Albistea entzun

Generoaren aldagaia, hirietara

Durangoko Udalak ordenantza bat aldatuko du, etxebizitzen eraikuntzan genero ikuspegia txertatzeko. Hirigintzan feminismoa «zehar-lerro» izatea lortu nahi dute. Herriko emakumeek parte hartuko dute prozesuan.
Irudian, Iruñeko parke bat; hirigintza planetan aintzat hartubeharreko eremu garrantzitsuak dira.
Irudian, Iruñeko parke bat; hirigintza planetan aintzat hartubeharreko eremu garrantzitsuak dira. IÑIGO URIZ / ARP Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2018ko martxoak 7

Durangoko Udalak pauso bat eman berri du hiriginzan feminismoa txertatzeko bidean: eraikinetan ingurumen arloko hobekuntzak egiteko ordenantza aldatuko du, hor genero ikuspegia txertatzeko. Pilar Rios Durangoko Udaleko Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, erabaki horrekin aurrea hartu nahi diote konponbideen faseari: «Orain arte, arazoei irtenbideak bilatzeko lan egiten genuen; hemendik aurrera, ordea, hiriaren diseinuan bertan txertatuko dugu genero ikuspegia».

Zinegotziak adierazi du udalak hartutako erabakia prozesu oso baten zati bat baino ez dela. Izan ere, udalaren helburua da Hiri Antolamenduaren Plan Orokorrean genero ikuspegia «zehar-lerro» izatea: «Urbanismoan egiten diren prozesu guztietan txertatu nahi dugu; hori izango da gure azken pausoa». Hala, historikoki emakumezkoen ardura izan diren lan erreproduktiboei «dagokien balioa» ematea dute xede. Hori da, hain zuzen ere, hirigintza feministak egiten duen eskaera nagusia, Miren Vivesek —Projekta bulegoko arkitektoak— azaldu duen moduan.

«Hirigintzan, lan produktiboa hartzen da kontuan, eta subjektu gisa hiria hartzen da; horrek justifikatzen du, besteak beste, hiriak etengabe haztea, eta gero eta garraio gehiago egotea», adierazi du Vivesek. Haren hitzetan, produkzio mundutik at dauden pertsona anitzak ez dira aintzat hartzen, eta, beraz, ez zaie haien beharrei begiratzen. Bi seme-alaba dituen emakume langabetua jarri du adibide gisa. «Zerbitzu sozialez gain, pertsona horrek ez dauka bere beharrak ordezkatzen dituen beste tokirik».

Arkitektoak uste du «hurbiltasuna, irisgarritasuna eta segurtasuna» giltzarri direla herritarrak subjektutzat hartzen dituzten auzo eta hiriak lortzeko. «Horiek behar ditugu, denbora zehatz batean gure bizitzako alorrak asebete behar ditugulako: lan produktiboa eta ugalkorra, bizi pertsonala eta soziala». Bestetik, ezinbestekotzat jo du ingurune sozial egokiak sortzea zaintza lanak egin ahal izateko: «Ulertu behar dugu pertsona bat lanean ari dela norbait zaintzen ari denean; parkean, adibidez».

Durangon, We Are Tipi diseinu eraldatzaileko bulegoko kideek hartuko dute ordenantza aldatzeko lana. Ane Abarrategi taldeko kideak azaldu duenez, haien lehen egitekoa udaleko teknikariei formakuntza ematea izango da generoaren eta hirigintza barneratzailearen inguruan. Ordenantza berritzeko lana herriko emakumeekin batera egingo dute, erabaki guztietan haien iritzia aintzat hartzeko.

We Are Tipiko kideek berrikusi eta osatu zuten iaz Durangoko Hiri Debekatuaren mapa. «Ibilbide bat egin genuen, 25 bat emakumerekin, herriko puntu gorriak eta beltzak bilatzeko. Ondoren, horietako bakoitzari puntuazio bat jarri genion, erabakitzeko zeintzuk lehenetsi behar ziren», azaldu du Abarrategik. Puntu beltzak segurtasun faltari lotuta daude, eta gorriak, berriz, eguneroko bizitza garatzeko zailtasunei: kolektibotasuna, zaintza, mugikortasuna...

Hiri Debekatuaren Mapa

Mapa osatu ondoren, ekintza plan bat diseinatu zuten topatutako arazoak konpontzeko, emakumeen laguntzarekin. Hala, dagoeneko eraikita dagoena aldatzeko moduak bilatzeaz gain, prebentzioa ere landu zuten. Udalak konpromisoa hartu zuen plana onartu eta proposamenak gauzatzeko. Mapan agertzen diren toki batzuetan neurriak hartu dituzte dagoeneko, aurrekontuez baliatuta.

