EHU arau «itogarriek» trabaturik dagoela ohartarazi du Goirizelaiak

Malgutasun eta autonomia handiagoa ezinbesteko jo ditu EHUko errektoreak, kontratazio gaietan batez ere.Unibertsitate plan berrirako negoziazioak atzeratuta daudela azaldu du

Iñaki Goirizelaia errektorea, Iñigo Urkullu lehendakaria, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta Carmelo Garitaonaindia errektoreordea, atzo. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
Leioa
2014ko irailaren 11
00:00
Entzun
Aldaketa handiko ikasturtea hasi dute EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. Zentroak beste era batera antolatzeko plana proposatua du errektoreak; azaroan bozkatuko dute. Epe motzera, hori du lehentasun Iñaki Goirizelaia errektoreak. Anbizio gehiagoko proposamenak ere baditu, nolanahi ere: unibertsitateen arauketa berria eskatu du, autonomia handiagoa, «lege egitura itogarritik» ateratzeko. Batik bat kontratazioak egiteko eskatu du malgutasuna. Unibertsitateak aldaketa fasean sartuak direla nabarmendu du Goirizelaiak, eta arau zurrunek ez diotela aukera hori ematen EHUri.

Ikasturte hasierako ohiko ekitaldia zuten atzo unibertsitate publikoan. Leioan egokitu da aurten, Bizkaiko campusean. Ekitaldi solemnea: unibertsitateko ordezkariak ekitaldi handietarako jantziarekin, EHUko abesbatza...

Protesta giroa nagusitu zen horren guztiaren aurretik atzo: murrizketak, unibertsitateko erreforma, euskal presoek EHUn ezin ikasia... Txistuka eta oihuka hartu zituzten agintariak. Besteak beste, han ziren Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia, Martin Garitano Gipuzkoakoa...

Haiek guztiak unibertsitatean izateak ez zuen aldatu, hala ere, eguneroko martxa. Beste urte batzetan baino egoera lasaiagoa zen unibertsitatean; ertzainik ere ez. Graduko 33.000 ikasle baino gehiago hasi dira eskoletan asteon; %47 ari dira euskarazko adarretan. Estudiante berriak 8.400 pasatxo dira. Ez dute matrikula itxi oraindik, baina, gaur-gaurkoz, eskainitako plazen %98 beteta daude EHUn. Zenbakia «bikaina» dela adierazi du Goirizelaiak.

Baditu kezkatzeko arrazoiak, nolanahi ere. Madrilera begira du begi bat: murrizketak indarrean daude —erretiroa hartzen duten hamar irakasletik bat soilik ordezka liteke—, eta lege aldaketak egiteko asmoa du —ikasketen egitura berria: graduei urtebete kendu nahi die, lautik hirura jaisteko, eta bat erantsi graduondoei, urtebetetik bira igotzeko—. Beste begia Gasteizera begira du Goirizelaiak: unibertsitate plan berria egin behar da urtea bukatzerako.

Urkullu, isilik diruari buruz

Atzeratuta daude negoziazioak. «Kezkatuta nago. Gaur-gaurkoz, ez dakigu Eusko Jaurlaritzak zer aurrekontu planteamendu egingo duen 2015-2018 unibertsitate planari aurre egiteko». Errektoreak ohartarazi du plan hori ezinbestekoa dela unibertsitatearen egonkortasuna bermatzeko. Urte bat baino gehiagoko egitasmoak jasotzen baitira akordio horretan.

Unibertsitatearentzat giltzarri diren proiektu asko daude planaren esku: ia ikerketa jardun osoa, Master eta Doktorego Eskola, euskara plana... «Gauza asko eta garrantzi handikoak daude jokoan», nabarmendu du errektoreak. Konfiantza keinu bat ere egin du Urkulluren eta Uriarteren aurrean, Jaurlaritzaren «lidergoan eta konpromisoan» fedea baduela esanez. Europako beste herrialde batzuei begiratzeko eskatu die.

