Iruñeko istiluko lau gazteak epaituko dituzte Madrilen etzi

Fiskaltzak zazpina urteko espetxe zigorra eskatu du bakoitzarentzat, «desordena publiko terroristak» leporatuta. Altsasuko kasuan bezala, Lamela epaileak egin du instrukzioa
Auzipetuei babesa agertzeko atzo arratsaldean Errenterian eginiko elkarretaratzea; lehen lerroan, gazteen gurasoak.
Auzipetuei babesa agertzeko atzo arratsaldean Errenterian eginiko elkarretaratzea; lehen lerroan, gazteen gurasoak. JON URBE/ FOKU

Iosu Alberdi -

2018ko maiatzak 19
Errepresioari Autodefentsa dinamikak iazko martxoaren 11n Iruñean eginiko manifestazioan izandako liskarretan parte hartzea leporatutako lau gazteen aurkako epaiketa astelehenean hasiko da, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fiskalak «desordena publiko terroristak»egin izana leporatzen die, eta zazpi urteko espetxe zigorra eskatu du haietako bakoitzarentzat: Asier Petrirena, Ruben Iglesias, Endika Etura eta Julen Pardorentzat. Auzitegi Nazionaleko Bigarren Sekzioak epaituko ditu. Etzi eta asteazkenean dituzte saioak.

Errenteriakoak (Gipuzkoa) dira Petrirena, Iglesias eta Etura. Istiluen egunean atxilotu zituzten, eta ia zortzi hilabete egin zituzten Iruñeko espetxean preso, behin-behinean. Beasaingoa (Gipuzkoa) da Prado, eta urrian inputatu gisa deklaratu ostean auzipetu zuten. Beste zazpi auzipetu ere badaude, adingabeak. Haien aurkako sumarioa Auzitegi Nazionaleko Adingabeen Epaitegiaren esku dago.

Kale istiluak terrorismoarekin lotzeko, Zigor Kodeko 573. artikuluan oinarritu da Carmen Lamela instrukzio epailea. «Bake publikoa larriki aztoratzea» leporatu die lau gazteei. Instrukzio osoan fiskaltzak ere bat egin du interpretazio horrekin. Gainera, ezker abertzalearen ildo ofizialetik kanpo kokatu ditu Errepresioari Autodefentsa dinamika eta auzipetuak. Sektore horrek «kale borroka» babesten duela dio.

Gazteen defentsa abokatuek, aldiz, argudiatu izan dute instrukzio osoan errugabetasun presuntzioa eta askatasunerako eskubidea urratu direla, eta froga bakarrak polizia atestatuak direla. Azaldu izan dute, halaber, auzipetuak ez direla inongo «erakunde terroristako» kide, eta azpimarratu dute egun hartako gertakariek ez luketela tipifikazio hori izan behar. Auzitegien arteko gorabeherak ikusita, kasuak hartu zuen «garrantzi politikoa» ere nabarmendu dute.

Altsasuko itzala

Errepresioari Autodefentsa dinamikak «herri eragileen aurkako eraso errepresiboak» salatzeko deitutako manifestazioaren ostean gertatu ziren istiluak, Iruñeko Alde Zaharrean. Egun berean atxilotu zituzten Errenteriako hirurak eta beste herrikide bat —adingabea—. Aurreneko hirurak espetxeratzeko agindu zuen Iruñeko 4. Instrukzioko Epaitegiko epaileak, «terrorismo» delituak leporatuta.

Kartzelatzeko autoan, epaile horrek azpimarratu zuen manifestazioa baimendu gabe zegoela, eta istiluak eragitea aurretik pentsatua zutela atxilotuek, «konfrontaziorako estrategia organizatu» baten barruan. Istiluetarako materiala eraman zutela ere adierazi zuen. Haren esanetan, manifestariek poliziak oldartzea nahi izan zuten. Horren ondorioz, desordena publikoa, lesioak, sutea eta eraso egitea leporatu zien.

Hasieratik zeresana eman zuen instrukzioak. Izan ere, «terrorismoa» tarteko, Iruñeko Epaitegiak berehala utzi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku ikerketa. Carmen Lamelak hartu zuen; besteak beste, Altsasuko gazteen eta Kataluniako hainbat politikariren aurkako instrukzioak egin ditu epaile horrek. Halere, Nafarroako Probintzia Auzitegiak erabaki horren aurka egin zuen, terrorismo delitu zantzurik ez zegoela argudiatuta, «delitu larriak izan arren» desordena publikoen barruan sartu behar zirelakoan.

Azkenean, ordea, Espainiako Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalari eman zion arrazoia. Zigor Kodeko 573. artikuluan oinarritu zen horretarako. Artikulu horren arabera, besteak beste, ordena konstituzionalaren aurka egin, bake publikoa asaldatu edo gizartean ikara egoera bat sortu behar da delituak terrorismo gisa epaitzeko.

Instrukzio epaileak eta fiskaltzak helduleku gisa erabili duten artikulua 2015eko urrian PPk eta PSOEk eginiko estatu itunaren emaitza da; «terrorismo jihadistari aurre egiteko» egin zuten. Baina, beste hainbaten artean, kasu honetarako eta Altsasuko gazteen aurka erabili da.

Hiru gazte manifestazioaren egunean bertan sartu zituzten preso, eta ia zortzi hilabeteren ostean, azaroaren 7an, behin-behinean askatu zituzten, bermerik gabe, baina astero euren burua epaitegian aurkezteko eta Espainiako Estatuaren mugetatik ez irteteko baldintzarekin. Aurretik, defentsak hiru aldiz eskatu zuen aske uzteko, azken eskarian argudiatuz akusatu guztiak egoera berean egon beharko luketela.

Izan ere, hiru gazteak aske utzi aurretik, urriaren 30ean, beste hamabi lagun deitu zituzten Auzitegi Nazionalera, ikertu gisa deklaratzera. Horietako bat da epailearen aurrean eseriko den laugarrena, eta beste sei adingabe ere auzipetu dituzte. Gainontzekoen aurkako akusazioak erretiratu zituzten, «frogen indar faltagatik».

Instrukzioak bere bideari jarraitu dio, eta Jose Perals Auzitegi Nazionaleko fiskalak —Altsasuko auziko bera— auzipetu bakoitzarentzat eskatu du zazpi urteko espetxe zigorra, hamahiru urteko inhabilitazioa, bost urteko zaintza judiziala eta 45.000 euroko kalte-ordaina.

Elkartasun keinuak

«Terrorismo» tipifikazioak protestak eragin zituen lehen egunetik. Gazteen ingurua mugitzen hasi zen, Etorkizunaren Alde eta Oreretako 4ak Askatu plataformak sortu zituzten, eta mobilizazio jendetsuak egin dira ordutik —azkena, atzo, Errenterian—. Epaiketaren aurka agertu dira Euskal Herriko alderdi politiko eta sindikatu gehienak ere. Iruñeko eta Errenteriako alkateek, Joseba Asironek eta Julen Mendozak, «neurrigabetzat» jo dituzte istiluak terrorismo gisa epaitzea. Eusko Legebiltzarrean ere salatu dute auzia, PPk ez beste talde denek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna