Espainiako erregeari zilegitasuna ukatu diote alderdi abertzaleek

Erredakzioa
2015eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Urtero legez, Euskal Herriko alderdi abertzaleek ere eman dute iritzia Espainiako erregearen Gabon mezuari buruz, eta azpimarratu dute ez duela zilegitasunik auzi politikoetan parte hartzeko. Aitor Esteban EAJko diputatuak Felipe Borboikoari egotzi dio Espainiako Konstituzioaren «muturreko defentsa» egitea eta kontuan ez hartzea Espainiako Gorteetarako hauteskundeek utzi duten «egoera berria». EH Bilduko Marian Beitialarrangotiak, berriz, nabarmendu du Felipe VI.ak «beste inork baino hobeto» pertsonifikatzen duela «Espainiako Estatuaren izaera ez-demokratikoa eta inposizioaren eta ezezko jarrera». Gabon mezuan, Felipe Borboikoak hizpide izan zituen igandeko hauteskundeak; 1978ko «konstituzioaren espiritua» aintzat hartzeko eskatu zien alderdiei, eta «interes nazionalak» lehenesteko. EAEko PPko Laura Garridok txalotu egin ditu hitzok, eta «akordioren eta batasunaren alde» esandakoak azpimarratu.

Hauteskundeen ondorioak

Bilbon eginiko agerraldi batean, Aitor Esteban EAJko diputatuak esan du «etsigarria» izan dela erregearen mezua. Salatu du Espainiaren batasunarekin tematu dela, mezu «alarmista» eman duela eta ez dituela kontuan hartu igandeko emaitzak. «Ez da ohartzen herritar askok ez dutela bat egiten espainiartasun sentimendu horrekin».

Igandeko bozetan ere diputatu aukeratutako Beitialarrangoitiak, berriz, kazetarien aurrean azpimarratu du euskal herritarrek «argi eta garbi» hitz egin dutela hauteskunde hauetan ere. Diputatu subiranistaren iritzian, esan dute euskal gatazkarako «irtenbide politikoa» nahi dutela eta euren «etorkizun politiko eta soziala» erabaki nahi dutela. Horretarako «aukera bakarra» dagoela adierazi du: «Gure bide propioa egitea, Madrili begiratu gabe; Madrildik inposizioa eta ukazioa baino ez zaigu etorriko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.