Giza katearen ondorena. Erreakzioak

Jaurlaritzak dio «lekukoa» orain legebiltzarraren esku geratu dela

Giza katearen ostean, Erkorekak aitortu du euskal gizartean badela eskari bat. Espainiako Gobernuak ez du aurreikusten konstituzio erreforman erabakitzeko eskubidea txertatzea

Gure Esku Dago-ren zapiak, igandean, Eusko Legebiltzarraren atarian, giza katean. Han amaitu zen mobilizazioa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
enekoitz esnaola
2018ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Kargua hartu eta berehala esan zuen Meritxell Batet Espainiako Gobernuko Lurralde Politikarako ministroak «premiazkoa, bideragarria eta komenigarria» dela konstituzioa aldatzea, Espainiako Estatuak duen «lurraldetasun krisia» konpontzeko, baina, halaber, berehala esan du ez dutela aurreikusten erabakitzeko eskubidea sartzea balizko erreforman. Aldiz, Josu Erkoreka Jaurlaritzako Autogobernu sailburu eta eledunak azaldu du Eusko Legebiltzarra «ezinbestekoa» izango dela «[erabakitzeko eskubidearen] aldarrikapena bideratu ahal izateko modu instituzionalean eta antolatuan». Haren arabera, «katea legebiltzarrean bukatzea oso adierazgarria izan zen. Esan nahi du lekukoa hari ematen zaiola eta legebiltzarraren eskuetan uzten dela orain, beste aldarrikapen asko eta asko bezala».

Batet eta Erkoreka igandean Gure Esku Dago herri dinamikak antolatutako giza kate erraldoiari buruz mintzatu dira hedabideetan, kazetariek galdetuta. Ministroak adierazi du «errespetatzen» duela ekinbidea, baina ez daukala ezer gehiago esateko. «Alde denetan tentsio politikoa murriztea espero dut. Gobernuak denekin hitz egingo du, lurralde guztien elkarbizitza bermatu ahal izateko».

Erkorekak ETB1en aitortu du giza katean «jende asko» bildu zela, eta «normaltasunez eta jai giroan» egin zela. Jaurlaritzako eledunaren arabera, ikusten da euskal gizartean badagoela «eskari bat» erabakitzeko eskubidearen inguruan. Dena dela, erantsi du bistan dela «horren kontrako jendea ere badagoela».

Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkideak iritzi dio «dinamika azkar batean» direla Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Batzordean, eta adierazi du «estatutu batetik harago» joan behar duela itun politiko berriak. «Madrili komeni edo ez, dagokiguna erabakitzeko eskaera sozial bat dago, eta autogobernuko testu berria hor oinarritu behar da».

Zalantzak eta kritikak

Ahal Dugu-k ez zuen alderdi gisa parte hartu giza katean, baina Andeka Larrea EAEko Ahal Dugu-ko Komunikazio idazkariak azaldu du «zilegi» izan zela ekinbidea. Erabakitzeko eskubidea zer den argitu beharraz mintzatu da, eta bereziki EAJri eskatu dio zer ulertzen duen. «Zubietako erraustegiaren erreferenduma ukatu egin zuen, edo Gasteizko tranbiarena, eta lurralde auzian ere ez dago garbi zer ulertzen duen erabakitzeko eskubideaz, Urkulluk, guk bezala, Argitasun Legea eskatzen duelako». Larreak esan duenez, eskubide hori «independentziarako alde bakarreko bidea bada», Ahal Dugu-k «sekula ez du onartuko».

EAEko PPk Espainiako Gobernuari zuzendu dizkio mezuak. Alfonso Alonso Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidenteak «zuhur» aritzeko galdegin dio PSOEren gobernu berriari, «independentistei promesik egiteke. Izan ere, Katalunian arazo bat dugu, eta Euskadin beste bat izaten hasi gara». Nerea Llanos idazkari nagusiaren iritziz, berriz, «EAJ une honetan Euskadi haustura baten egitasmora eramaten ari da, EH Bilduren eskutik».Herritarren interesen aurretik alderdi interesak lehenestea egotzi dio Llanosek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.