker abertzaleak, bere dinamika politikoarekin ustez errealitate sortzailea zelakoan. Kultura politiko berri honekin, jakin behar dugu zein diren gizartearen interesak, nahiak, ikuspuntuak eta sentipenak, eta jakin behar dugu horren araberako dinamika eta estrategia bat izaten. Horretarako izan behar dira jendeari entzuteko gaitasuna, jasotakoa biltzeko gaitasuna, enpatia.

ZABALETA. Ezberdinen arteko ariketa egitea eskatzen du horrek.

Aritzeko modu berriak jende edo belaunaldi berria eskatzen al du?

OTXANDIANO. Belaunaldi berria sartu behar da zuzendaritzetan. Baina ez da bereizketarik egin behar gazteen eta besteen artean.

Birfundazioa gidatzeko taldean 40 urtetik beherakoak zarete hamabost lagunetik 11.

OTXANDIANO. Nire ustez, ezaugarri nagusia da 2013tik zuzendaritzan egondako inor ez dagoela. Urte bukaerako kongresuaren ostean Sortuko zuzendaritzan belaunaldi ezberdinak egon behar direla uste dut. Ezker abertzalean jakituria eta esperientzia bat metatuta dago, eta ezin da belaunaldien arteko haustura bat eman; josi egin behar dira haiek. Gainera, badago jende nagusia gaztea dena pentsaeraz, eta alderantziz ere bai.

ZABALETA. Ezker abertzalearen proiektuan sinisten duten guztien indarrak batu nahi ditugu Sortu berrian. Gaur egun atomizazio eta desaktibazio bat dago.

Adin kontu hau ez da zuzendaritzakoa bakarrik. Nazio batzarreko 850 kideen batez besteko adina 40 urtekoa izan zen. Azken hamar-hamabost urtean ezker abertzaleko gazte askok ere arazoak izan ditu politika egiteko, legez kanporatzeengatik, errepresioagatik, ihesagatik... Zein da gazteriaren egoera?

OTXANDIANO. Ilegalizazioaren ondorio bat da ezker abertzalean belaunaldi arteko transmisioa eten zela eta haustura bat eman zela. Ezker abertzalean gaur egun ere badago kapital politiko bat, baina belaunaldi berriekin eta gazte sektoreekin konektatzeko zailtasunak dauzkagu. Ernaik ere egin beharko du, beraz, bere prozesua, eta Abianek LABi ere agindu dio egiteko. Gure kongresura begira txostenak prestatzean, besteak beste gizarte honen egiturazko ezaugarriei buruzko azterketa bat egiten ari gara, eta han agertu dira aldaketa kulturalen eta sozialen inguruko kontuak; nabari da gizartean indibidualizazio prozesu bortitz bat gertatu dela, politikarekiko bestelako atxikimenduak eta moldeak daudela, alderdien eta bestelako subjektu sozialen krisi bat... Baina, hala ere, ikusten da gazteen artean jarrera konprometitu bat dagoela; lausoagoa izan ahal da, edo desberdina, baina egon badago, eta hori bildu, osatu eta artikulatu egin nahi dugu. Hori da ezker abertzalearen birfundazioaren erronka bat: nola konektatzen dugun gazteekin, haien ezaugarri propioak aintzat hartuta.

ZABALETA. Zenbait azterketak eta adierazlek diote Euskal Herrian belaunaldi berriak inoiz baino independentistagoak eta eraldaketa sozialaren eta ekonomikoaren aldekoak direla. Moldeak berrituz, ezker abertzaleak, eta bereziki Sortuk, asmatu egin behar dute haien ametsei bide ematen.

Prozesuan «barne demokrazia» izango dela agindu duzue.

OTXANDIANO. Ezaugarri nagusietako bat gardentasuna izango da, eta parte hartzeko aukera berdintasunak bermatuta egon behar du. Adibidez, barne hauteskundeak egongo dira, baina hori ezker abertzalean ez da berria; gertatzen dena da oraingoan araututa eta tasatuta egongo dela.

Proiektu politikora joz, independentzia izango al da Sorturen aldarria hurrengo urteetan? Adibidez, Espainiako azken bi hauteskundeotan EH Bilduren aldarri nagusiak erabakitzeko eskubidea eta arlo soziala izan dira.

ZABALETA. Sekula baino aukera hobeak daude prozesu independentista bati heltzeko. Euskal Herrian badago nahikoa indar harreman termino nazional, sozial, politiko eta herritarretan prozesu subiranista eta independentista baten oinarriak jartzeko eta hura aktibatzeko. Nabarmentzekoa da EH Bilduk hori posible izateko eman dituen pausoak. Baina gaur-gaurkoz independentismoa ez dago aktibatuta.

Zertan oinarritzen zarete esateko independentismoak sekula baino aukera hobea duela?

