Memoria bakarraren gabeziak

Amaitzear daude Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren lanak, Gasteizen. ETAren biktimak erdigunean izango ditu gune berriak, estatuaren eta frankismoaren biktimak albo batera utzita. Udazkenean irekiko ditu ateak.
Javier de Andres, Florencio Dominguez, Jose Ignacio Zoido eta Gorka Urtaran, Jose Antonio Ortega Lararen zuloaren erreplika bisitatzen.
Javier de Andres, Florencio Dominguez, Jose Ignacio Zoido eta Gorka Urtaran, Jose Antonio Ortega Lararen zuloaren erreplika bisitatzen. A. RUIZ DE HIERRO / EFE

Edurne Begiristain -

2018ko apirilak 14
Udazkenean irekiko ditu ateak Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak, Gasteizen. Ia amaituta daude eraikinaren lanak, eta udazkena bitartean erakusketa eta museo proiektuak garatuko dituzte. Espainiako Gobernuak aurkeztu berri duen aurrekontu egitasmoan 1,6 milioi euroko diru saila gordeta dago proiektu horretarako. 1960tik 2011ra «terrorismoak» eragindako biktimen «balio demokratikoak babestea eta zabaltzea» izango da zentroaren helburua, baina ETAk eragindako biktimen memoria gordetzeko gunea izango da, beste ezer baino gehiago.

ETAren biktimak egongo baitira proiektuaren erdigunean, nahiz eta Oroimenezko Zentroaren jatorrizko egitasmoak dioen lekua emango zaiela GAL, GRAPO, BVE, Terra Lliure, Exercito Guerrilheiro do Povo Galego Ceive eta bestelako talde armatuen biktimei ere. Gainerako indarkerien biktimak, berriz, ez ditu aintzat hartuko zentro berriak: frankismoak, estatu indarkeriak edota sakabanaketa politikak eragindakoak kanpoan geratuko dira. Espainiako Gobernuko eta PPko agintari politikoek oroimenezkoaz egindako adierazpenetatik ere at geratu dira biktima horiek. Argi mintzatu zen Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea 2015eko martxoaren 24an Arabako hiriburuan, zentroaren lanen hasiera ekitaldian:«ETAren terrorismoak urteetan egindakoaren egia historikoa kontatuko da eraikin honetan».

Gune «bizia»

Espainiako Gobernuak erabakita, hamalau adituk osatutako batzorde baten esku geratu da zentroa diseinatzeko eta haren edukia erabakitzeko ardura. Besteak beste, batzorde hori osatu dute Florencio Dominguezek —Oroimenezkoaren zuzendaria da egun—, Joseba Arregik, Jose Luis de la Cuestak, Iñaki Ezkerrak, Edurne Uriartek eta Jesus Lozak. Zentroak izan behar dituen ezaugarriak jaso zituzten txosten batean, 2015eko otsailean. Horien artean, proiektua gidatzen duen printzipio nagusia definitu zuten: haien arabera, ETA izan da «Espainiako demokraziaren mehatxu nagusia», eta, hortaz, Gasteizko Oroimenezkoaren helburua izango da«terrorismoaren biktimen memoria» eta «terrorismoaren aztarnak» gordetzea, eta biktima horien «balio demokratikoak» babestea eta zabaltzea. Gidalerro horietan oinarrituta eraiki dute zentroa.

Agirre Lehendakariaren kalean dagoen Espainiako Banku zaharraren egoitza goitik behera eraberritu dute Oroimenezkoa egiteko. Ez da museo soil bat izango, gizarte osorako «gune bizia» baizik, sustatzaileen arabera. Eraikinak hainbat areto izango ditu: dokumentu eta lekukotasunak gordetzeko gunea, erakusketetarako toki bat, liburutegi bat eta eztabaidarako aretoak, besteak beste. Proiektuak ongi zehazten du ETAren biktimak izango direla erakusketa iraunkorraren «ardatz nagusia». Bertan ikusgai egon dira, esaterako, Ortega Lara bahituta egon zen zuloaren erreplika bat, 1999az geroztik ETAri atzemandako armak eta dokumentuak, eta manifestazioen argazkiak.

Parte hartzea, mugatuta

Gabeziekin jaio zen proiektua, eta gorabeheratsua izan da hasieratik haren kudeaketa eta garapena. Baita polemikoa ere. Biktimen Oroimenezkoaren hazia Espainiako Kongresuak 2011n onartu zuen Terrorismoaren Biktimen Legean dago, han jasotzen baita zentro hori sortzeko asmoa. Lege hori onartu zenean, sozialistak zeuden Ajuria Enean, eta biktimen aldeko gune bat elkarlanean sortzea adostu zuten Patxi Lopezen gobernuak eta Madrilgoak. Baina gobernu aldaketa etorri zen gero —EAJ iritsi zen— eta hor hasi ziren desadostasunak. Proiektuari buruzko negoziazioak eten egin ziren, eta bizitu, berriz, polemikak. Batez ere, Eusko Jaurlaritzak Bake Plana aurkeztu zuenean tenkatu ziren negoziazioak, plan horretan jasota zegoelako Memoriaren Institutu bat sortzea —gaur egun Gogora institutua dena—. Espainiako Gobernuak «eraso» moduan hartu zuen hura.

Denborarekin baretu ziren bi gobernuen arteko ika-mikak, eta onera itzuli ziren urak; ez erabat, ordea. Biktimen Oroimenezko Zentroa egiteko erabakia 2014an lortu zuten Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak eta PPren Gasteizko Udalak. Oroimenezkoa Gasteizen egitea hitzartu zuten bi aldeek, Espainiako Bankuak hiriburuan duen eraikin zaharrean.

Espainiako Ogasun Ministerioarena da eraikin hori, eta, beraz, zaharberritzeko lanak Madrilek ordaintzen ditu. Zentroa sortzea, kudeatzea eta finantzatzea Madrilgo gobernuaren esku dago, baina beste instituzio batzuen elkarlana eta lankidetza badu. Eta hor ere sortu dira ika-mikak. Gune berria zuzentzeko patronatua eratu zen duela hiru urte, eta bertan daude, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko eta Gasteizko Udaleko ordezkariak. Haatik, euskal erakundeak kexu agertu dira esanez Madrilek erabateko kontrola duela proiektuaren gainean, eta euren esku hartzea mugatua dela.

Euskal erakundeen parte hartze eskasa ez da arazo bakarra izan. Biktimen zentro berriak alde bakarreko memoria bultzatzeak ataka deserosoan utzi ditu Gasteizko Udala eta Jaurlaritza, eta hainbat biktima elkartek egindako kritikei aurre egin behar izan die. Besteak beste, Martxoak 3 biktimen elkarteak euskal erakundeei eskatu die «planto egiteko» eta Biktimen Oroimenezko Zentroan ez parte hartzeko.

Eskaera horri erantzun dio Gorka Urtaran Gasteizko alkateak esanez zentroaren patronatuari eskatuko diola Martxoaren 3ko biktimak ere kontuan hartzeko, eta proposamen horri uko eginez gero udala saiatu egingo dela biktima horien aldeko espazio propioa sortzen hirian. Oraingoz, ez da halakorik. Horren ordez, udalak hainbat memoriagune paratu ditu hirian frankismoak eraildako biktimen alde, eta Oroimenezkotik metro gutxira, eskultura bat jarri du. Erabakiak, baina, ez ditu gogobete elkarte memorialistak, eta biktima guztien alde engaiatzea galdegin diete euskal erakundeei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Edurne Begiristain

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna