Albistea entzun

Katalunia. Erreferendumaren ondorena

Galdeketaren «agindua» betetzea proposatzea du asmo Junts Pel Sik

Kataluniako Parlamentuan gaur dira bozkatzekoak 155.aren aplikazioari nola erantzun. Osoko bilkura monografikoko lehen egunean, alderdi bakoitzak bere bide orriari eutsi dio
Xavier Garcia Albiol PPkoa eta Benet Salellas CUPekoa atzo parlamentuan, elkar gurutzatu ziren une batean.
Xavier Garcia Albiol PPkoa eta Benet Salellas CUPekoa atzo parlamentuan, elkar gurutzatu ziren une batean. ALBERTO ESTEVEZ / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2017ko urriak 27

Espainiako Gobernuak «bermerik» ematen ez duenez hauteskunde autonomikoak baztertuta, Kataluniako Gobernuak argi dauka zein bide jarraitu prozesu subiranista desblokeatzeko ahaleginean. Eta bide hori orain artekoa da. Beraz, Lluis Corominas Junts Pel Siko diputatuak nabarmendu zuen, atzo, Kataluniako Parlamentuan, herritarrek pasa den urriaren 1eko erreferendumean emandako «agindua» beteko dutela. Beste hitz batzuetan esanda: independentzia aldarrikatzeko asmoz daudela.

Espainiako Gobernuak Katakunian aplikatu nahi duen konstituzioaren 155. artikuluari nola aurre egin eztabaidatzeko osoko bilkura monografikoak lehen eguna izan zuen atzo, eta alderdi bakoitzak bere bide orriari eutsi zion. Horiek haien proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte gaurko 10:30 bitartean, eta onartuak direnak osoko bilkuran bozkatzekoak dira, 12:00etatik aurrera. Ikusmina handia izango da. Izan ere, ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Culturalek herritarrak deitu dituzte parlamentuaren aurrera joan daitezen. Kataluniako alkate guztiak ere gonbidatuta daude.

Dena den, Puigdemont hauteskunde autonomikoak deitzear egon zenez, osoko bilkura ez egitekotan egon ziren. Baina egin zuten, 18:00etan hasita. Puigdemontek ez zuen hitza hartu nahi izan, horretarako aukera edukita ere. Corominas bera izan zen mintzatzen aurrenekoa. Bi minutu pasa eskasekoa izan zen haren agerraldia. Nahikoa. Batetik, gogorarazi zion PPri Kataluniako Gobernua eta Parlamentua herritarrenak direla. «Nazionalismo espainiarraren estatu kolpea da hau; PPrena, PSOErena eta Ciudadanosena». Bestetik, gerta daitekeena aurreratu zuen: «Bihar [gaur] norabide berri bat ezarriko dugu herrialdearentzat».

Anna Gabriel CUPekoak ere denbora gutxi behar izan zuen, eta salatu zuen «Espainiako Estatuak» bere alderdi «ankerrena» erakutsi duela 155.a «mendeku gosez» eta herri bat «humiliatzeko» gogoz aplikatuz. Alderdi antikapitalistakoak ere orain arte esandakoari eutsi zion: «Kataluniako herria besterik ez gara, eta 155.aren erasoaren aurrean herriaren aginduarekin jarraitzea proposatuko dugu».

Denek mantendu zuten orain arte esandakoa. Puigdemonten kontra gogorren mintzatu zena Ines Arrimadas izan zen. Ciutadanseko buruaren ustez, «kafkiarra» da egoera, «izugarri erridikulua». Leporatu zion Kataluniako presidenteari ez duela gogoko aurpegia ematea, eztabaidatzea, eta ez dela, ez Espainiako Kongresura, ezta Senatura ere joan. «Irtenbide bat bilatzeko izan dituzun aukera guztiak banan-banan pasatzen utzi dituzu»; baita, Arrimadasen iritziz, hauteskundeetara deitzekoa ere. Baina horretarako «legalitatera» itzuli beharko luke, Ciutadanseko diputatuaren esanetan. Iruditzen zaio Puigdemontek Kataluniaren autonomia «suntsitu» duela. «Generalitateko gobernu batek inoiz ez dio zuek bezainbesteko minik egin kataluniarrei eta Generalitateari».

