15 urte distantziak txikitzen

1999ko urriaren erdialdean sortu zen Mirentxin Gidariak; presoen urruntzeak senideei eragiten dizkien zailtasunak arintzeko, espetxeetaraino eramaten dituzte. Bidaia luzeak musu-truk egiten dituzten mila bat gidari eta bederatzi furgoneta ditu taldeak. Gutxiegi, gidarien beraien hitzetan.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko urriaren 11
00:00
Entzun
Euskal presoak bisitatzeko astebururo milaka kilometro egiten dituztenek ondo dakite zer den Mirentxin Gidariak. Maitasuna eragiten die izena entzute hutsak. Irribarre goxoa. Esker ona. Senide edo laguna espetxean izateak eragiten dizkien zailtasunak leuntzen laguntzen die. Urruntasunaren zama arintzen. «Nire kasuan, salbamena da», dio Tere Lopezek, bikotekidea Galizian preso duen amak. Astebururo-astebururo, presoen senide eta lagunak espetxeetaraino eramaten dituzten gidari taldea da Mirentxin. Boluntarioen talde handia; mila bat lagunekoa. Sakabanaketak senideei eragiten dizkien oztopoak praktikoki gainditzen hamabost urte daramaten pertsona anonimoen multzoa.

Sortu zeneko hamabosgarren urtean, isilean egindako milioika kilometro ditu gainean. Elkartasun eta maitasun soilagatik gidatzen egindako ehunka gau eta egun. Senideen irribarrearen truke bere gain hartutako arrisku kontaezinak. Une txarrak eta onak. Senideekin partekatutako tristurak eta pozak. Anekdotak eta barreak. Istripuak. Kontrolak. Isunak. Erasoak. Zenbatu ezin diren zakukada lagun. Besarkadak eta musuak.

Senideen «salbazioa»

Haienganako esker oneko eta miresmen hitzak besterik ez dute senideek. «Salbazioa da!» dio behin eta berriz Tere Lopezek. Senarra Pontevedrako Lama espetxean du, etxetik 750 kilometro ingurura. Eta harainoko bidea ez da erraza; hiriguneetatik urruti, Galiziako mendi batean dago espetxea. Autorik ez du Lopezek; gidabaimenik ere ez. Zortzi urteko semea du preso duen bikotekidearekin.

Hamabostero egiten dute Lamarako bidaia Mirentxinen furgonetan. Ostiral gauetan Gasteiz kanpoaldeko gasolindegira norbaitek eramateko modua aurkitzen du, eta 23:00etan hartzen dute han furgoneta, gainontzeko senideekin. Ezustekorik ezean, larunbat gauean iritsiko dira bueltan; goizago batzuetan, ordu txikietan besteetan.

Bere kasa ere joan behar izan du inoiz Lopezek. «Ez du zerikusirik», dio. Erandiotik Bilbora joan, Bilbon 01:45ean autobusa hartu, eta 14:30ean iristen da Pontevedrara. Taxian egin behar du Lama herriaren gainaldean dagoen espetxerainoko bide bihurria. Gaua han igaro behar du, ostatu hartuta. Beste egun bat behar du bueltako bidaia egiteko. Bisita bat egiteko 300 euro utzi behar ditu, eta, asteburuaz gain, lanegun bat gutxienez galdu.

Mirentxinek, joan-etorria egun bakarrean egitea ahalbidetzen dio. Horrek, senarra hamabostero ikusteko aukera. Eta maiztasunak, familiarteko bihurtu du bidaia luzea. «Semea ere oso pozik joaten da; ez da bakarrik sentitzen eta gainontzeko senideekin oso gustura egoten da. Esker oneko gara». Emozionatu ere egiten da, laguntza nola eskertu asmatu ezinik.

Nekea neke, harro

Furgonetan egindako bidaiak nekezagoak dira gidarientzat. Gau osoa egiten dute gidatzen, sarritan, senideak atzeko eserlekuetan lo dauden bitartean. Baina harro daude egiten dutenarekin. Ondo sentitzen dira, eta, nekea neke, gustura joaten dira. Beraiek bidaia noizean behin soilik egin behar izaten dutela nabarmendu dute.

Bikoteka egiten dituzte bidaia guztiak gidariek, bolantean txandakatzeko. Ezinezkoa litzateke, bestela, horren bidaia luzeak egitea, eta bidaiarien segurtasuna ere kolokan jarriko lukete.