Lehendakariak ez du hartu, ordea, konpromiso zehatzik planari dagokionez. Adierazi du Jaurlaritza «lagun» izango duela EHUk, hurrengo planaren helburua «bikaintasuna» izango dela, baina ez da kopuruetan sartu. Are, egoera ekonomikoa zaila dela ohartarazi du: «Erronkak eta zailtasunak badira oraindik, eta gogortu egin dira krisi ekonomikoa dela eta». Kontuan izatekoa da orain indarrean den unibertsitate plana, aurreko gobernuarekin sinaturikoa, ez dela bete, Jaurlaritzak ez baitu eman sinatu zuen diru kopurua.

Beste eredu baterantz

Baliabideak beste bide batzuetatik ere lortzearen aldeko da EHUko errektorea; baita bide pribatutik ere. Endowment sistema aipatu du aurtengo ekitaldian ere; oso zabaldua dago AEB Ameriketako Estatu Batuetan. Finean, donazioak biltzen dituzte unibertsitateek, pertsona partikularretatik eta enpresetatik, eta funts bat sortzen dute diru horrekin, errentagarritasuna ematen diena. Unibertsitaterako baliabide da dirua.

Hemen ezin liteke horrelakorik egin orain, legeak oztopo baitira. Donazioak, bai, egin dakizkieke unibertsitateei, baina trabak daude gero horiek kudeatzeko. AEBetako unibertsitateek duten aukera eskatu du Goirizelaiak: «Bitarteko ekonomikoak izateaz gain, autonomiaz erabiltzen dituzte». Shangaiko rankinga aipatu du: hirugarren urtez, 500 onenen artean dago EHU. Legearen «zurruntasuna» gorago joateko oztopoa da, errektorearen iritzian.

Finantzabide pribatuena aipatu bai, baina Goirizelaia bereziki dago kezkatuta kontratazioekin. Kontrataziorik ezarekin. Mozketa giroko mugak daude, batetik: erretiroa hartzen duten irakasleetan, %10 soilik ordezka litezke, Madrilgo gobernuaren dekretu batengatik. Irakasleen ibilbide akademikoa geldiarazita dago. Plaza berririk ez dago. Goirizelaia: «Beharrezkoa da gure irakasle gazteenek etorkizunari anbizioz begiratu ahal izatea, aurrera egiteko benetako aukera izatea».

Irakasleen kudeaketan aldaketa sakonagoa nahi du errektoreak, hala ere: burokrazia txikiagoa, «irakasle onenak» hartzeko aukera izatea, soldata ezberdina izatea lorpenen arabera —ez lanbide mailaren arabera—... Mugimendu falta ikusten du: «Presio immobilista ezarri da gure unibertsitateetan». Kudeaketa samurragoa eskatzeaz gain, gardentasuna behar dela azaldu du Goirizelaiak: «Autonomia eta malgutasuna bai, baina betiere gizartearen aurrean kontuak argi eta garbi emanez».

Egitura zaharkituak

Kudeaketa hobetzeko asmoa du, hain zuzen ere, udazkenean bertan EHUn onartzekoa duten aldaketak. Zentroen egitura berrituko dute: 31 beharrean, hogei fakultate eta eskola izango dira. Fisikoki ez da egoitzarik desagertuko; elkarrekin lan egitea da helburua, zentro handiagoekin «erreferentzialtasuna» irabazteko. Eztabaidan ari dira. Aurkakoak ere badirela jakitun, ikasturte hasierako ekitaldian proposamenaren defentsa egin du errektoreak: «Bikaintasunerako trantsizioa egitea zailtzen du gaur dugun egiturak».

Agintaldiko ardatzetako bat da zentroen antolaketa, eta bereziki kontuz ari da lanean Goirizelaia. Aitortu du «iraganean ainguratutako egiturak» daudela EHUn. Jaurlaritza bidelagun du gai horretan. Urkullu lehendakariak berak, zeharka, babesa azaldu dio errektorearen proposamenari, «anbiziotsua eta eraikitzailea» dela esanez. Benetako babesa azaroan beharko du Goirizelaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.