Iheslari eta deportatuen afera landuko dute IV. Foro Sozialean

Martxoaren 10 eta 11n egingo dute batzarra, Donostia eta Hendaian. Nahiz eta estatuen «blokeoak» jarraitu, ETAren armagabetzea hurbilago ikusten dute foroko kideek

Nazario Oleaga, Agus Hernan, Peio Dufau eta Nekane Alzelai, Bilbon atzo eginiko agerraldian. MIGUEL TOÑA / EFE.
Bilbo
2017ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
I. Foro Soziala egin zenetik hiru urte bete direla, bake prozesuaren «blokeoarekin» kezkaturik daude plataformako kideak. Frantziako eta Espainiako gobernuen jarrera «larriagotu» egin dela salatu dute, eta hori gainditzeko gizarte zibilak duen garrantzia azpimarratu dute, Bilbon, IV. Foro Soziala aurkezteko egindako prentsaurrekoan. Aurreratu dutenez, Donostian eta Hendaian (Lapurdi) egingo dituzte batzarrak, martxoaren 10 eta 11n, eta jardunaldi horietan trataera «berezia» emango diote iheslari eta deportatuen egoerari. Mugaren bi aldeetan foro bera egingo dute, presoak Espainiako eta Frantziako estatuen pean daudela argudiatuta.

Hainbat legelarirekin batera, bi estatu horien araudietan dauden arazoak identifikatuko dituzte, eta horientzako irtenbideak planteatuko dituzte. Gainera, gizarte zibileko dinamika eta erakundeekin batzartuko dira; besteak beste, Sare, Etxerat eta sindikatuekin. Preso eta errefuxiatuen kolektiboen ekarpenak jasoko dituzte; jakinarazi dutenez, Frantziako epaile bati eskaera bat egingo diote espetxean dauden EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bozeramaileekin biltzeko.

Aurretik ere egingo dituzte bilerak. Bihar, Foro Sozial Iraunkorreko ordezkaritza bat Usurbilgo (Gipuzkoa) Kalera Kalera ekinaldiko preso ohiekin batzartuko da. Bestalde, otsailaren 24an topaketa bat egingo dute Bilbon zenbait legelarik, preso eta iheslarien inguruan azken urteetan landutako ekarpenak elkarbanatzeko.

ETAren armagabetze prozesua ere izan dute mintzagai prentsaurrekoan, nahiz eta foroan aztertuko dituzten gaien artean ez egon hori. «Azken asteetan azaleratu egin da ETAren armagabetzea lortzeko urtebetez egindako lanaren emaitza», adierazi du Agus Hernan Foro Sozialeko koordinatzaileak, Luhuson (Lapurdi) gizarte zibilaren ordezkariek armak desgaitzeko abian jarritako ekinaldiari erreferentzia eginez. ETAren armagabetzea «hurbilago» dagoela uste dute foroko kideek, baina zail ikusten dute armagabetze «ordenatu» bat egitea. Horren aurrean gizarte zibilak duen betebeharra azpimarratu dute.

«Ez dira urte samurrak izan», aitortu dute Foro Sozialeko kideek, eta zailtasun juridikoak, errepresioa eta atxiloketak aipatu dituzte. Halere, bi estatuen jarrera aldatu ez arren, uste dute «aukera berri bat» dagoela Euskal Herrian marraztu den bide orriari jarraipena emateko. «Blokeoa gainditzeko nahikoa indar eta borondate dago, eta adostasunak lortzeko eremua Euskal Herria da», adierazi du Peio Dufau Bake Bidea kolektiboko kideak. Adostasun horiek hiru eremu instituzionaletako erakundeetan oinarrituta egon behar dutela adierazi dute: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea eta Ipar Euskal Herria.

Presoen ekarpenak

Euskal presoak modu adostuan etxeratzeko hamabi aholku biltzen zituen 2013ko I. Foro Sozialak, eta haietariko lau sakonduko dituzte martxoan egingo duten foroan. Lehena euskal preso eta iheslarientzako konponbide «oso» bat adostea izango da, eta giza eskubideen kontrako espetxe politika aldatzea. Bigarrenak ardatz izango du presoen itzultze prozesua lege baliabideak erabiliz gauzatzea, era mailakatuan, eta eragindako mina aitortuz. Hirugarrena izango da presoak «eragile aktiboak» bihurtzea bake prozesuaren garapenean; eta, laugarrena, iheslarien egoera aztertzea.

Iazko ekainetik, preso, errefuxiatu eta deportatuen ekarpenak jasotzeko Gogoetabidea izeneko talde bat ere lanean ari da, eta martxoko foroan aztertuko dituzte ekarpen horiek. Prozesu horretan «gardentasuna» egon dela azpimarratu du. «Preso bakoitzak boto bat izan du, eta, Foro Sozialean gomendatutakoari jarraikiz, edozein indarkeria motari uko egin diote». Hernan pozik agertu da presoen jarrerarekin, legerian dauden «zailtasunak» gorabehera bide indibidualen aldeko hautua egin dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.