Albistea entzun

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala 

Maistraren lezioak

Maialen Lujanbioren lana goraipatu dute, batez ere, finala ikusi duten hainbat lagunek, baina bada arreta bestelako kontuetan jarri duenik ere.
Bertsolari Txapelketa Nagusiko zortzi finalistak, arratsaldeko saioan.
Bertsolari Txapelketa Nagusiko zortzi finalistak, arratsaldeko saioan. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Erostarbe - Maialen Unanue Irureta -

2017ko abenduak 19

OIHANA BARTRA

Bertsolaria

«Ilusioak ilusio, finalaren ostean ere, zentroan ikusten ditut ardatzak»

«Oso barruan daukagu, baina joan zen domekakoa ere. Honela agurtu gintuen Sustraik: «Euskal Herria gelditu/ ez dadin euskal erdian/ bila ditzagun arnas ta/ ardatzak periferian». Periferia ardatz bihurtu zen egun batez, geografikoki behintzat. Baina ardatzak era askotakoak izan daitezke, ez lekuzkoak bakarrik. Eta bilatu behar duenak ez du topatu. Izan ere, ilusioak ilusio, finalaren ostean ere, zentroan ikusten ditut nik ardatzak. Eta ardatzok mugitzeko ahalegina, erkin; zentrokoak, arnasari eusten, arnesari agian; ardatzak, eroso: eta, Euskal Herria, oraindik, euskal erdi».

ITXARO BORDA

Idazlea

«Lan baino plazer gehiago: berriz ere, milesker Maialen»

«Gure hamar urteko iloba hasi da Arberoako bertso-eskolan koplak harilkatzen, eta igande arratsaldean elkarrekin komentatuz ikusi genuen Maialen Lujanbioren bigarren garaipena: emozioa eta harrotasuna. Iloba hunki zuen txapeldun berriaren azken agurreko etorkizunerako irekidurak!

Gainerako zazpiek ez zuten ohore gutxiago merezi, bereziki Lujanbioren atzetik, pronostikoak uhertuz, buruz burukora hupatu zen Aitor Mendiluzek. Erran behar dut, ETBren pantailatik suharki jarraitu dudan lehiaketak, nehoiz ez bezala, pipitak utzi dituela bide hegian, irabazlearen Irungo bakarkako saioa baizik ez aipatzeko.

Lan baino plazer gehiago: berriz ere, milesker Maialen».

IDURRE ESKISABEL

Kazetaria eta EHUko irakaslea

«Lujanbiori handitasuna ematen dio 'intelektual' hitza edukiz betetzen duen ibiltari bakanetakoa izateak»

«Maialen Lujanbioren handitasuna ez dago soilik adierazpide duen diziplinan, bertsolaritzan, teknikoki zein estilistikoki maistra-lanak egitean, edo, areago, diziplina bera teknikoki zein estilistikoki bilakarazten duen motorretakoa izatean. Lujanbiori handitasuna ematen dio egun eta hemen intelektual hitza egiazko edukiz betetzen duen plaza publikoko ibiltari bakanetakoa izateak. Hau da, jendarteko auziei zinezko begirada kritikoz, eta bereziki, autokrititikoz, heltzeko sen eta gaitasunak, eta ahalegin horren emaitzak jendartera itzultzekoak. Eraldaketaren bila arriskatzekoak. Hamarreko txikian, irakaskuntzako protesten harira, grebalariei autokonplazentziarik gabe begiratzeko hartu zuen posizio deserosoa adibide».

JULEN GABIRIA

Idazlea

«Nik ez dut berdin ikusiko Miribillako errotonda aurrerantzean: errekarriak ikusiko ditut bueltaka han»

«Sorkuntzan ari denarentzat, beste sortzaileen lan onak beti dira mugarri bikoitzak: gehiago sortzera bultza zaitzaketen bezala, paralizatu egin zaitzakete, maila horretara helduko ez zarela jakinda. Igandean mugarri horietako baten aurrean egon ginen: Maialen Lujanbioren egun osoko erakustaldiaz ari naiz, lehen bertsotik hasi eta azkeneraino, lurretik metro erdi gorago beti. Nik ez dut berdin ikusiko Miribillako errotonda aurrerantzean: errekarriak ikusiko ditut bueltaka han. Bihotzez eskertzen diot Maialeni ertza mugarri bihurtu izana, mugarri bikoitz eta ezin biribilagoa».

JON GARAÑO

Zinemagilea

«Asko gustatu zitzaizkidan Lujanbioren bertso asko: ez bat, ez bi, ez hiru; asko»

«Oso saio ederra iruditu zitzaidan. Maialen bikain aritu zen, bikain baino gehiago: merezitako txapela irabazi zuen. Asko gustatu zitzaizkidan bere bertso asko: ez bat, ez bi, ez hiru; asko. Beharbada, banakakoetan, hura da maistra. Irudiak egiten ditu eta asko gustatzen zait hori: istorio bat kontatzen du, kasik gidoi baten moduan, eta hori bat-batekoan botatzea harrigarria egiten zait. Uste dut justua izan zela Mendiluze finalean sartzea; oso bertso onak bota zituen. Asko gustatu zitzaidan bere goizeko kartzelakoa. Esango nuke Sustraik merezi zuela finalera iristea; Mendiluze eta biak pareko ibili ziren. Barre egin genuen, momentu hunkigarri asko ere izan ziren, gogoeta egitekoak beste batzuk: denetik egon zen. Iruditu zitzaidan Unai Agirrek postu batzuk gorago geratzea merezi zuela, nahiz eta ez zuen saio borobila egin. Sarriegik ere merezi zuen, baina Unairen kasuan, ez zitzaidan iruditu zortzigarren geratzea merezi zuenik».

JONE MIREN HERNANDEZ

Antropologoa eta EHUko irakaslea

«Magoen antzera, bertsolariek denetik atera zuten xisteratik»

«Bertsoaren bila, BECeraino iritsi zen publikoa. Bero eta gogotsu. Eta gozamena aurkitu zuen, era guztietako bertsoei esker: alaiak, jolastiak, trinkoak edota ezin sakonagoak. Magoen antzera, bertsolariek denetatik atera zuten euren xisteratik. Baina ez, ez da magia. Azpimarratzeko da hartutako lana eta ardura. Txapeldunak zein gainontzekoek egindakoa eredugarria da. Hitza eta hizkuntza euren gain hartu eta, opari forma zuten bertso andana utzi zituzten. Igandean, horren bila joan zena, ez zen esku-hutsik bueltatu».

URTZI URRUTIKOETXEA

Kazetaria

«Aitorren eta Igorren aulkiak hartzen dituztenekin ere berdin gozatuko dugu»

«Zorionak, Maialen, eta aitortza bat: beste norbaitek irabaztea nahi nuen, inor magia hura hobetzeko gai izan zen seinale. Ezin ase, badakizue. Lehen BEC finala erdaraz dut gogoan, Elkarteko ordezkari astero Radio Euskadin, octava mayor, pie forzado eta antzekoak ikasten. 2009an Istanbulen lanean, doi-doi heldu nintzen finalera. Duela lau urte ere, kazetari. Herenegun bertsozale arrunt gozatu nuen saioa aspaldiko partez. Azpimarratzekoa: inguruan jesarritako asko saio paraleloa mugikorrean Twitterren segitzen. Paradoxa: sare sozialetan zenbateraino hauspotu ote den bertsokera tradizional(egi)a (edo periferikoa egurtu). Horri lotuta bigarrena, Kataluniaren konparazio: Bartzelona indartsuaren eta eskualdeen arteko jauzia: Beterriko zentroa, eta ale bakanen periferia Goierri, Durango eta Lapurdi/Iruñetik. Igorren eta Aitorren (plazetara arte, mila esker biei!) aulkiak hartzen dituztenekin berdin joko dugu txalo eta emozionatuko gara. Baita euskara batuan kantatzen badute ere».

JUANTXO ZEBERIO

Musikaria

«Ospatzeko egun bat da, behingoz hegemoniko sentitzeko»

«Batetik, euskaldun gisa, harrotasuna: nahiz eta Maialenek esan bezala, BEC barruan indartsu sentitu arren, kanpora aterata konturatzen zaren euskal mundua zein ahul dagoen. Baina ospatzeko egun bat da, behingoz hegemoniko sentitzeko, hitz hutsarekin jolastuz. Bestetik, musikari bezala, inbidia sanoa: horrelako jai erraldoi bat egin ahal izateak, euskaraz, uste dut zerikusi handia duela Bertsozale Elkarteak urte luzeetan egindako lanarekin: mirari txiki-handia da. Azkenik, Maialen, hizki larriz. Koska bat gorago dago: hark esan bezala, ikusten da lan ikaragarria egina zuela aurretik».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Kepa Junkera, erdian, gaur Bilboko Arte Ederren museoan egindako liburuaren aurkezpenean ©Aritz Loiola/ Foku

Kepa Junkerak bere obra osoa berrikusten duen arte liburua kaleratu du

Iñigo Astiz

Musikariaren diskografia osoa errepasatzen du Berpiztu lanak, eta, gainera, 40 artistak propio sortutako obra bana eta Junkerak sortutako kanta guztien partiturak ere badakartza. Musikariak berak parte hartu du argitalpenaren aurkezpenean.

 ©Joanes Etxebarria

«Anitz egin da hitz berrien asmatzeko, baina zahar anitz galdu ditugu»

Joanes Etxebarria - Ipar Euskal Herriko Hitza

Liburu edo pastoraletan, historia landu du bereziki, olerkiekin batean. Idazlan luzeak gehiago ez egitea deliberatu du. Uste du aitzinatu dela euskararen alorrean, baina lan asko dela egiteko.

<em>Maus</em> liburuko lau bineta. ©ASTIBERRI

Saguen txilioak holokaustoan

Uxue Rey Gorraiz

Gurasoek holokausto nazian bizitakoetan oinarrituta sortu zuen Art Spiegelmanek 'Maus' komikia. Pulitzer saria irabazi zuen 1992an. Euskarara ekarri dute berriki.

Soinu txikia XIX. mendearen amaieran hedatu zen Euskal Herrian. ©BERRIA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...