Iruñeko istiluen auzia. Epaia

Bina urteko zigorra ezarri diete Beasaingo eta Errenteriako lau gazteei

Iaz Iruñean izandako istiluetan parte hartzea leporatu diete. Terrorismo delitua baztertu du Auzitegi Nazionaleko 2. atalak, eta polizien txosten «anbiguoak» kritikatu ditu

Auzipetutako hiru gazte, Iruin abokatuarekin, duela bi aste, Madrilen. J. DANAE / FOKU.
jokin sagarzazu
2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor aretoko 2. atalak bina urteko espetxe zigorra ezarri die Asier Petrirena, Ruben Iglesias eta Endika Etura Errenteriako gazteei eta Julen Prado Beasaingoari. Iazko martxoaren 11n Iruñeko Alde Zaharrean egin asmo zuten manifestazio baten harira izandako kale istiluetan parte hartzea leporatu diete, eta desordena publikoen delitua egotzi. Epaimahaiak ez du espetxeratzeko agindurik eman, eta istiluengatik lau gazteei eskatutako kalte-ordainak —35.000 euro— ez dituzte ordainduko. Errenteriako hiru auzipetuek zortzi hilabete egin zituzten behin-behinean preso, Iruñeko kartzelan.

Duela bi aste eginiko epaiketan, fiskalak zazpi urteko zigorra eskatu zuen auzipetu bakoitzarentzat, leporatutako desordena publikoak Zigor Kodearen 573. artikuluaren arabera epaitu eta, beraz, delitu terroristatzat jo behar zirelakoan. Epaimahaiak, ordea, ebatzi du gazteek istilu horietan parte hartu zutela, baina ezin dela frogatu «erakunde terrorista baten pean» jardun zutela.

Fiskaltzak leporatzen zien ezker abertzalearen ildo ofizialaren aurka dauden taldeetako kide izatea, eta «kale borroka» erabiltzea «ETAren helburuak» lortzeko. Epaimahaiak ez du bere egin irizpide hori. Fiskaltzak hori esateko erabiltzen dituen polizien txostenak «zehaztugabeak eta anbiguoak» direla azaldu du, eta azpimarratu du poliziek «ikerketa zehatzik» ez dutela egin auzipetuen aurka esaten dituztenak esateko.

Dena den, istiluetan izan ziren poliziek epaiketan esandakoak ontzat jo ditu, eta frogatutzat eman du istiluetan parte hartu zutela gazteek. Epaiketan, auzipetutako hiruk ukatu egin zuten hori. Laugarrenak, berriz, nabarmendu zuen ez zuela «terrorismo» ekintzarik egin. Epaimahaiak azpimarratu du «indarkeria ekintzak potentzialki arriskutsuak izan zirela, «pertsonen bizitzarako, eta lesio larriak eragiteko arriskuarekin».

Interpretazio horretan urrats bat gehiago egin nahi zuen fiskaltzak, eta gertakari horien helburua terrorista zela salatu zuen. Zigor Kodearen azken erreformak aukera ematen du soilik ekintzen xedea kontuan hartuta terroristatzat jotzeko delitu bat. Baina epaimahaiak ebatzi du desordena publikoen kasua salbuespena dela eta kasu horretan derrigor frogatu behar dela talde bateko kide dela delitua egiten duena. Auzipetuen defentsa lanetan aritu den Iñigo Iruin abokatuak BERRIAri azaldu dionez, garrantzitsua da epaimahai batek salbuespen hori «berretsi» izana.

Epaira iritsi arteko bidea, baina, salatu du abokatuak. «Terrorismoaren lotura egin izan ez balitz, ez litzateke Auzitegi Nazionalera iritsiko. Kasu honek beste behin agerian uzten du auzitegi honetako instrukzio epaileek duten boterea oso handia dela». Izan ere, Iruñeko istiluen auzia Nafarroako hiriburuko 4. Instrukzio Epaitegia hasi zen ikertzen, baina, terrorismo akusazioa tarteko, Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak hartu zuen bere gain. Besteak beste, Altsasuko gazteen eta Kataluniako hainbat politikariren aurkako instrukzioak egin ditu epaile horrek.

Epai «ona»

Oarsoaldeko Hitza-k eginiko elkarrizketa batean, Patxi Petrirena Asier Petrirenarena auzipetuarenaita eta Etorkizunaren Alde plataformako kidea pozik azaldu da gazteei ez dietelako terrorismo deliturik leporatu: «Pasatu ditugunak pasatuta, izan zitezkeen albisteen artean, onenetan bigarrena izan da». Iruinek ere aitortu du zigortuak izango ziren susmoa zutela. «Auzitegi Nazionala da hau». Hori dela eta, akusaziotik terrorismo delitua «kendu» izana «lorpentzat» jo du. Baita zigorra bi urtekoa izatea ere. Abokatuak gogoratu duenez, akusazio hori gabe ere, bat eta sei urte artekoa izan zitekeen espetxe zigorra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.