Garro eta Mendizabal euskal presoak Mont-de-Marsanera hurbildu dituzte

Frantziako Gobernuak presoak gerturatzen hasiko zela iragarri zuen urtarrilean. Erabakia txalotu du Eusko Jaurlaritzak, eta Covite biktimen elkarteak adierazi du Parisek ez duela «marra gorririk» gainditu
Zigor Garro, otsailaren 15ean, Ziburuko Zokoa auzoan, senideak eta lagunak agurtzen; baimena jaso zuen, ama hil berria gogoratzeko eginiko omenaldian egoteko.
Zigor Garro, otsailaren 15ean, Ziburuko Zokoa auzoan, senideak eta lagunak agurtzen; baimena jaso zuen, ama hil berria gogoratzeko eginiko omenaldian egoteko. BOB EDME

Jokin Sagarzazu -

2018ko otsailak 28
Euskal presorik ez zegoen Mont-de-Marsango espetxean (Landak, Okzitania); atzotik, han daude Zigor Garro eta Julen Mendizabal. EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, 2017an burututako hausnarketa prozesuaren ondoren, galdegin zuen presoak hurbiltzeko erreferentziazko espetxea izatea Mont-de-Marsangoa, Zaballakoarekin (Araba) batera. Frantziako Gobernuaren erabaki horrekin, Garro eta Mendizabalen gertukoek joan-etorrietan 800 eta 1.400 kilometro gutxiago egin beharko dituzte, hurrenez hurren, bi presoekin egon ahal izateko. Errenteriakoa (Gipuzkoa) da Garro eta Euskal Herritik 620 kilometrotara dagoen Saint Maurreko espetxetan zegoen atzo arte. Mendizabal Arrasatekoa (Gipuzkoa) da, eta Osnykoan zegoen, 920 kilometrora.

2006an atxilotu zuten Garro, eta hamazazpi urteko espetxe zigorra ezarri zioten 2014an, ETAren talde logistikoko buruetako bat izatea leporatuta. Mendizabal 2013an atxilotu zuten, eta zazpi urteko zigorra jarri zioten ETAko kide izatea egotzita. Maiatzean du finkatuta aske geratzeko data. Zigor Garroren anaia Landerrek nabarmendu ditu asteburuero «gainetik kendu» beharko dituzte kilometroak. «Ez dago etxean, baina gertu dago orain».

Urtarrilean, Frantziako Gobernuak jakinarazi zuen euskal presoak gerturatzen hasiko zela. Horri buruz jarduteko osatu den lantaldeko inork ez du baieztatu Garroren eta Mendizabalen gerturatzea iragarpen horren segida den ala ez. Etxerat-ek jakinarazi zuen erabakia, atzo goizean, xehetasun gehiago eman gabe.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, berriz, gobernu kontseiluaren ondorengo ohiko agerraldian aipatu zuen gaia, kazetarien galderei erantzunez. Nabarmendu zuen Frantziako Gobernuaren erabakiak frogatzen duela presoen gerturatzea «legearen barruan» egin daitekeela; gaineratu zuen atzokoa «pauso bat» dela aurrera begira, «distentsio neurri positibo bat», eta Jaurlaritzak presoen hurbiltzea«bultzatzen» jarraituko duela. Espainiako Gobernuak norabide horretan urratsak egin ditzakeen galdetuta, adierazi zuen ezin duela halakorik baieztatu, oraingoz ez baitu asmorik agertu.

Covite ETAren indarkeriaren biktimen elkarteko Consuelo Ordoñez eta Ruben Mugica, berriz, Max Brisson senatariarekin eta Vicent Bru diputatuarekin elkartu ziren atzo eguerdian Donostian, elkartearen egoitzan. Frantziako Gobernuarekin presoen hurbilketaz hitz egiten ari den Ipar Euskal Herriko eragileen ordezkaritzako kide dira Brisson (Les Republicains alderdikoa) eta Bru (MoDem-La Republique en Marchekoa). Bileraren ondoren eginiko adierazpenetan, Ordoñez ados azaldu zen Frantziako Gobernuaren erabakiarekin, ez duelako «marra gorririk» gainditu.

Covitekoak gogoratu du otsailaren 1ean bildu zirela Parisen Nicole Belloubet Justizia ministroaren kabineteko zuzendariorde Helene Davorekin, eta azaldu du hark ziurtatu ziela soilik gerturatuko dituztela «legeak jasotzen dituen eskakizunak betetzen dituzten presoak»; zehazki, «odol deliturik ez dutenak, zigorra betetzear daudenak eta [Espainiako] Auzitegi Nazionalean epaiketaren zain ez daudenak». Ordoñezek nabarmendu du Garrok eta Mendizabalek baldintza horiek betetzen dituztela. Atzoko bilerari buruz, berriz, adierazi du «emankorra» izan dela, bi aldeek elkar ezagutu eta «informazioa trukatu» dutela.

Bruk, berriz, Interneteko sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez esan du Covitekoekin bildu dela «Aieteko espirituari» jarraiki, «elkarrizketa eta adiskidetzea bultzatzeko». Hedabide bera erabili du Brissonek, eta bi preso horiek hurbiltzeari buruz Covitek eta Jaurlaritzak eginiko adierazpen baikorrak txalotu ditu. «Bakeak beti pauso txikien bitartez egiten dut aurrera».

Bileren ostean erabakiak

Euskal ordezkaritza eta ministerioko mintzaideak urtarrilaren amaieran ziren berriz elkartzekoak, baina Frantziako Estatuko espetxeetako funtzionarioen greba dela-eta atzeratu zuten bilera. Iazko udatik da euskal ordezkaritza bat Frantziako Gobernuarekin harremanetan: urrian egin zuten bigarren bilera, eta abenduan hirugarrena.

Gehiagoren berri ez dute eman, baina Txetx Etxeberri bakegileak, horietan hitz egindakoari buruz galdetuta, «preso guztien» hurbiltzearen alde lanean jarraituko dutela esan zion BERRIAri urtarrilaren 13an, eta zenbait ñabardura egin zituen. Hala, azaldu zuen gerturatzea «mailaz mailako prozedura bat» izango dela: lehen hurbiltze batzuk izango direla, eta horien ondotik beste batzuk egongo direla, «elkarrizketek segitu arau, kasuan-kasuan presoen eskaerak aztertu arau». Denbora epeei buruz ez zuen zehaztasunik eman, baina laster hastekoak zirela iradoki zuen. «Espero dugu abiadura lastertuko dela, eta urrun joanen dela. Jokoan dago presoek eta haien senideek jasaten duten salbuespen egoeraren bukaera».

57 euskal preso daude Frantziako Estatuaren kartzeletan. Nicole Belloubet Justizia Ministroak urtarrilean baieztatu zuen Paris presoak hurbiltzen hasiko zela. Azaldu zuen hori egingo zutela ohiko legeriaren barruan, eta oraingoz epai irmoak dituztenekin —bost preso daude epaiketaren zain Paristik gertuko kartzeletan; eta zortzi preso izan ezik, beste denak 400 kilometro baino gehiagora daude—.

Gerturatzeei buruz, bi espetxe aipatu zituen: Mont-de-Marsangoa eta Lannemezangoa (Tolosa, Okzitania). Eta horrekin batera, azpimarratu zuen hasi direla euskal presoei DPS (bereziki zainduak diren presoak) estatusa kentzen —zazpirekin egin zuten hori azaroan—, eta horrek bide ematen duela haiek lekualdatzeko.

Garro da, hain justu, DPS zerrendatik atera zituztenetako bat. Horrek ahalbidetu zuen, halaber, Euskal Herrian izatea otsailaren 16an, ama hil berriari Ziburun (Lapurdi) eginiko agurrean egoteko. Handik Saint Maurreko espetxera eraman zuten berriro, eta atzo gerturatu Mont-de-Marsanera, Parisko kartzela batean bost egun egin ostean.

ETAren indarkeriaren biktimen bi elkarterekin —Covite eta AVT— bilerak ere egin dituzte Frantziako agintariek. Hain justu, euskal ordezkaritzarekin egitekoak ziren bilera bat bertan behera utzi ostean izan zen haiekin Justizia ministroaren kabineteko zuzendariordea. Coviteko Ordoñezen arabera, Hark esan zien Frantziak ez duela egungo legeriaz gaindiko ezer adostuko euskal ordezkaritzarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna