Leire Rodriguez nahita hil izana ukatu du senar ohiak: «Istripua izan zen»

Rodriguezen bikotekide ohia epaitzen hasi dira Bizkaiko Probintzia Auzitegian, hilketa egotzita. Fiskalak 20 urteko zigorra eskatu du: emakumea «kolpeka» hil zuela uste du

Akusatua —gurpil aulkian dagoena—, atzoko saioan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
2018ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Leire Rodriguezen hilketa «istripua» izan zela esan du haren senar ohiak. Azaldu du etxean eztabaida izan zutela, eta bultzada batean hartutako kolpeak hil zuela. Kalera eraman zuen ondoren Rodriguez, kordea galduta, eta autoarekin harrapatu zuen. Hori egiteko motiboaz galdetuta, adierazi du pentsatu zuela inork ez ziola sinetsiko istripua izan zela, eta auto harrapaketa baten itxura egitea erabaki zuela. Atzo hasi zen gizonaren aurkako epaiketa, Bizkaiko Probintzia Auzitegian. Akusatua izan da deklaratzen lehena, eta bere abokatuaren galderei baino ez die erantzun. Barkamena eskatu dio Rodriguezen familiari: «damu» dela esan du. Fiskalak adierazi du hilketa aurrez pentsatua zeukala, baina hori ukatu egin du gizonak. Ertzaintzak deklaratzera deitu zuenean, bere buruaz beste egiten saiatu zen gizona, trenbidera salto eginda, eta elbarri dago harrezkero.

Fiskaltzak hilketa delitua egotzi dio, eta 23 urteko espetxe zigorra eskatu du. Uste du akusatuak ez zuela dibortzioa onartu. Fiskalaren ustez, Rodriguez «sorpresaz» harrapatu zuen, eta «babesteko aukerarik eman gabe» bainugelara eroan. Han, sei kolpe jo zizkion buruan. Clara Campoamor elkarteak osatutako herri akusazioak ere bat egin du kontakizun horrekin. Hilketa leporatu dio hark ere, baina senidetasuna eta genero indarkeria larrigarritzat hartzea nahi du, eta 25 urteko espetxe zigorra ezartzea. Biktimaren familiak 30 urte eskatu ditu. Defentsak azaldu du «haserrealdi batean gertatutako hilketa bat» izan zela. Zazpi urteko kartzela zigorra onartzeko prest agertu da. Bost gizonek eta lau emakumek osatutako herri epaimahaiak ebatziko du errudun den edo ez. Erruduntzat joko balute, epaileak ezarriko dio zigorra.

Rodriguezen etxean

2015eko abuztuaren 7an agertu zen Leire Rodriguezen gorpua Bilboko Abusu auzoan, errepide bazterrean. Akusatuak epaiketan esan duenez, egun hartan emazte ohiaren etxera joan zen, Arrigorriagara, seme-alaben ordutegiak eztabaidatzera. 6 urte zituen umeetako batek, eta 2 besteak. «Eztabaida izan genuen. Heldu egin ninduen. Nik bultza egin nion, eta sukalde gainarekin kolpea hartu zuen buruan».

Akusatuaren arabera, kolpeagatik odoletan hasi zen Rodriguez, eta garbitzera lagundu zuen komunera. «Atea ixten ahalegindu zen, eta etxetik joateko esan zidan». Akusatua atea zabaltzen ahalegindu zen. «Barrutik ateari indarka zegoen; nik barrurantz bultzatu nuenean, atzerantz erori zen, eta bainura igotzeko mailarekin kolpea hartu zuen buruan». Esan duenez, hil egin zela pentsatu zuen, eta inork ez ziola sinetsiko istripua izan zela. Emakumea auto batek harrapatu zuen itxura egin zuen gero.

Akusatuaren ondoren, haren familiak ere deklaratu du. Arrebak esan du emakumearen heriotzaren berri eman zienean auto istripua izan zela kontatu ziela, baina bere buruaz beste egiten saiatu ondoren ospitalera bisitan joan zirenean berak hil zuela aitortu ziela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.