Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. PSE-EE. Patxi Lopez

«Gauza batzuk ez genituen ondo egin, eta garesti ordaindu dugu»

PPren aurrean alternatiba bakar gisa aurkezten du Lopezek PSOE. Hark dioenez, agintaldia «jasanezina» izan da herritar gehienentzat, «lagunentzat» gobernatu baitu PPk. Bizkaitik aurkeztuko da Lopez.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Bilboko tokiko telebista batek antolatutako mahai inguruan parte hartu ostean eta PSOEren Espainiako presidentegai Pedro Sanchez hartu aurretik erantzun die Patxi Lopezek (Portugalete, 1959) BERRIAren galderei. Agenda betea du, baina hautagai sozialista ohiturik dago horrelakoetara.

Nola baloratzen duzu PPren agintaldia?

Penagarria. Gehienentzat jasanezina den herrialde bat eraiki du PPk, gehienen kontra agindu duelako. Ez dakit haren politikek erasan ez duten giza talderik ote dagoen: langileak, langabeak, ikasleak, gazteak, emakumeak, erretiroa hartutakoak, ikerlariak... Bere lagunentzat baino ez du gobernatu PPk: boteredunentzat, bankuentzat eta amnistia fiskalari onura atera diotenentzat.

Hala, zuen mezua izaten ari da PSOE dela PP gobernutik egozteko aukera bakarra. Zergatik?

Batetik, eskuina ezin delako eskuinaren alternatiba izan, eta gaur egun bi eskuin ditugu. Ciudadanosen proposamenekin ere atzera egingo da: lan erreforma zegoen lekuan, kontratu guztiak behin-behineko bilakatuko lituzkeen kontratu bakarra proposatzen du; ordainketa partekatua zegoen lekuan, hori beste zenbait esparrura hedatzea... Podemosi dagokionez, hasi ziren zerua konkistatu nahian eta Tsipras erreferentzia izanik, eta, orain, nahikoa dute PSOEri botoak kenduta.

Zuek alternatiba bakar gisa aurkezten bazarete, pentsatzekoa da ez duzuela PPrekin inolako gobernu itunik egingo, ezta?

Ez dugu egingo, ez. Aukera hori erabat bazterturik dago.

Podemos agertzeak behartu du PSOE ezkerretara jotzera?

Ez. Badakit herri honetan batzuek uste dutela gauza guztien arrazoi direla, baina ez. PSOE etengabe ari da aldatzen, eta ezkerreko bere nortasuna indartzen du, onartzen duelako okerrak egin dituela. Aitortzen dugu gauza batzuk ez genituela ondo egin, eta beste batzuk ez genituela egin behar, eta garesti ordaindu dugu. Gauza bakarra egin dugu: denok dugun zuzentzeko eskubidea erabili, eta indarrean dagoen joera neoliberalari ezkerreko jarreretatik erantzun.

Podemosek, berriz, esan du programaren zenbait gauza kopiatu egin dizkiezuela.

Bitxia da, baina argitara atera zen lehenengo programa PSOErena izan zen. Podemosen programan badaude PSOErenetik hartutako pasarte osoak, baina PSOEren programa ez da atzokoa.

EAJri ematen diozuen sostengua ere aurpegiratzen dizuete.

Protesta egitea eta pankarta eramatea oso ondo dago, baina horrek ez ditu politikak aldatzen. Ramon Rubialek erakutsi zigun demokrazian iraultzak aldizkari ofizialaren bidez egiten direla. Guk erabaki genuen, oposizioan egonda ere, erantzukizuna gure gain hartzea. [EAEko] Aurrekontuen inguruan EAJrekin egindako itunari esker, lortu dugu zerga sistema aldatzea; ni lehendakari nintzenean behin eta berriro proposatu nuen, baina ez zuen inork egin nahi izan. Orain, lortu dugu gehiago dutenek gehiago ordain dezatela, eta, horri esker, Jaurlaritzak 400 milioi euro gehiago ditu politika sozialak egin ahal izateko.

Zer gertatu da orain alderdi politiko gehienek Espainiako Konstituzioan aldaketak egin nahi izateko?

Konstituzioa duten herrialde demokratiko guztietan gertatzen dena gertatu da: denbora bat igarota [1978koa da konstituzioa], aztertu behar da zerk funtzionatu duen, eta zerk ez, non dauden gabeziak, eta abar. Bitxiena ez da hori; bitxiena da orain arte aldatu ez izana. Baina, horrez gain, ikusi dugu badaudela zenbait eskubide gobernu batek bertan behera utz ditzakeenak, eta horiek blindatu egin behar dira. Konstituzioak bermatu behar ditu gizarte zerbitzuak eta ongizate estatua.Azkenik, PSOEn ikusi dugu estatuko lurralde egituratzean tentsioak sortu direla, eta horietako batzuk konpon daitezkeela estatu federalera jotzen badugu.

EAJk zalantzan jarri du inoiz zuen borondatea kontzertu ekonomikoaren defentsan. Mintzen zaituzte horrek?

Egia esateko, bai, badakitelako hori hauteskundeei begirako estrategia moduan egiten dutela, eta ez benetan pentsatzen dutelako kontzertu ekonomikoa arriskuan dagoela. Kontzertua ez dago arriskuan, baldin eta Ciudadanos edo UPD ez badira gobernura iristen, baina ez du ematen hala izango denik. Beste kontu bat da sozialistok beti esan dugula, kontzertuaz gain, elkartasun poltsa bat ere egon daitekeela.

PSOE Espainiako Gobernuan egonda, espetxe politika desberdina izango litzateke?

Beti esan dugu beste espetxe politika bat egin daitekeela. Espainiako legeria eskuzabala da arlo horretan, presoaren gizarteratzeari begira. Baina bide hori norberak egin behar du, eta uste dut presoak euren familia politikoak bahituta daudela bide hori egin ez dezaten. Gustatuko litzaidake gauza biak uztartu ahal izango balira.

Joan den igandean, 25 urte bete ziren Euskaldunon Egunkaria kaleratu zenetik. Nola ikusten duzu Egunkaria-rekin gertatutako guztia?

Arazoa da gobernu bat izan genuela, «dena ETA da» karikatura horretan tematu zena, eta horrek ez zuen inolako mesederik ekarri, ezta terrorismoaren kontrakoborrokari ere. Nik uste dut herri honetan memoria kolektibo bat ezarri behar dugula, aurrera egiten ahalbidetuko diguna, baina memoriarekin. Eta elkarbizitza denbora berria ireki, gertatu zaigun guztia aitortuz, berriro gerta ez dakigun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.