Herrian gehien seinalatu zituzten puntuen adibide batzuk eman ditu Abarrategik: «Tren geltoki berriaren irteeran dagoen espazioa puntu beltz-beltza bezala seinalatzen dute, eta trenbidea lurperatzerakoan sortu den orubea ere modu negatiboan baloratzen dute». Puntu gorrien artean, Askatasun Etorbidearen amaieran dauden babes ofizialeko etxeak aipatu ditu, «inguruan ez dagoelako ez dendarik, ez bankurik, ezta egoteko tokirik ere». Azaldu du halako lekuak lotarako gune bilakatzen ari direla, eta desegokiak direla eguneroko jarduerak egiteko.

Segurtasunari dagokionez, Vives arkitektoak esan du askotan pertzepzioari lotuta dagoela, eta berezko zaintzaren garrantzia aipatu du: «Eraginkorragoa da arriskutsutzat hartzen diren tokiak garbi eta txukun mantentzea, eta bertan jarduera bultzatzea, kamerak ipintzea baino».

Parte hartzea eta elkarlana

Abarrategik eta Riosek azpimarratu dute herriko emakumeek garrantzi handia izan dutela orain arte egindako urratsetan. «Haiek elikatu behar dute prozesu guztia, emakumeok eguneroko bizitzan adituak baikara; guk erabiltzen dugu kalea modu jakin batean, eta gure errealitatearen bozgorailua gara», adierazi du We Are Tipiko arkitektoak. Riosek gaineratu du parte hartze prozesuaren arrakasta eguneroko lanketaren fruitu izan dela: «Durangon, Berdintasun Kontseilua eta Plataforma Feminista daude, eta egunerokoan asko lantzen dugu gaia». Era berean, ziurtatu du udalarentzat «ezinbestekoa» dela emakumeen laguntza, hirigintza feministan aurrera egin ahal izateko. Bestetik, zinegotziak adierazi du udaleko arloen arteko lankidetza «gakoa» izaten ari dela prozesua garatzeko, eta Vivesek ere esan du lankidetza hori oso garrantzitsua dela: «Teknikari eta politikari guztiak elkartzen badira, lan handia egin dezakete».

Projekta bulegoko kideak adierazi du Durangoko Udalak hartutako bidea positiboa dela: «Erakunde batzuk ikusten ari dira premiazkoa dela hirigintzan genero ikuspegia txertatzea». Hala ere, haren ustez salbuespenak dira asmo hori praktikara eramaten dutenak; hori dela eta, gaiari «ganoraz» heltzeko eta «ausartak» izateko eskatu die erakundeei. Abarrategik, berriz, azpimarratu du tresnak eta babes ekonomikoa beharrezkoak direla hirigintza feministaren aldeko apustua egin ahal izateko.

Egitasmoa aurrera ateratzeko, Durangoko Udalak Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jasoko du, hainbat udalek aurkeztutako proposamenen artean notarik onena lortu duelako. Rios zinegotziak saria eskertu egin du, egindako lanaren aitorpentzat hartzen baitu. «Diru-laguntzak ondo datoz; gehiago beharko genituzke, baina pozik gaude».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Bilbon eguerdian egindako manifestazioa jendetsua izan da. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Sindikatuen arabera, hezkuntzako greban %60ko parte hartzea izan da

Irati Urdalleta Lete Gotzon Hermosilla

Jaurlaritzak, berriz, esan du irakasleen %35,2k egin dutela greba. Langileek hezkuntza legearen aurreproiektuaren kontra egin dute, eta «hezkuntza publiko, propio eta euskalduna» aldarrikatu
Aritzetako zerbitzugune batean bota dituzte hondakinak. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

AP-8ko zaborrak urteetan bota dituzte Usurbilgo mendialde batean, baimenik gabe

Iñaki Petxarroman Jone Arruabarrena

Kontratuaren baldintzak ez betetzea, lan baldintzei eta naturari kalte egitea, eta azpikontratetan ezkutatzea egotzi die ELAk Bidelan osatzen duten Transitia eta Campezori
Zenbait aplikazio eta streaming plataforma, artxiboko irudi batean. ©BERRIA

Euskara, pantailetan lauso

Irati Urdalleta Lete

Euskara bazterrean dago pantailetan ere: esaterako, Pantailak Euskaraz taldeak emandako datuen arabera, streaming plataformetako 26.000 edukitatik %0,1 ere ez daude hizkuntza horretan. Eskatu du legez arautzeko euskarak pantailetan izan behar duen presentzia.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.