Emakumeen Nazioarteko Eguna. Argentina. Marta Dillon. Ni Una Menos erakundeko sortzaileetako bat

«Irudikatu nahi dut patriarkatuaren amaiera iritsiko dela»

Dillonen hitzetan ospatzekoa da mundua zeharkatzen ari den korronte feminista; uste du bere indarra neoliberalismoaren deslilurarekin lotuta dagoela, eta feminismoa dela mundua iraultzeko bide bakarra.

Cecilia Valdez
Buenos Aires
2017ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Marta Dillonen ekintzaile eta kazetari ibilbidea (Buenos Aires, 1966) bere pentsamenduari estuki lotuta dago, hainbat borroketara emana, Ni Una Menos (Andre Bat Gutxiago Ere Ez) elkartearen erreferenteetako bat izatera heldu bitartean. Alderdi Komunistaren Nuevo Sur egunkarian aritu zen, eta bi urte eta erdira itxi ondoren, aldizkari erotiko bat atera zuen lankideekin. 1995ean, ordea, garai gogorrak etorri zitzaizkion: «GIBduna nintzela esan zidaten, eta sekulako jipoia hartu nuen». Gogoan du, hiesaren inguruan orduan zeuden diskurtsoak heriotzaren inguruan eraikitzen zirela, eta hil ez zirenen ahotsa falta zela; gainera, ezer gutxi zegoela emakumeei buruz. Idazten hasi zen, salatzen, erakusten. «Denak beldur ziren fantasma haren gorputzean jarri nintzen». Las 12 gehigarriko editore egin zutenean, Soy gehigarria egitea proposatu zuen, lesbianei zuzendua, lesbianen ikuspegitik kontatua, beretik, eta kostata, baina lortu zuen aurrera ateratzea: «Gauza bat baitzen Las 12-n lesbianei buruzko iruzkin bat idaztea, eta bestea, emakumeak lesbianak zirela ospatzea. Eta zergatik ez ba ospatu?». 2008an sortu zuen Soy.

2010ean Euskal Herrian izan zen, eta hemen zela bere bizitzako dei garrantzitsuenetako bat jaso zuen. Argentinako Antropologia Forentseko taldeak bere amaren gorpuzkinak aurkitu zituen: Marta Taboada abokatu eta militantea 1977an desagerrarazi zuten. Aparecida liburua idatzi zuen 2015an amaren omenez. Ordurako hasia zen indarkeria matxista ikustarazteko lanean ere, diskurtso mediatiko matxistei aurre egin nahian. Zabor poltsetan emakume gazteak hilda bata bestearen atzetik agertzen hasi zirenean hainbat lagunekin elkartu zen: «Egin dezagun zerbait».

Zuen iritziz, zerk ekarri du Argentinan bi urte hauetan hainbeste handitu izana emakumeen mugimendua?

Eragile asko izan dira tartean. Lehenik, Andre Bat Gutxiago Ere Ez mugimendua sortu zen, eskubideak eskuratzen hamar urte generamatzala. Baina emakumeen kontrako indarkeria ez zen gutxitzen. Ez zen nahikoa izan emakumeen agenda. Batez ere, nabarmentzekoa da beren eskubideen kontzientzia harturik heldu zela subjektibotasun zenbait, eta eskubideak politizatu ere egin zituzten, hainbat neurri zirela tarteko. Baliabide horiei esker, genero auziak politizatu egin ahal izan dira. Andre Bat Gutxiago Ere Ez ezagun egin zen gizartean, eta, horregatik, kalean elkar topo egin zuten emakume askok. Esperientzia hura ezinago eraldatzailea izan zen. Emakume askok orduantxe jakin zuten hierarkizatua zietela ahotsa; modu esponentzialean gehitu ziren salaketak, eta naturaltzat hartzen diren indarkeria moten kontzientzia hartu zen. Halaber, orain bada belaunaldi berri bat auzitan jartzen dituena beste hainbat eztabaida ere.

Urriko grebaren ondoren erabaki zenuten atzokoa antolatzea.

Mauricio Macriren gobernuari aurpegia emateko lehenbiziko lanuzte nazionala egin zuten Argentinako emakumeek. Greba horren aurretik izana zen Emakumeen 31. Topaketa Nazionala—70.000 emakumek parte hartu zuten—, eta Lucia Perezen erailketa basatia eta feminizidio sail gero eta ugariagoak —aurten 57 emakume hil dituzte— gaitzesteko antolatu zuten. Gaurko[atzoko] deialdiaren beste kontu nabarmen bat da tokian tokiko sindikatuak interpelatu dituztela borroka jardunaldira gehi daitezen. Argentinan, Macrik presidentetza hartu eta doitze ekonomikorako lehenbiziko neurriak hartu zituenetik, hainbat sektoretakoak eske ari zaizkie sindikatuei —arrakastarik izan ez badute ere— greba orokorrera dei dezatela.

