Harreman gorabeheratsua

Katalunian prozesu subiranista hastearekin batera heldu zen Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaritzara: 2012an. Harrezkero Kataluniak eta EAEk bide desberdinak egin dituzte. Urkulluk gertutasuna agertu du batzuetan, baina distantzia ere ezarri du, eta kontrako iritzia ere azaldu du.
<b>Urkullu-Mas. </b>Iñigo Urkullu eta Artur Mas. 2014ko maiatzaren 1ean, Gasteizen, Ajuria Enean. Hedabideei iragarri gabeko bilera egin zuten.
Urkullu-Mas. Iñigo Urkullu eta Artur Mas. 2014ko maiatzaren 1ean, Gasteizen, Ajuria Enean. Hedabideei iragarri gabeko bilera egin zuten. JON BERNARDEZ / EFE

Enekoitz Esnaola -

2018ko otsailak 21
Asteon berriro atera da mahai gainera Iñigo Urkullu-Katalunia gaia, zabaldu delako ERCk hari aipatu diola Carles Puigdemont president-arekin hitz egiteko inbestidura desblokeatzeko. Urkulluk eta ERCk ukatu dute hitz egin dutela. Ez da sortu tentsiorik edo egoera ezohikorik. Beste batzuetan, bai.

1. NORMALTASUNA

Iazko irailaren 7an txio bitxi bat idatzi zuen Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak: I love Cat; alegia, maite duela Katalunia —love horren partez bihotz bat zetorren—. Bezperan, Kataluniako Parlamentuak Erreferendumaren Legea onartu zuen, gehiengo osoz, eta Generalitateak urriaren 1eko independentzia erreferendumaren deialdia sinatu zuen, baina irailaren 7an Espainiako Auzitegi Konstituzionalak legea behin-behinean bertan behera utzi izan du gustatuko litzaiokeela Kataluniako egoera, «gutxienik», irailaren 6 aurrekoa izatea, «politika ahal den normaltasun handienarekin egiteko». Ordea, irailaren 6rako Madrilek katalanen parlamentuaren beste erabaki batzuk baliogabe joak zituen.

2. U1: POLIZIA INDARKERIA

Eta etorri zen urriaren 1eko erreferenduma. Herritarrek botoa emateko saihesteko asmoz, egurra eman zuten Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak. Generalitateko Osasun Sailaren arabera, 1.066 herritar zauritu zituzten. Urkulluk egun hartan bertan Facebooken zioen «penatzen» zuela egoerak. Ez zuen espresuki Poliziaren indarkeria gaitzetsi, eta zaurituenganako elkartasun elerik ez zen. «Nahiz eta egoera hau gerta zitekeela pentsatu, esan eta salatu, erabat penatzen gaituzte gaur Katalunian ikusten ari garen gertaerek, gizartearen haustura arriskuak areagotzen dituzten ekimenek bereziki. (...) Espainiako presidenteari ere duela hamar egun igorri nion mezua berretsi nahi dut: hau ezin da horrela izan eta ezin du horrela izaten jarraitu». Elkarrizketa, akordioa eta «irtenbide politikoak» eskatu zituen, Kanada-Quebec eta Erresuma Batua-Eskozia «eredu baliagarriak» direla zehaztuta, «betiere lege babesa duen itundutako erreferendum bat antolatzeko».

Hurrengo egunean, Bilbon, Forum Europan, adierazi zuen «kezka, tristezia eta harridura» sentitu zituela polizien jokabidea ikusita, eta zaurituenganako elkartasuna agertu zuen. Urriaren 1eko gertakariekin PPk «marra gorriak» gainditu zituela ohartarazi arren, argitu zuen Jaurlaritzak ez zuela Espainiako Gobernuarekin moztuko:«Gu ordezkari instituzionalak gara, eta harremanak guztiekin eduki behar ditugu». Kataluniako auziko «parte guztien autokritika» eskatu zuen.

3. BITARTEKARITZA

2014ko urrian, Katalunia jada prozesu subiranistan bete-betean zela, Urkulluk aipatu zuen ez zituela estatuko beste «erkidegoetako prozedurak baloratzen». Artean ez zen talka handi-handirik Katalunian. Hilabete batera etorri zen lehen galdeketa: azaroaren 9an. Egoera gordinago bilakatzen joan zen, eta iazko urte bukaeran auzian buru-belarri sartu zen Urkullu, Moncloaren eta Generalitatearen artean bitartekari lanak eginez, Puigdemontek hauteskunde autonomikoak deitu zitzan, eta, hartara, Espainiako Gobernuak konstituzioko 155. artikulua ezarri ez zezan. Irailean EAJren Alderdi Egunean Andoni Ortuzar EBBko buruak azaldu zuen prest zeudela bitartekaritzarako. Urkulluk berak ere jadanik iragarria zuen ez zela «eserita» geldituko. Gero adierazi zuenaren arabera, «azken minutura arte» saiatu zen bi parteak ados jar zitezen; «oso-oso gertu egon ginen konponbidetik». Konponbiderik eza zen: Puigdemontek ez zituen hauteskundeak deitu eta urriaren 27an Kataluniako Parlamentuak independentzia aldarrikatu zuen; berehala, Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak 155.a ezarri zuen eta katalanak bozetara deitu zituen abenduaren 21erako. Jaurlaritzako lehendakariak esan zuen «fede onez eta Kataluniako instituzioekiko errespetuz» aritu zela. Berriro bloke independentistak gehiengo osoa erdietsi zuen, baina Madrilek 155.ari eutsi egin dio.

