Itzelezko eragina

Rubalcabak politika utzi du, Euskal Herrian arrastoa laga ondoren. Gatazkaren konponbiderako prozesuetan eta Nafarroako auzian protagonista zuzena izan da azken bi hamarkadetan, Espainiako Estatuaren alde eginda beti.

Alfredo Perez Rubalcaba, aurtengo maiatzean, Madrilen. EMILIO NARANJO / EFE.
enekoitz esnaola
2014ko irailaren 11
00:00
Entzun
Jose Luis Uriz PSNko kide ohiak kontatzen du pasadizoa. Duela urte batzuk PSOErentzat Nafarroako ezker abertzalekoekin harremanak egiten zituenean, beti pasatzen zion, era batera edo bestera, informazioa Alfredo Perez Rubalcabari. Kontaktuak egingo zituela ere aurrez abisatu beharra zeukan Urizek. Baina behin ez zien bilera baten berri eman, eta minutu batzuetara Carlos Txibite PSNko idazkari nagusiak (2004-2008) deitu zion, ea zertan zebilen. Hots, Rubalbacaren kuadrillak Uriz ere kontrolatua zuela. «Egiten duzun dena ikusten dut, eta esaten duzun dena entzuten dut», bota zion Rubalcabak 2009an, Barne ministro zela, PPko diputatu bati, entzuketen auzi bat zela medio.

Kontrola edo kontrolatu nahia, hori da, beharbada, Rubalcabaren (Kantabria, Espainia, 1951) ezaugarri nagusietako bat. Besteak beste, euskal gaietan. PSOEk 1996an politika «antiterroristaren» arlorako alderdiko arduradun izendatu zuen; 2000n, Askatasunaren Aldeko eta Terrorismoaren Aurkako Itunaren sustatzaile nagusietakoa izan zen —handik eratorri zen 2002ko Espainiako Alderdien Legea—; 2007an, PSN-Nafarroa Bai gobernua eragoztearen arduradunetakoa izan zen; 2006-2011 artean, Espainiako Barne ministro; eta 2012-2014an, PSOEko idazkari nagusi. 1993-1996 artean, berriz, Presidentetza ministro eta gobernuko bozeramaile aritu zen, eta hark ere orduan ukatu izan zuen gobernuak harremana eduki zuela GALekin.

«Dudarik gabe, ezker abertzaleaz eta ETAz Espainian ondoen informatutako politikaria da», Urizek uste duenez, «baina beste kontu bat da informazio hori nola erabili duen». Bederen, «eragina» eduki du euskal gaietan, Iñaki Anasagasti EAJko diputatu ohi eta senatariak dioenez. «Zergatik hautatu zintuen Zapaterok Barne ministro?», galdetu zioten duela lau urte Rubalcabari. «ETAri buruz nekienagatik».

ETAk 2006ko abenduaren 30ean Madrilgo Barajas aireportuan atentatua egin eta hiru egunera, elkarrizketa prozesua «hautsia eta bukatua» zegoela adierazi zuen ministroak. «Rubalcabak, ordea, hasieratik egin zituen prozesua bukatzeko itzelezko ahaleginak», zioen Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideak orain lau urte. Iritzi berekoa da Pernando Barrena Sortuko bozeramailea: «2006ko bake prozesuak aurrera ez egitearen ardurak bana daitezke, baina Rubalcabak berak ezkutatu zien informazioa etxekoei, eta hark eman zuen denbora gehien berekin batera ari zirenen eraginkortasuna eta sinesgarritasuna hondoratzen».

Ministroak orduko prozesuaz aitortu zuen ez zutela lortu «Batasunak ETAri aurre egitea eta ildo militarraren aldean politikoa lehenestea», eta prozesuak horregatik «huts egin» zuela. Ordea, 2009ko urrian ezker abertzalean estrategia politiko-militarra alboratu eta soilik politikoaren alde egin zuten arduradun nagusietakoak, Rubalcabaren agindupean zen Poliziak atzeman ondotik,espetxeratu egin zituzten: Otegi, Rafa Diez... 2007an ere, bake prozesua amaitu berritan, preso sartu zuten Otegi. Barrenak gogoan du ordukoa: «2007an Genevako elkarrizketak Rubalcabak bere aginduz pikutara bidalitakoan, pertsonalki sustatu zuen ezker abertzaleko berrehun militante atxilotzeko agindua. Horrela iragarri zien nazioarteko bitartekariei, harropuzkeria osoz, eta horrela bete zuen agindua hurrengo hilabeteetan, inpunitate osoz».

«Estratega bat»

«Estratega batena izan da nire ibilbidea», aitortu izan du Rubalcabak. Emilio Olabarria EAJko diputatuaren arabera, «oroz gain, politika zainetan» daukana da. «Azkarra eta kalkulatzailea da, eta beti boterean egon da. Esango nuke Zapatero gobernuburu zen garaian Rubalcabak eta biek betetzen zituztela presidente lanak».

Olabarriak ere esaten du hark «gertutik» segitu izan dituela euskal gaiak, «eta, bere estrategiari segituz, neurriak hartzen joan da. Adibidez, 2010ean Zigor Kodearen erreformaren buru izan zen, arloa Justizia Ministerioarena izan arren. Orduan gogortu zituzten 'terrorismoa' goresteagatik-eta jartzen zituzten zigorrak. 2002an PPk eta PSOEk Alderdien Legea onartu zutenean ere, ezker abertzalea presionatu nahi zuen Rubalcabak, balizko bake prozesu bateko elkarrizketei profil baxua emateko». Anasagastik azaldu du «maniobratan dabilen bat» dela hura; dena dela, dio «konfiantzako harremana» izan dutela biek.

Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak iritzi dio PSOEkoak ez duela lagundu bake prozesurik. «2006koa ETAk hautsi zuen, baina Rubalcabak ez zuen aldeko neurririk hartu aurretik. Esaterako, bazeukan presoen sakabanaketan zerbait egiterik, baina ez zuen ezer egin. Oposiziotik ere modu bertsuan aritu izan da».

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzailea hiru aldiz bildu izan da harekin, eta denetan traza bera hartu dio: «Bere burua estatu gizontzat du». Gogorrago mintzatu da Barrena: «Militante sozialistaren aurretik, estatu gizona da,estatu horren estolderietatik hasi eta Moncloako politika bizantiar eta trikimailuz jositakora iritsiarteko gizona». Euskal gaietan, Espainiako Konstituzioa muga gisa jartzeaz gain, PPri begira egon den estatu gizona. Barne ministro zela PPri gogoratu zion PSOEk «babes osoa» eman ziola JoseMaria Aznarren gobernuari. Zabaletak PSOEren jokabide hori txarretsi egiten du, «hori izan baita haren ezina eta miseria. PPri beto aukera eman dio beti PSOEk. Rubalcabak-eta hori ez dute egin izan konbentzimendu demokratiko bat dutelako, baizik eta estatuaren adoratzaile direlako».

2007, Nafarroa. Garai hori du buruan Aralarrekoak. «Orduan ere tartean zen Rubalcaba. Hark eragotzi zuen UPNren alternatibarako gobernua, ez Blancok. Haren peoia zen Blanco». Aurretik, Rubalcabarekin bildu zen Zabaleta. «Telefonoa jo zidan. Autozjoan nintzen Madrilera, bakarrik; parking batean utzi, eta oinez sartu nintzen Barne Ministeriora. Han zen Rubalcaba. Kafea eta pastak eskaini zizkidan. UPNren kontra nik baino handiagoak esanzituen. Baina, oro har, zuhurtziaz aritu zen orduan ere, galdetzaile, bitxikeria askoren kontalari baina gauza garrantzitsu askoren ezkutatzaile. Iritsi zen benetako ordua 2007an, eta hura izan zen UPNri gobernua eman ziona».

Nafarroarekiko politika ez du sekula aldatu. UPNren bermea izan da. Duela urte eta erdi, kasurako, UPNren biltzarraren aurreko egunetan, Iruñean izan zen, Nafarroako hauteskundeak aurreratzea eta abertzaleekin ituna egitea baztertzen zuela ziurtatzeko. Hitzaldian zeuden Miguel Sanz eta Yolanda Barcina. Aurten bertan ere lagundu dio UPNri, gobernua ustezko ustelkeria kasuengatik larri zenean eta PSNk Barcinaren kontrako zentsura mozioa aurkezteko asmoa agertu zuenean. «Jar dezala Rubalcabak ordena pixka bat Nafarroan», zioen otsailean Alfonso Alonso PPko Kongresuko eledunak. Jarri zuen. «Harentzat Nafarroa estatu auzi bat da», uste du Barkosek. Zabaleta: «Harengatik PSOE sekula ez da gai izan elkarrizketa normalak eta ausartak izateko». «Oso espainola da», Anasagastiren iritzian. «Oso-oso jakobinoa da», erantsi du Olabarriak, «eta harro dago horretaz».

2006ko udazkenean Loiolan (Azpeitia, Gipuzkoa) Batasunak, EAJk eta PSE-EEk dozena bat bilera egin zituztenean, sozialisten ordezkarietako Rodolfo Ares tarteka gelatik ateratzen zen, ustez Rubalcabarekin telefonoz hitz egiteko. Otegik, baina, esan izan du orduko Barne ministroak EAJrekin harremanak izan zituela elkarrizketetako edukiak «mugatzeko».

Euskal gatazkaren konponbideari buruz jarrera gogortzen edo ixten joan den politikari bat da. 2006an adierazi zuen ETAk indarkeria uzteko borondate garbirik azaltzen ez zuen bitartean ez zela prozesurik izango, baina 2011n zioen ETAk armak utzita ereez zela elkarrizketarik izango—«bakera erraz ohitzen da»—.

Aitorpen eske

PSE-EEk haren lana laudatu baino ez du egin. Jesus Egiguren presidenteak joan den uztailean egunkari batean idatzitakoeklaburbiltzen dute Rubalcabariburuz pentsatzen dutena: «Euskadin bakearen miraria egin zuen bat da. Bakearen ministroak egindakoa aitortzeko garaia da».

Barrenak, behintzat, ez dio ezer onik aitortzen: «Politikan denetariko pertsonak ezagutzea egokitu zait, eta, antipoda politikoetan egon arren, guztiek badute alde positibo edo atseginen bat; honek ez. Mila aurpegiko sugegorri likits bat da. Bere agurrean Espainiako eskuinak bota dizkion laudorioei erreparatu besterik ez da eginbehar nolako pertsonaiaz arigaren konturatzeko». EAJ eta PSOEren arteko harremana hobea zenean, Xabier Arzalluz EBBko orduko presidenteak eta Anasagastik Vasquitos y Nesquitas bonboi kaxa bat ematen zioten Rubalcabari bileretara.

Azken neurri gisa joan den astean Kongresuko agiria entregatuta, politika utzi du Rubalcabak, bototan PSOE hondoratzeko bidean jarri ostean. Hilaren 22an, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean Kimikako klaseei ekingo die, 30 urteren ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.