Nolakoak izan ziren negoziazioak sindikatuekin?

Argentinan, batzar irekien bidez antolatzen ditugu prozesuak, eta horietan dabiltza gobernuari kontra egiten dioten indar politiko ia guztiak, emakumeen mugimenduak eta banakoak. Batzarretan sortu zen eskabidea, langile sindikatuek lanuztera deitzekoa, eta emakumeek ere lanuztea egin dezaten bermatzekoa. Ezinago zailak izan ziren negoziazioak. Sindikatuetako genero idazkariek ez zuten lortu hitzarmenik, hilabetean negoziatzen aritu eta gero. Hiru sindikatuek—CGT eta CTA biak— agiri bat atera zuten, mobilizaziora deitzeko, baina ez lanuztera. Hainbestekoa izan zen emakumeen interpelazioa, non erabaki bat hartu behar izan baitzuten, eta mobilizatu.

Zer-nola interpelatzen dituzue ekonomia formaletik kanpo dauden emakumeak?

Ekonomia formaletik kanpo dauden emakumez josita daude gizarte mugimenduak. Etxekoandreez edota inolako erakundetakoak ez diren emakumeez ari bagara, badago interpelazio bat, jakina; interpelazio gisa ezarria dago Andre Bat Gutxiago Ere Ez. Sareetan, handia da mugimendua; Maitenaren binetak erabili genituen, zaintzaren inguruko kanpaina baterako, eta, emakume guztiak interpelatu genituen.

Nola ikusten duzu, antzeko errebindikazioak dituzten beste talde sozial batzuen aldean?

Zera gertatzen da Argentinako emakumeen mugimenduarekin: gizarte mugimendu guztiak zeharkatzen dituela, eta emakumeen, lesbianen, trabestien eta transen kontrako indarkeriaz dugun pentsamoldeak ere gainerako zapalkuntza modu guztiak zeharkatzen ditu. Intersekziozko gizarte mugimendu bat da hau, feminismoak ezin baitu purua izan. Generoan pentsatzen baduzu, ezin duzu LGTB kanpoan utzi, emakume eredu heterosexuala eraikitzen baituzu. Beharra dago leku batean egoteko, non ez zaituzten behartuko modu jakin batekoa izaten. Irudikatu nahi ditut iraultza batzuk posible direla, eta patriarkatuaren amaieran pentsa dezakegula. Angela Davisek dioen moduan, %99rentzako feminismo bat pentsatzen dugu; eta, tamalez, mugimendutik kanpo dagoen gainerako %1 horretakoek gobernatzen gaituzte oraintxe.

Zure ustez, ba al du etorkizunik? Sortzen al dizu Itxaropenik?

Dena aldatzea da gure asmoa. Aldatzea gure eguneroko bizimodua eta ekonomia aldagaiak. Eskariek gorputza zeharkatzen dute. Leku guztietan dago jendea mundu honekin gogaiturik. Neoliberalismoak eta merkatuak, apaldu beharrean, areagotu egin du ezinegona eta antsietatea. Utopia politikarik ez dagoenez, genero auziek gorputza zeharkatzen digute alderik alde, eta, munduan bizitzeko modu hau hain da zapaltzailea gehienentzat, masibo bihurtu baita. Argentinan gertatzen denaz harago joan nahi dugu. Eta horretarakoirudimen politikoa dugu.

50 herrialdetara zabaldu da zuen ekimena. Zer diozu?

Latinoamerikan oso sendo dago, non pertsonaz pertsona artikulatu baita, eta oso ona da 50 herrialdetako taldeek bat egitea, baina erantzukizunagatik, esan behar dut ez direla 50 herrialde. Txinan bat aipatzearren, pentsatzea herrialde osoa emakumeen lanuztera doala, oso handinahia da. Ospatzekoa da mundua zeharkatzen ari den korronte feminista, eta horrek zuzenean lotura du neoliberalismoak sortzen duen deslilurarekin, eta hor feminismoak sortzen du mistika berri bat, eta hori ari da leku guztietara kutsatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.