Granadara, esaterako, 860 kilometro daude. Furgoneta 22:30ean abiatzen da Bilbotik, eta ordubete beranduago Gasteiz ondoko gasolindegian jasotzen ditu Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako bisitariak. Gau osoko bidaian pare bat geldialdi egin, eta 06:00ak aldera iristen da Granadara. Senideak espetxean dauden tartea lo egiteko baliatzen dute gidariek, ostatu hartuta. Itzulerako bidaia luzea dute oraindik zain.

Loaldiaren ondoren senideekin batu, eta errepide luzeetan murgiltzen dira berriz. Bisita guztiak goizez izatea lortuz gero, larunbatean 22:30ak aldera iritsiko dira Gasteizera. Bisita batzuk arratsalderako geratzen badira, goizaldeko laurak aldera. Furgoneta gasolinaz bete, txukundu, eta hurrengo asteburuan erabiltzeko prest uzten dute boluntarioek, norbere etxera joan aurretik.

Aurrez ere prestaketa lan handia dute txangoek, eta Mirentxin eta Etxerat elkarlanean aritzen dira. Gidarien zerbitzuez baliatu nahi duten senideek Etxerat-era deitzen dute astero, nora eta zenbat lagun joango diren esanez. Etxerat-ek egiten du bilketa. Puzzlea osatu, eta Mirentxini helarazten dizkio datuak: kartzela bakoitzera zenbat doazen, nor ikustera doan bakoitza, horietako bakoitzaren izena eta kontaktua, eta furgoneta non hartuko duen bakoitzak. Bisitariak Euskal Herri osokoak izaten direnez, jendea hartzeko geldialdi bat baino gehiago egiten ditu furgonetak.

Boluntario sarea taldeka antolatuta dago; herrika batzuetan, zonaldeka besteetan. Bakoitzak arduradun bat du, eta horiek helarazten dizkiete datu guztiak asteburu bakoitzeko gidariei.

«Lan handia da asterokoa, baina ondo antolatuta dago», azaltzen du Aitor Elorza Potolok, Mirentxinen sortzaileetakoak. «Eta ezinbestekoa da antolaketa zorrotza, arazoak sortzen baitira bestela». Hala ere, inoiz izaten dira gaizki ulertzeak. «Gogoan dut behin bederatzi pertsona agertu zirela furgonetarako, bi gidariez gain», kontatzen du. Azkartasunez jokatu beharra dago halakoetan, eta arazoa konpondu. Presoa bisitarik gabe geratuko da bestela. Telefono dantza izugarria izaten da horietan. Beste gidariren bat aurkitu beharra dago momentuan bertan, auto bat eskuratu... «Baina tira, moldatzen gara senideekin», dio.

Gainontzean, gidari talde bakoitzak antolatzen du bere funtzionamendua eta norberak ezartzen du bidaietarako maiztasuna. Hiru hilean behin egiten dute gidari lana batzuek, urtean behin beste askok. Badira norbaitek huts egiten duenean hutsunea betetzeko izen emana dutenak. Gidariak ez kargatzearen garrantziaz ohartarazten du Elorzak: «Bidaia gehiegi egiteak nekeagatik uztea dakar».

Boluntario askoren lan eta ahaleginari esker mantentzen da Mirentxin Gidariak. Eskuzabaltasun horrek senide eta lagunengan miresmena sortzen duen bitartean, modu naturalagoan hartzen dute gidariek beraiek. Sortzeko premia sentitu zuten naturaltasun berarekin. «Ikustekoa da zenbat janari eramaten duten senideek jatorduetan guztien artean partekatzeko! Oso ondo zaintzen gaituzte», dio Elorzak barre artean. Burgosen elurteak harrapatu eta Jaeneraino zailtasunez betetako bidaia egin ostean «82 urteko amatxu batek» semearekin egon ondoren emandako besarkada etorri zaio burura. Maitasunezko irribarre goxoa atera zaio gogoratzean. «Nola ez zara ba joango Jaeneraino?».

Naturaltasunez

Hartara, duela 15 urte hartutako erabakiarekin harro dago Elorza. Senide askok ez zutela kartzeletara joateko modurik ikusita haien egoera modurik praktikoenean hobetzeko egin zuten urratsarekin gustura dago.

Gertuko senideek behar zutenean kartzeletaraino naturaltasunez eramaten hasi ziren Mirentxinen sustatzaileak, lehenik. Bisitetara joaten zirenean, «gabeziak» bertatik bertara ikusten zituzten. Zoko urrunen bateko kartzela atarian euskal presoen senideekin topatzean, bidaia nola egin zuten kontatzen hasten ziren elkarri. Autoz joateko aukerarik ez zutenek, ordu luzeak eginak zituzten trenean, gero autobusean, gero agian taxian, edota trenean berriz... Izugarriak ziren bidaiak, eta xahutu beharreko dirutzak ere bai.

«Zerbait egin beharra zegoen, baina herri gisa; herritik antolatu behar genuen zerbait», azaltzen du Mirentxinen sustatzaileetakoa izan zen eta gidari jarraitzen duenak. «Gure esku zegoen egoera aldatzea. Sakabanaketa ezin genuen amaitu, baina horrek senideengan duen eragina leuntzeko gaitasuna genuen. Bildu eta antolatu besterik ez zen egin behar».

Esan eta egin. Bospasei laguneko taldea bildu, eta martxan jarri ziren. Durango inguruko lagunak batu ziren, lehenengo. Horietako batek furgoneta bat zuen, eta horrekin moldatzen ziren. Senideekin hitz egin, behar handienak zein espetxeetan egon zitezkeen aztertu, eta Jaenerako bidaiak egiten hasi ziren.

Senideak elkarteari proposamena modu formalagoan egitea erabaki zuten ondoren, eta 1999ko urria erdialdean elkartearekin bildu ziren Legution. «Senideak boluntario moduan kartzeletara eramateko prest geundela esan genien; autoak eta beste ere guk bilatuko genituela».Hortxe sortu zen Mirentxin gidariak, senideen begirada mesfidatiarekin.

«Bidaietatik aurrez ezagutzen gintuzten amatxuek konfiantza gehiago zuten, baina gainontzekoek arraro begiratzen ziguten; ez zuten uste aurrera egingo genuenik edo; 'nondik atera dira hauek?', pentsatzen zuten», dio Elorzak barreak ihes egiten diola.

Baina hasi ziren martxan, «bi gauza argirekin»: Erabat talde autonomoa izango zela ez Etxerat ez beste inoren menpe egon gabe, eta, boluntario gehiago behar baziren ere, ez zirela gidari eske arituko. «Oso inportantea iruditu zitzaigun parte hartu nahi zuenak bere burua bere kasa eskaintzea, guk eskatu gabe».

Norberaren konpromisoa

Sustatzaile nagusietakoa izan zena gustura dago erabaki horiek hartu izanaz. «Norbaiti eskatzen badiozu bidaiak egiteko, lehenengoan egingo du, eta bigarrenean agian ere bai, baina ezetz ez esateagatik egin dezake eta karga bihurtu daiteke. Guretzat oso garrantzitsua da norberak berez hartzea konpromisoa, berak nahi duelako».

Txikia zen taldea hasieran eta gidari bakoitzak hamabostero egiten zituzten bidaiak. «Batzuetan hilean behin... beharren arabera». Urruti dago gaur egungo errealitatetik. Urteen poderioz handituz joan da taldea, eta beraz, aukerak ere bai. Zonaldeka banatutako hamar bat multzotan, mila pertsona inguru aritzen dira gidari. Eta, ahalegin handiarekin, bederatzi furgoneten jabe da egun. Horretarako, txosnetan jardun dute lanean gidariek beraiek, ogitartekoak saldu dituzte, txiskeroak, elastikoak...

Furgoneten mantenu eta konponketa lanetan, bestetik, dirutza aurrezten dute. Gidari batzuek mekanikoak dira; horien tailerrean gordetzen dituzte furgonetak eta haiek arduratzen dira ibilgailuak zaindu eta matxurak konpontzeaz.

Kontu guzti horiek Mirentxinen esku geratzen dira, beraz. Bidaiariek ordaintzen dituztenak bidaiaren kostuak izaten dira: gasolina, autobide, eta abar. Hori ere aldatu nahi luke Elorzak: «Senideek bidaiak ordaindu behar ez izatea da gure ametsa. Nahikoa gastu badute bestela ere».

Beste arantza bat ere badu Elorzak: askoz gidari gehiago behar direla nabarmendu du; multzoa asko handitu den arren, ez direla nahikoa. Izan ere, euskal presoak 76 espetxetan sakabanatuta daude, eta 15 ingurura iristeko gaitasuna du Mirentxinek. Elkartasuna praktikan jartzeko deia egin du, beraz, sakabanaketak senideei eragiten dien zama askoren artean uste baino gehiago arin daitekeela zehaztuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.