AHTaren sarbideak adostu dituzte, aurrekontu eta epeak argitu gabe

Bilbon eta Gasteizen lurpetik sartuko da burdinbidea. Donostiako eskaerak aintzat hartu dituzte, hein handi batean. Gasteizen argitzeke dago egungo trenbidearekiko lotura

Jaurlaritzaren, hiru hiriburuen eta Espainiako Sustapen Ministerioaren ordezkarien arteko bilera, atzo, Madrilen, AHTaren sarbideak adosteko. ANGEL DIAZ / EFE.
Jon Rejado.
2017ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
AHTaren inguruan adostasuna irudikatu dute, berriro ere, Espainiako Gobernuko, Eusko Jaurlaritzako eta hango hiru hiriburuetako ordezkariek. Iazko abenduaren 26an, tren azkarraren hirietarako sarbideak negoziatzen hasteko borondatea irudikatu zuten, Gasteizen. Bi hilabeteren buruan, sarbideen gaineko akordioak irudikatu dituzte, Madrilen. Adostutako proiektuek adierazten dute, hein handian, bi aldeek amore eman behar izan dietela zenbait eskakizuni. Halere, ez dute zehaztu proiektu horiek egiteko eperik, ez aurrekonturik, ezta horren banaketa ere.

Atzo Madrilen izandako bileraren ostean, Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroak uko egin zion gai horiez mintzatzeari. «Ausartegia litzateke epeei buruz hitz egitea; egitasmoei hasiera administratiboa ematen diegu akordioarekin». Edonola ere, De la Sernak jakinarazi zuen Espainiako Gobernuak bere gain hartuko duela finantzaketaren zati bat, lurperatutako egitasmoetan ere; portzentajea ez zuen argitu, ordea. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Azpiegituretako sailburua pozik agertu zen lortutako itunarekin: «Denbora luzea hartuko du sarbideen proiektuak egiteak, baina lortu dugu bateratzea AHTari dagozkion lan guztiak: geltokiak, burdinbidea eta Frantziarekiko lotura».

Hiriburuetako eskakizunak bete dituzte, hein batean, Espainiako Sustapen Ministerioarekin lotutako akordioek. Trenbidea lurpetik helduko da Bilbo eta Gasteizko geltokietara; ordea, lurpetik egingo duen bidea ez da garai batean hiriburuetako ordezkariek egindako aldarrikapenetara helduko. Donostian, bestetik, udalak eta Euskal Trenbide Sareak egindako proposamena aintzat hartu du ministerioak, neurri handi batean.

Hain zuzen ere, Donostiakoa da aurreratuen dagoen egitasmoa. Geltoki berria Atotxako estazioan eraikitzeko proiektua diseinatzen hasiko dira. Esan bezala, udalak eta ETSk egindako proposamen gehienak hartuko ditu: solairu bateko altuera izango du; trenbideak estaliko du, eta, aldi berean, Tabakalera eta autobus geltoki berria lotuko ditu. Eraikinak Tabakalerako lehen pisua estaliko du, baina terraza-plaza zabal bat izango du gainean.

Bilbon, bi solairuko geltokia

Bilbon, berriz, lurpetik helduko da AHTa Abandoko geltokira, Abusu auzotik, 2,1 kilometroko tunel batetik. Geltokia berritzeko akordioa sinatuko dute, lurperatuta hori ere. Bi maila izango ditu: behekora AHTa helduko da, eta zortzi bide izango ditu guztira; goikoak ere zortzi burdinbide izango ditu, eta aldiriko trenak hartuko ditu, baita gaur egun Abandora heltzen diren gainontzekoak ere. Lan horiekin 90.000 metro koadroko azalera irabaziko du Bilbok, Sustapen ministroak berretsi duenez. Akordioa lortuta, bi proiektuen txosten informatiboa lantzen hasiko dira: AHTa egungo burdinbideekin lotzeko, eta geltoki berria egiteko.

Gasteizko proiektuan daude zalantza gehien. Argi dagoen bakarra da burdinbidea lurperatuta egongo dela hiriaren zati batean; Salburuko bulebarretik gertu izango du aho bat, eta Gaztelako Atea kaletik gertu bestea, 2,9 kilometroko zatia. Ordea, bidea lurperatzeko bi aukera daude; zein baliatuko den argitu arte ezin izango dute zehaztu nola diseinatuko duten geltokia.

Horrez gain, orain arte eraikitako AHTaren plataforma egungo burdinbideekin lotzeko egitasmoa argitzeke ere dago. Hiru proiektu dituzte mahai gainean, denak Arkautiko akademiaren ingurutik: bat lurperatuta doa, eta beste biak azaletik. Txosten informatiboak hasiko dituzte, zalantzak argitzen hasi ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.