«Begi bistakoa da Urkulluren parte hartzea izan zela», esan zuen Puigdemontek hauteskunde kanpainan, Vilaweb-en. «Baina egun haietako xehetasun asko ondo ordenatu beharko dira, eta ondo azaldu. Segur aski, orain ez da horretarako garaia (...) Edozein kasutan, nik ez daukat ezer aurpegiratzeko lehendakariari; aitzitik, eskerrak eman behar dizkiot bakebide demokratikoa aurkitzen egindako ahaleginagatik».

4. TELEMATIKOA

Madrilek kartzelan sartzeko arriskua zuela eta, joan den urri bukaeran Bruselara joan zen Puigdemont Generalitateko jarduneko presidentea. Urkulluri abenduaren 29an Radio Euskadiko elkarrizketa batean galdetu zioten ea herrialde bat goberna daitekeen Internet bidez, eta ezetz ihardetsi zuen: «Ezin da zuzendu herrialde bat telematikoki, Internetez». Azaldu zuen kanpoan egoteagatik berak Gobernu Kontseiluaren bilera bat Internetez zuzendu zuela, «baina desberdinak dira Gobernu Kontseiluaren bilera bat eta herrialde bat zuzentzea». Lehendakariaren iritziz, politika egitea tokian bertan egotea da. Aurreko legealdian Generalitatean zeuden kontseilari batzuk «bertan» zeuden, eta preso sartu zituen Espainiak.

5. ALDEBAKARTASUNA

«Nik ez dut sinesten aldebakartasunean». Argi eta garbi mintzatu izan da Urkullu estrategiari buruz. Ez du Kataluniakoa gustuko, eta eredu horri ez dio babesik eskaini. «Egungo Espainiako Estatua artikulatu zenetik aldebikotasuna defenditzen ari naiz». Estatua zentralizazio prozesu batean murgildua dago; lehendakariak berak aipatu izan du EAEren eta Madrilen artean ehun gai pasa daudela auzibidean. Eta abar.

Kataluniako Parlamenturako hauteskunde garrantzitsuak izan ziren 2015eko irailaren 27koak, Junts Pel Si eta CUPindar subiranistek izaera plebiszitarioa eman ziotelako, gehiengoa lortuz gero independentzia erreferendum batera deitzeko legealdian. Gehiengo osoa. Handik astebetera, Urkulluri elkarrizketa bat egin zioten El Correo-n. «Plebiszito bat izan al da irailaren 27koa?». Erantzuna: «Ez, ez da izan, boz autonomiko batzuk izan dira. (...) Zintzoa izanda, bai antzeman dudala neurtzeko gogo bat. Baina ez da galdera argi baten adierazpena izan, baizik eta sentimendu batena».

2015eko uztailean El País-en zedarritu zuen EAJn hamar urte pasa lehenago ondorioztatu zutela alderdiaren printzipioak, «pragmatismoarekin, errealitate printzipioarekin eta kohesio sozialarekin», «garai berrietara egokitu» behar zituztela. 2004az ari zen, hain segur: aldaketa inportantea gertatu zen EBBko buruzagitzan: Xabier Arzalluzek utzi egin zuen, eta Josu Jon Imaz jarri zen presidente, Joseba Egibar ozta-ozta gaindituta. Urkullu zen orduan BBBko buru. Imaz eta biak, ildo berekoak. Ez ezarri, ez eragotzi (Imaz). 2008an, Urkullu izendatu zuten EBBko presidente. Lau urtera, Jaurlaritzako lehendakari, katalan prozesua hastapenetan zela. «Prozesu guztia iruditu zait oso kritikoa». Duela bi urte pasa ohartarazi zuen «zalantzan» jarri behar zela «Katalunian [independentisten] ekintza batasuna» zegoela.

6. ARTUR MAS (I)

2012ko abenduaren 15ean izendatu zuten lehendakari, eta kargu horretan zela 2014ko maiatzean egin zuen aurreneko bilera Artur Mas Generalitateko presidentearekin. Ez zuten aurrez iragarri publikoki, eta jai egun batez batu ziren: maiatzaren 1ean, ostegunarekin, Gasteizen, Ajuria Enean. Hurrengo egunean eman zuen Jaurlaritzak bileraren berri. Oharrak zioenez, bi ordu eta erdian egon ziren batzartuta, eta «Euskadiko», Kataluniako, Espainiako eta Europako egoerez jardun zuten. Hiru argazkietan lehendakarietako inor ez zegoen gorbatarekin; arraro egin zen hori ere.

7. ARTUR MAS (II)

Beste detaile bat. Urkulluk Mas ez zuen zoriondu honek 2015ean Kataluniako hauteskundeak irabazi zituenean. Rajoy bai zoriondu zuela 2011n Kongresurakoak irabaztean. «Zoriondu al zenuen [Mas] emaitzagatik?», galdetu zion El Correo-ko kazetariak lehendakariari elkarrizketa batean. Ezetz, ez zuela zoriondu. Ez zion telefonoz deitu Masi; mezu batekin, nahikoa. «Aitortu eta opatu nion bera izan dadila presidentea». Rajoy 2011ko azaroan gailendu zenean, Urkullu EBBko orduko presidenteak gau hartan, Bilbon, Sabin Etxean, jeltzale askoren aurrean: «Lehenengo eta behin, Alderdi Popularra eta Mariano Rajoy zoriontzen ditugu, hauteskunde hauetan lortutako garaipenagatik».

8. GIZARTE ZIBILA

Aitortu izan du ez zaiola «gustatzen» Auzitegi Konstituzionalaren erabakien ondoren Katalunian sortutako «ondoez soziala plataformek lideratzea». Haren arabera, «horrelako prozesu bat», instituzioek eta «alderdi instituzionalek» lideratu behar dute. «Kezkagarria iruditzen zait ardurarik ez duten gizarte mugimenduek Katalunia baldintzatzea»; «ez dut sinesten ilusionismoaren ariketan oinarritutako lidergo batean»; «ardura politikorik gabeko gizarte mugimenduek baldintzatu egiten dute gizartearen aurrean kontuak eman behar ditugun alderdien jarduna. Kontuz ibili behar da demokrazia ordezkatzailea eta demokrazia parte hartzailea ez nahasteko».

Euskal Herrian ez du inoiz parte hartu Gure Esku Dago herritar dinamikaren ekinbideetan, uste duelako «lehendakari gisa, aniztasuna ordezkatzen» duela eta, ondorioz, «zaindu» egin behar duela «bide instituzionala», autogobernuak aurrera hortik egin behar duela iritzita. Joan den urtarrilaren 25ean egin zuen Gure Esku Dago-rekin lehenengo bilera publikoa, Lehendakaritzan.

9. EUROPA

Katalan subiranistak urriaren 1eko erreferendumetik aitzina ere bakardade instituzional europar batean zirela, Urkullu joan den urtarrilaren 10ean Europako Batasuneko 25 enbaxadorerekin bildu zen Madrilen, Italiakoaren egoitzan. Laugarren aldia zuen —aurrekoa, 2016an—. Elkarrizketa, akordioa edota bizikidetza nabarmendu ondotik, denen aurrean defendatu zuen «legezko bideak egokitu» behar direla herritarrei etorkizunaz kontsulta egiteko. Katalunian eta Espainian —eta «Euskadin»— «bereizitako gehiengo gizarte borondateak» daudela medio, azaldu zuen «beharrezkoa» dela «etapa berriari ekitea». Jaurlaritzaren Irekia atariaren prentsa ohar luzearen arabera behintzat, ez zuen katalan preso politikoen kasua aitatu.

10. DEFIZITA

Espainiako Estatuko erkidegoen defizit edo zor publikoaren mugari buruzko eztabaidak sortu zuen 2013an haserrealdirik Katalunian Urkullurekiko. Krisi ekonomikoa oso gogor astintzen ari zenean, Europako Batasunak neurri zorrotzak aginduak zizkion Madrili, eta honek, erkidegoei. 2012an defizitaren %1,5eko muga izan zuten autonomiek, eta 2013rako Cristobal Montoro Ogasun ministroak, batez besteko gisa, %1,2koa ezarri zuen. Urkullu kexu zen: adierazi zuen Madrilek kontuan hartu beharko lituzkeela defizit helburua betetzen zuten erkidegoak —EAE, esate baterako—; alegia, haiek merezi zutela muga aldetik onura, ez besteek.

Kataluniako Generalitatea diru iturri handiagoen beharrean zen, eta 2012an Masek itun fiskala eskaini zion Rajoyri. Kataluniako alderdi gehienen arabera, estatuari zerga bidez urtero egindako ekarpena inbertsioetan jasotzen zutena baino askoz handiagoa zen, eta urtez urte defizita pilatzen ari zitzaion Generalitateari. %2,1eko defizit muga eskatu zuen 2013an. Horrenbestekoari ezezkoa Madrilek. Rajoyk 2012an ere ezezkoa eman zen itun fiskalaz, eta Urkulluk gero zor publikoaren mugan irizpide desberdinak izatea planteatu izanak haserrea eragin zuen Kataluniako alor esanguratsuetan. Prozesu subiranista hasia zen.

Lehendakariak esaten zuen EAEk Kontzertu Ekonomikoa izateagatik aldebikotasunez jorratu behar zuela gaia Madrilekin, eta gogorarazi zuen Kataluniak bere garaian baztertu egin zuela kontzertu propioaren aukera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna