Enrique Arriola. Matia Fundazioko ikertzailea

«Aurkikuntzak lagun diezaguke gaixoak aukeratzen saio klinikoetarako»

arantxa iraola
2014ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Geriatriaren alorreko ikerketak egiten dituzte Matia Fundazioan. Han dihardu Enrique Arriola medikuak (Eibar, Gipuzkoa, 1955);fundazioko Memoriaren Unitateko arduraduna da, eta Espainiako Geriatria Elkartean, berriz, dementzien alorreko burua. «Zuhur» hartu du Erresuma Batutik heldu den albistea, baina garrantzirik kendu gabe. «Ikerketa ona izango da: zinez. Nazioartean sendo errotutako aldizkari batean argitaratu dute». Odolarena bezala, alzheimerraren markatzaile biologikoak bilatzeko beste hainbat ikerketa lerro ere badirela adierazi du. Emaitzen zain daude.

Esperantza al dakar berriak?

Bai, bai, nik ez diot garrantzirik kentzen albisteari. Egun, usu gertatzen zaigu pertsona bat ikustea arazo kognitiboekin, baina ezin izaten dugu jakin zer eboluzio izango duen; ez dugulako jakiten, zehazki, Alzheimerren gaitza duen. Izan ere, izaten dira beste zenbait osasun arazo ere kognizio arazo zenbaiten eragile, baina horiek ez dira etengabe larriagotuz joaten, bere horretan gera daitezke. Alzheimerra dagoen kasuetan, berriz, okerrerako joera etenik gabea izaten da. Eta diagnostikoa ahalik eta azkarren egiten laguntzea garrantzitsua da, jakina. Ezin da ahantzi, hala ere, ja hogei urteko atzerapenarekin etorriko dela diagnostiko hori...

Gaitza sintomak ematen hasi baino askoz ere lehenago hasten baita burmuinean garatzen...

Hori da. Kontua da garunak konpentsaziorako ahalmen handia duela; garuneko zati batzuk galduz doaz, baina beste zati batzuekin konpentsatzen dira galdutakoak... Hori ezinezkoa den arte.

Eta gaitza ageriko egin arte. Beraz, urtebete lehenago diagnostikatuta ere, oso berandu da. Oso aurrerapen txikia ez al da?

Nik balioa eman nahi diot egin duten ikerkuntzari. Gutxienez,diagnostiko dudagabe bat edukitzeko bidea ireki dezake; egun,duda %13 litzateke, baina kasuen %87an diagnostiko egiazko bat eman daiteke; batere zalantzarik gabea. Aurkikuntzak lagun diezaguke eritasunaren aurka egiteko saio klinikoetarako eriak aukeratzen. Izan ere, azkenean, beti egin behar dira ikerketak pertsonekin ere, eta helburu terapeutikoak jartzea errazagoa izan daiteke modu horretan.

Etikoki, ez al ditu galdera ugari eragiten? Pertsona bati guztiz eritu aurretik diagnostika diezaiokezue sendabiderik ez duen eritasun bat. Ez al da albiste etsigarria gaixoarentzat?

Arazo etikoak sortzen ditu, bai. Mundu guztiak du jakiteko eskubidea, baina baita ez jakitekoa ere. Bada jakin nahi ez duen jendea...

Eta lehenagotik jakiteak zer mesede ekar diezaieke gaixoei?

Tratamendu doiagoak jarri ahal izango zaizkie. Baina dudak sortuko dira pertsona horien geroaren inguruan. Esaterako, nork kontratatu nahiko du horrelako berri bat jaso duen pertsona bat? Zeren eta, pertsona horiek akaso galera kognitibo bat dute, bai, egia da, baina arina da, eta eguneroko martxarako ondo daude, beste edozein pertsonaren eran.

Eta, psikologikoki eta emozionalki, zein eragin izan dezake?Ez al da kaltegarria eriarentzat?

Ez dakigu zergatik den, baina, orain arteko esperientziaren arabera, era horretako albiste bat ematean, askoz ere gogorragoa izaten da normalean eriaren sendiarentzat: bikotekidearentzat, seme-alabentzat. Zer datorkien pentsatzen dute, eta kolpea oso gogorra izaten da haientzat. Gaixoa, berriz, beste gauza batzuetan pentsatzen hasten da usu, bizitza beste era batera egituratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.