Ironiaz hitz egin zuen Miquel Iceta PSCko idazkari nagusiak, eta, esaterako, Puigdemonti proposatu zion senatura «elkarrekin» joatea; oraindik denbora badagoela. «Senatuan egon beharko zenuke Kataluniako instituzioak defendatzen eta elkarrizketa politikoa eskatzen». 155. artikuluaren ezarpenaren ondorioz hitz egiteko deitu zuten atzoko osoko bilkura, baina Icetarentzat aplikazioa eragin duten «kausez» hitz egin beharko litzateke aurrena. Adierazi zion Puigdemonti Kataluniako Gobernuko kideek badakitela zergatik ezarri duten 155.a: onartu zirelako, osoko bilkura «tamalgarri» hartan, Erreferendum Legea eta Trantsizio Legea. «Baina zuek arauak urratu zenituzten modu itsusi batean». Eta ohartarazpen bat bukaeran: «Kataluniar guztiek ordainduko duten hutsegitea inork ez egitea espero dut».

Desagerrarazteko nahia

Espainiako Gobernua, PSOE eta Ciudadanos kritikatu zituen Albano Dante-Fachin Podemekoak: «Zuek bi milioi pertsona desagerrarazi nahi dituzue. Ez da gertatuko, arduragabe batzuk zarete». Auzia konpontzeko erreferendum bat egitea proposatu zuen: «Demokratok, ni neu barne —ezetz bozkatuko nuke—, gehiengoa gara. Zergatik ez egin erreferendum bat? Bozkatu nahi duen jende askok ez du Katalunia independente izatea nahi». Podemeko bozeramailearen ustez, errealitatea ez da aldatuko «borra kolpeengatik» eta «mehatxuengatik».

Eta «epika» beharrean, «konplizitatea» exijitu zituen Lluis Rabell Catalunya Si Que Es Potekoak. Bestela, pentsatzen du «gatazka konponezina» izango dela. Independentzia aldarrikapena ez egiteko eskatu zion Puigdemonti. «Europan ez dute aitortuko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©DANI CODINA

«Ikasleen %100 atzerritarrak direnean, integrazioa ezinezkoa da»

Irati Urdalleta Lete

Katalunian, duela bi urtetik indarrean dago Eskola Segregazioaren Aurkako Ituna. Besaluk uste du orain dela garaia balio al duen ikusteko.
AEBetako Estatu idazkari Antony Blinken eta Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrov, atzo, Genevan. ©MARTIAL TREZZINI / EFE

Errusiak AEBei eskatu die NATO 1997ko mugetara erretiratzeko

Arantxa Elizegi Egilegor

Moskuk ukatu du Ukrainaren aurka jotzeko asmoa izatea. Washingtonek iragarri du datorren astean erantzungo diela Kremlinen galderei, baina urratsak egiteko eskatu dio Putinen gobernuari
 ©NOS DIARIO

«Legez kanporatzen bagaituzte, politikoki erantzungo dugu»

Gorka Berasategi Otamendi

Espainiako justiziak Izca legez kanporatzeko auziarekin segitzea erabaki zuen, Estatuaren Abokatutzaren eta fiskaltzaren iritziaren kontra. Soilik «jarrera demokratiko faltak» azaldu dezake egoera, eledunaren ustez.
Bi emakume eta bi haur, joan den abenduan, Kabulgo ospitale batean. ©MONCHO TORRES / EFE

Norvegia eta «herrialde aliatuak» talibanekin batzartuko dira, Oslon

Igor Susaeta

Norvegiak uste du afganiarrei laguntzeko ezinbestekoa dela nazioartea muturreko islamistekin hizketan hastea. Bihartik asteartera bilduko dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.