Asier Fullaondo. Genetika irakaslea EHUn

«Geneak kenduz joan dira banaka-banaka, ikusteko zein behar diren»

arantxa iraola
2016ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
«Oso-oso argia da». EHUko Genetika irakasle Asier Fullaondok miresmenez jasotzen ditu John Craig Venter ikertzaileak argitaratzen dituen ikerketak; genetikaren arloan mugarri asko jarri ditu igaro urteotan AEBetako biokimikari ezagunak, eta zinetan haren izenak onespen osoa merezi duela uste du. Jakin-minez jaso du oraingo albistea ere, eta beste mugarri bat ikusten du. «Izan ere, genoma minimo bat egin dute», azaldu du. «Finkatu nahi izan dute izaki bizidun batek zein gene behar dituen bizitzeko». Eta, horretarako, bakterio bat hartu, eta hura genez erauzten aritu dira laborategian. «Bakterio horri geneak kenduz joan dira, banaka-banaka, ikusteko zein diren beharrezkoak». Ezinbestekoak bizitza izateko.

Fullaondorentzat, garrantzitsua da Craig Venterren ikerketa hau lehendik martxan jarritako proiektu zabal baten barruan sartzea. Izan ere, 2010. urtean Venterrek eta haren taldekoek genoma sintetikoarekin egindako lehenengo zelula bakterianoa sortu zuten: Mycoplasma mycoides. Eta horixe da, hain zuzen ere, orain ikerketa hau egiteko erabili duten bakterioa. Prozesu luze eta konplexua izan dela azaldu du, laborategian egindako konbinatze pila baten emaitza: «Denbora behar izan dute ikusteko zein gene diren behar-beharrezkoak, eta, hain justu, 473 horiek direla finkatu dute». Eta harago ere egin dute; sortu egin dute bizitza: «Genoma gabeko bakterio batean sartu dute genoma sintetizatua. Beraz, bakterio hori eta haren ondorengoak kimikoki sintetizatutako genomatik eratorriak dira». Urrats garrantzitsua dela dio, eta egun atzematen ere zailak diren ondorioak izan ditzakeela. «Bakterio hori kimikoki sor dezakete, eta patentatu ere bai. Ez da txantxa bat». Behin izaki bizidun batek beharrezkoa duen «genoma minimoa» zein den argituta, gainera, genoma horren gainean nahi adina konbinatze egin daitezkeela oroitarazi du. «Eta bidea egin daiteke, esaterako, organismo batek egin dezan zuk nahi duzuna».

Ikerkuntza genetikan sakontzeko giltzarri izango da, eta oraindik ere bidean erantzuteko galdera asko daudela agerian uzteko. Duda zehatzak dira, argitzeko dauden enigma handien erakusgarri.«Izan ere, ikusi dute ez dakitela zer egiten duten gutxieneko genoma egiteko erabili dituzten 149 geneek», esan du Fullaondok. «Ikusi dute kenduz gero bakterioa ezin dela bizi, nahiz eta ez jakin zer egiten duten».

Polemikaren zurrunbiloan

Craig Venter ezaguna da, besteak beste,zientziaren jarduna enpresa ikuspegiarekin lotu izan duelako; ezaguna egin zen, bereziki, 1999an Giza Genoma Proiektua partzuergo publikoak giza genoma deskodetzeko abian zuen egitasmotik atera, eta proiektu propioa urratu zuelako: pribatua. Horregatik, kritika eta zurrumurru artean heltzen dira usu haren ikerketen albisteak, baina haren «argitasunari» meriturik ezin zaio kendu, Fullaondoren ustez. «Askok ezin dute ikusi ere egin, baina Nobel saria merezi du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.