OTXANDIANO. Azken hauteskundeotan ere ikusi da hemen badagoela aldaketa sozial eta politikorako nahi bat, eta Katalunian ere bai. Hemen ez dagoena da aldaketarako esparru propiorik artikulatuta. Beraz, eskaintza independentistak ez du sendotasunik orain. Alderdietan-eta termino teoriko eta estrategikoetan agian badago eskaintza hori, baina gizarteak ez du nabari, edo oso urruneko ikusten du. Hori da faktore erabakigarria, eta horri eman behar zaio buelta. Ezker abertzaleari, eta Sorturi bereziki, birfundazioaren bidez Abianeko argipen estrategikoaren lurreratze ariketa bat egitea dagokie, aldaketarako esparru propio bat era dadin eskaintza egingarri bat eginez. Baldintzak badaude. Esparru hori prozesu independentista bat eratuz soilik sortuko da. Izan ere, independentismoa da aldaketa erradikal bat emateko aukera bakarra.

Proiektu bat beharko duzue.

OTXANDIANO. Bai, eta gaur egun ez dago. Premiaz egin beharrekoa da.

Egin, zeinek?

OTXANDIANO. Aldaketa nahi dutenek. Sortuk ez du proposamen itxi bat aurkeztuko.

Hori nola artikulatu nahi duzue?

OTXANDIANO. Hori aurkeztea ere ez dagokio Sorturi. Eskema abangoardistatik alde egin behar dugu. Guri proposamenak-eta egitea dagokigu, jendeari entzutea, sinergiak sortzea... Prozesu independentista bat artikulatzen lagundu nahi dugu.

Otegik dio herri honek lehenik atera behar duen ondorioa dela Espainiako Estatua ez dela demokratizatuko.

OTXANDIANO. Nabarmena da estatua demokratizatzeko aukerarik ez dela. Aldebikotasunaren heriotza orria idatzita dago.

ZABALETA. Espainiako azken hauteskundeetan oso garbi agertu da zein den haren argazkia. Inoiz baino gardenago geratu da burujabetza berreskuratzeko alternatiba bakarra hemen prozesu bat egitea dela. Bi aukera daude. Herri hau etsipenera kondenatzea da aukera bat, Espainiaren zain egonik; eta beste aukera itxaropenarena da, eskaintza independentista bat denon artean eraikiz.

OTXANDIANO. Azken urteetan sektore independentistetan oso produkzio eta eztabaida maila altua egon da. Ez gara hutsetik abiatuko. Bide horri ekiteko argitasun estrategiko bat badago, baina martxan jartzea falta da. Mahai batean hizketan hasi behar da.

Abenduan izango da Sorturen kongresua. Aurretik, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izango dira. EH Bilduko bazkideetakoa izanik, zer aliantza sustatuko ditu Sortuk?

OTXANDIANO. Herri honek aldaketarako azterketa partekatuena behar du, ondoren proposamen adostu bat osa dezagun.

Baina horrek denbora bat emango luke, eta EAEko hauteskundeak urrian izango dira.

OTXANDIANO. Baina hauteskunde ondorenean eztabaida termino haietan zentratu behar da. Zein da helburua, burujabetza berreskuratzeko prozesu bat? Hori bada, nola egiten da hori? Zein dira edukiak? Adostu dezagun. Espainiako egoera argitu da, Europan sezesio mugimenduak daude, krisia dela-eta murrizketak datoz berriro... Herri gisa nola egin dezakegu aurrera, beste etorkizun bat izateko? Ikus dezagun non ditugun adostasunak eta mugak.

ZABALETA. EH Bilduren eskaintza independentista berritua hauteskundeekin ere indartu beharko litzateke. EAEko bozak direla-eta eztabaida ez da hainbeste EAJ edo Ahal Dugu, baizik eta nola jartzen dugun martxan prozesu bat hauteskunde haiek ere baliatuz.

Sorturen birfundazio prozesuan irailaren 5ean aurkeztuko duzue txosten ofiziala: politikoa eta antolaketakoa. Zenbateraino daukazue aurreratuta?

OTXANDIANO. Sorturen aurreko Kontseilu Nazionalak 34 lagun izendatu zituen prozesu hau diseinatzeko, eta, txostenari dagokionez, hiru bat hilabete daramatzagu lantzen; sintesi bat egiteko unea heldu zaigu. Ezker abertzaleko jende askorekin egon gara, esparru ugarikoekin.

Zer ardatz jasoko ditu?

OTXANDIANO. Ildo politikoan, Abianek emandako zoru estrategikoaren definizio bat egingo dugu. Datozen sei-zazpi urteko fase baterako geure burua kokatu behar dugu, fase hori ondo definituz, egungo errealitatea eta ezaugarriak kontuan izanda. Hau da, prozesu independentista bat artikulatzen laguntzeko bide orri posible bat zehaztu behar dugu. Antolaketa aldetik, berriz, esandakoa: barne iraultza sustatuko dugu.

ZABALETA. Kongresurako edonork kreditatzeko aukera duenez —ezker abertzalean sortukideetatik harago heldu nahi baitugu—, haiek ere aurkeztu ahal izango dituzte txostenak, baita zuzendaritzarako kideak ere. Gainera, dena ez da bukatuko biltzarrarekin; izan ere, 2017ko irailean konferentzia politiko bat eginen dugu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna