Josu Muguruzaren hilketa. 25. urteurrena

Tentsioa, ikusmina eta harridura

Garai hartan Madrilen diputatu zirenek diote esperantza sortu zuela zenbait sektoretan HBko kideak Espainiako Kongresura joateak, eta hura zapuztu nahi izan zutela Muguruza hilda.
HBko diputatu hautatuak, 1989ko azaroaren 20an, Espainiako Kongresuan akreditazioak hartu ondoren: Josu Muguruza, Iñaki Esnaola, Itziar Aizpurua eta Jon Idigoras.
HBko diputatu hautatuak, 1989ko azaroaren 20an, Espainiako Kongresuan akreditazioak hartu ondoren: Josu Muguruza, Iñaki Esnaola, Itziar Aizpurua eta Jon Idigoras. EFE

Hodei Iruretagoiena -

2014ko azaroak 15
Espainian, PSOEren gobernuaren hirugarren legealdia zen 1989an hasitako hura. Arjelgo negoziazioen ondoren, ETAk apirilean eman zuen amaitutzat su-etena. Ajuria Eneko itunaren urteak ziren, eta EAJ eta PSE-PSOEk osatutako koalizio gobernua zegoen Eusko Jaurlaritzan. Gehiengo osoa galdu zuen Felipe Gonzalezek hauteskundeetan, eta Coalicion Canariako Luis Mardonesen babesari esker izendatu zuten presidente lehen itzulian. EAJ abstenitu egin zen bozketan. PSE-PSNk zortzi diputatu lortu zituen Euskal Herrian, bosna jeltzaleek eta PP-UPNk, lau HBk, eta bina EAk eta Euskadiko Ezkerrak.

HBkoek diputatu aktak hartzeak ikusmina eragin zuela diote garai hartan parlamentari zirenetako batzuek; Madrilen nabarmena zela tentsio giroa, baina harridura eragin zuela Josu Muguruza HBko diputatuaren hilketak.

IÑAKI ANASAGASTI

EAJko diputatua 1986tik 2004ra

«Muguruzaren hilketak hamar urtez atzeratu zuen prozesua»

1989 hartan, Iñaki Anasagastik hiru urte zeramatzan Espainiako Kongresuan; EAJren bozeramailea zen. Legealdi hartako berritasunik handiena HBkoek diputatu kargua hartzea izan zela dio, eta «morbo handia» eragin zuela horrek. «Esaten zen Josu Muguruzak eta gobernuko kideek ETAren indarkeria nola amaitu hitz egingo zutela korridoreetan. Presentzia hura bi aldetatik ikusten zen: HB baztertzeko asmotik, baina baita aukera gisa ere».

Madrilgo Palace hotelean izan zuen atentatuaren berri, Joxe Juan Gonzalez Txabarrirekin —diputatu kargua hartu zuen 1992an, Antton Marketen ordez— afaltzen ari zela. «Hotela aldatzeko edo, behintzat, gela aldatzeko eskatu ziguten. Guztiz astindu gintuen gertaerak». Kongresuko mahaiak gaitzespena egin zuen, baina Muguruzaren izena aipatu gabe. «Horrekin argi erakutsi zuten bi mailatako diputatuak zeudela, nahiz eta Muguruzak ez zuen inoiz ETArekin zerikusirik izan».

Felipe Gonzalezen inbestidura saioan, diskurtsorik luzeena egin zuen Anasagastik. «Bakearen legealdia izan behar du honek, indarkeriaren amaierarena», esan zuen, Ajuria Eneko ituna defendatuz. Ez zen hala izan; besteak beste, Muguruzaren hilketagatik. Anasagasti: «Hilketa hark hamar urtez atzeratu zuen prozesua».

JOSEBA ZUBIA

EAJko diputatua 1982tik 1993ra

«Ez genuen pentsatu ere egiten halakorik gerta zitekeenik»

Hirugarren legealdia zuen hura Joseba Zubiak ere (EAJ). Madrilen «tentsio handiko» garaiak zirela dio: «ETAk hainbat pertsona hil zituen urte hartan, horietako batzuk Madrilen bertan: Carme Tagle Auzitegi Nazionaleko fiskala irailean, armadako teniente koronel bat azaroaren 20a baino bizpahiru egun lehenago...». Baina ez zuten espero HBko diputatuen aurka horrela ekingo ziotenik: «Ez genuen pentsatu ere egiten halakorik gerta zitekeenik».

Alcala hoteletik gertu zebilen Zubia gau hartan. «Orduan Espetxe Zaintzako zuzendari nagusi zen Antoni Asuncionekin nengoen. Haren bizkartzain bat sartu zen ziztu bizian, eta gertatutakoaren berri eman zigun zehaztasun osoz. Afaria han utzi, eta haiek eraman ninduten hotelera».

Gogoan du Zubiak beste hizpiderik ez zela izan Kongresuan hurrengo egunetan, eratze saioan «isiltasun handia» zegoela. «Horren ostean, ez genuen beldurrik izan, agian gaztetasunak ematen duen arduragabekeriagatik, baina urduritasun handia bai».

KORO GARMENDIA

EEko diputatua 1989tik 1993ra

«Madrilen, sentsazioa zen denak balio zuela terrorismoaren aurka»

Iritsi berria zen Madrilera Koro Garmendia (EE), Eusko Legebiltzarretik joanda. Garai gogortzat du 80ko hamarkada: «ETAk ehun hildako eragiten zituen urtean, GALen garai gogorrena pasatu berri zen... Bazirudien hura baretzen hasia zela, eta kolpe gogorra izan zen Muguruzarena». Madrilera iritsita, sentsazioa izan zuen «terrorismoaren kontra denak balio zuela». Polarizazio hori du gogoan: «Ematen zuen gobernuaren azalpenak zalantzan jarrita besteekin lerratzen zinela». Oraindik hor zeuden aurreko hamarkadan ezker abertzalean izandako zatiketaren ondorioak: «Alderdien arteko harremana gogorra zen, baina Euskadiko Ezkerrak, bereziki, harreman txarra zuen HBrekin. Ezinikusiak oso gogorrak ziren».

Heldu berria izanik, ez zuen harreman askorik gainerako alderdietako kideekin, baina, Garmendiaren esanetan, guztiak harrapatu zituen ezustean Muguruzaren-eta aurkako atentatuak. Garai hartan ez zegoen Internetik edo mugikorrik, eta gogoan du gauean «abisu mordoa» izaten zuela. «Hurrengo egunean, [Joaquin] Almunia topatu nuen Kongresuko sarreran, eta harekin hitz egin nuen berriaz».

Gobernuaren jardunean, bi arlo ditu gogoan: politika ekonomikoan murrizteko joera zegoela dio. «Bestalde, gai bakarra zegoen, eta hor euskaldunok ginen protagonista. ETAren ekintzak batetik, eta ekinaldi mordo bat bestetik, giza eskubideak iluntzen zituztenak. Hura zen joera, askatasun publikoak murriztekoa».

JOSEBA AZKARRAGA

EAko diputatua 1986tik 1993ra

«HBk pauso bat eman zuen, eta hura zapuzteko saioa izan zen»

Tentsio giroa du gogoan Joseba Azkarragak (EA), eta «hedabide progresistetan» bazegoela jakin-mina eta esperantza HBren jarreraren inguruan. Eskuinean, ordea, Kongresutik kanpo nahi zituzten ezker abertzalekoak, eta zenbait aldetatik «eskuin muturreko jarrerak» izan zirela dio. «Konfrontazio giro handiagoa eragin zuten, eta hortik eratorri zen Muguruzaren hilketa. HBk edo ezker abertzaleak pauso bat eman zuen Kongresura joanda, eta hura zapuzteko saioa izan zen Muguruzaren hilketa».

HBkoekin «harreman arrunta» zutela dio, baina EAJrekin ona ez —hiru urte lehenago zatitu ziren EAJ eta EA—. PSOEren gobernuari GALen auzia argitzea galdegin zionekoa adibide: «EAJko kideren batek leporatu zidan horregatik ikuskizunaren politika egitea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna