Euskararen ofizialtasun «erreala», lurraldea antolatzeko tresnatik at

Lurraldea antolatzeko lerroen behin-behineko txostena onartu dute EAEko erakundeek. Euskararen zeharkakotasuna ahuldu dute; generoarena eta klima aldaketarena, indartu
Orendain herria Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide da.
Orendain herria Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide da. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Jon Rejado -

2018ko otsailak 1
«Euskararen koofizialtasun erreala eta eraginkorra sustatzeko» helburua jasotzen zuten EAEko lurraldea antolatzeko gidalerroek, euskarari zegokion atalean: zerrendan lehena zen. Ordea, helburu hori kendu dute gidalerroen azken bertsioan. Ez da euskararen atalean izan den aldaketa bakarra. Arnasguneak «babesteko» eskatzen zuen zatia ere kendu egin dute helburuak erdiesteko hartu beharreko neurri orokorren artetik.

Lurraldea Antolatzeko Batzordeak atzo onartu zuen euskararen atalean aldaketa horiek dituen txostena. Agiri horretan zehaztuko dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde erabilerak 2040. urtera arte: hirigintza, inguruaren zaintza, lurraren erabilera... Batzorde horretan ordezkatuta daude Eusko Jaurlaritzako lau sail, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak, Espainiako Gobernua, Eudel udal elkartea eta Uraren Euskal Agentzia. Aho batez onartu zuten txostena. Informazio argitara aterako dute aurki, eta, epe horretan jasotako ekarpenekin, gidalerroen behin betiko txostena osatuko dute, bozka dezaten.

Egun indarrean dauden gidalerroak 1997koak dira. Horiek berritzeko prozesuan, Eusko Jaurlaritzak erabaki berritzaile bat hartu zuen: aintzat hartu zituen lurraldeari estu lotuta egon gabe lurraldean nolabaiteko eragina zuten gaiak: euskara, generoa, klima aldaketa, irisgarritasuna, osasuna eta lurralde barruko harremanak. Euskarari zegokion atalean, Jaurlaritzak arnasguneak jaso zituen, Euskara 21 agiriaren iradokizunak aintzat hartuta. Areago, arnasguneen etorkizunean eragin dezaketen faktoreak ere xehatu zituen: enplegua eta kalteberatasun sozioekonomikoa, herritarren zahartzea, zerbitzu batzuk baliatzeko zailtasunak... Txostenean egindako azken aldaketan eutsi egin diete arnasguneen erreferentziei, baina eremu horiek babesteari erreferentzia zuzenik egin gabe.

Erabaki horren atzean asmo politikorik ez dagoela azaldu dute Lurralde Plangintza Saileko iturriek; haien arabera, euskara lurralde antolaketarekin lotzeko zailtasunen ondorioa da. Ildo beretik mintzatu da Arantza Leturiondo, Lurralde Plangintzako sailburuordea. «Ez da erraza ikustea euskarak lurralde antolamenduarekin duen inplikazioa; gidalerroetan egon behar du, filosofia gisa, garrantzitsua delako euskararen alde apustu egitea».

Generoa eta klima aldaketa

Atzo onartutako txostenean generoaren eta klima aldaketaren atalak indartu direla nabarmendu du Leturiondok. Generoaren zeharkakotasunaren oinarrietako bat «zaintzaren hiria» dela azaldu du Leturiondok. «Etorkizunean egongo diren zaintza beharrei talde moduan erantzun behar diegu; hots, adinekoen eta haurren zaintza ez dadila izan emakumeei aitortu zaien rol bat». Horretarako, hirien diseinua baliatzea proposatu dute gidalerroetan: hiri ertainen aldeko apustua egitea, zerbitzuak eskaintzeko eremu gisa; eremu publikoen funtzio soziala indartzea; espazio publikoen segurtasuna bermatzea...

Klima aldaketari dagokion atalean, gas isuriak urritzeko neurri eta proposamenez gain, beste ildo bat ere txertatu dute: lurralde antolaketa klima aldaketara egokitzeko moduan jarri dute arreta. «Lurraldea klima aldaketara egokitzeko beharra dago. Heltzen ari da, eta, ahalik eta eragin txikiena izan dezan saiatzen garen bitartean, prestatu egin behar dugu». Horrek eragingo du egun indarrean dauden hainbat planetan: ibaien planean, kostaldekoan...

Datozen hilabeteetan administrazioek aukera izango dute testuari ekarpenak egiteko. «Sektore guztiak hartzen dituen agiri bat denez, estrategia guztiek bat egin behar dute gidalerroen filosofiarekin: etxebizitzarenak, klima aldaketarenak, industriarenak...». Horren ondorioz, lurraldea antolatzeko gidalerroekin onartzerakoan, horretara lotutako beste antolaketa tresna batzuk ere berrikusi beharko dituzte, «filosofiek» bat egin dezaten: sektoreetako planak, eskualdeei dagozkienak...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna