Zaharren egoitzak. Greba Bizkaian

Ezaguna egiten zaie istorioa

Greban daude Bizkaiko adinekoen itunpeko egoitzetako langileak. Aurreko negoziazioan onartu ez zituzten baldintza berak proposatu dizkietela salatu dute.
Ezkerretik eskumara: Modesta Roman, Nati Mesa, Maite Lucas eta Soraya Garcia.
Ezkerretik eskumara: Modesta Roman, Nati Mesa, Maite Lucas eta Soraya Garcia. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Ibai Maruri Bilbao -

2016ko apirilak 8
Bi urtez soldata izoztu; hirurteko bat kendu; lan asteari bost ordu gehitu; langile bakoitzak funtzio guztiak bete, duen kargua duela; lan erreforma berriro indarrean sartu... Aurreko hitzarmenean sartu nahi ziguten guztia sartu nahi digute berriro. Orduan ere mobilizazioekin atzera egitea lortu genuen, eta orain ere egingo dugu. Ezin dugu proposamen hori onartu. Umiliagarria da; atzerapausoa gure eskubideetan». Horregatik, ELA sindikatuak Bizkaiko adinekoen itunpeko egoitzetako negoziazio mahaian dituen ordezkariak altxatu egin ziren. Gainontzeko sindikatuak diagnosian bat datoz, baina ez dituzte mobilizazioak babestu. Hamar ordezkaritik sei ditu; greban daude egunotan.

Dagoeneko protesta egun bat izan dute, martxoaren 17an. Atzo eta gaur dituzte hurrengoak. Patronalaren aldetik mugimendurik ez badago, gehiago etorriko direla iragarri du Soraya Garciak. Igurco taldearen eguneko zentroetako batean egiten du behar, eta ELA sindikatuaren ordezkaria da.

Patronalaren jarrera sutsu salatu du Maite Lucas Miribillako egoitzako langileak ere: «Gehienak emakumeak gara. Esan ziguten gure soldata gure senarrenaren osagarria denez ez zutela ulertzen zergatik kexatzen garen izoztuko digutelako». Hitzarmena berritu behar dutenero dituzte arazoak, eta Lucas sinetsita dago sektore feminizatua delako gertatzen dela. Conde Aresti egoitzako Modesta Romanek matxismoaren beste adibide bat ipini du: «Ordezkariak andreak garenez, esan ziguten hurrengo bilerara abokatuekin joan beharko genuela. Antza gizonezkoek baino ez dute halako gaiez ulertzeko gaitasuna. Dirudienez, gu ez gara nahi duguna azaltzeko gai».

Garciak azaldu du eurentzat ez dela erraza mobilizazioetan hastea, soldata apalak dituztelako. Bere kasua aipatu du: «Hamahiru urte daroat gerokultore lanetan, dagoeneko lau hirurteko pilatu ditut, eta, hala ere, hilabete bukaeran 1.156 euro baino ez ditut jasotzen garbi». Diotenez, zaila egiten zaie dirua aurreztea, beraz, grebak egiten dituztenero larri ibiltzen dira. «Hori baliatzen dute nahi dutena egiteko. Badakite langileek dena irentsiko dutela, diru sarrera ez galtzeagatik».

Patronalak egindako proposamena joan den abenduan iraungi zitzaiena baino okerragoa dela esan dute. «Apropos jokatutako estrategia» dela uste dute. Lucas: «Onartu ezin duzun proposamena egiten dizute. Zuk protesta egiten duzu. Eta esaten dizute: 'Ez zaizu gustatzen? Bada, geratu lehengoarekin, eta denok pozik». Salatu dute langileen baldintzak okertu direla baina «nabarmen» igo dela urteotan ohe bakoitzaren prezioa.

Irailean adjudikazio berriak egingo ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Eta enpresak lehian dabiltza dagoeneko, zeinek itunpeko ohe gehiago lortuko dituen. «Diputaziotik gero eta diru gehiago jasotzen dute, oheak garestiagoak dira, baina diru hori ez da langileongana iristen. Nora doa? Enpresen irabazietara», azaldu du Conde Aresti egoitzako Nati Mesak. «Baina, gero, negoziazio mahaian esaten digute ez dela hainbesterako, ez dutela guk uste dugun besteko irabazirik», kontatu du Garciak. «Irabazirik ez balute, ez lirateke hainbeste egoitza berri irekiko. Negozioa ez bada errentagarri, inork ez luke sektore honetan hasi nahiko».

Prezioak aipatu ditu Lucasek. «Bi laguneko logela batean, ohea 2.500 euroan dago; pertsona bakarrarentzako logela bada, 3.000 euroan». Baina hainbesterakoa al da adinekoari eskaintzen zaizkion zerbitzuen gastua? «Hara, nire egoitzan bada andre bat tronbosia izan zuen arte hotelean bizi zena, mantenu osoan. Gurean bestelako zerbitzu eta zaintzak jasotzen ditu, baina hoteleko hileko faktura egoitzako kuota baino dezente merkeagoa omen zen».

Ratioez ere kexatu dira. Langile bakoitzak gero eta adineko gehiago ditu bere kargura, eta haien osasun baldintzak okertu egin dira. «Nabarmen igarri dugu azken urteetan gurera datozen aitona-amonen mendekotasun maila handitu egin dela, eta horrek guretzako lan gehiago esan nahi du. Baina guk adineko gehiago ditugu bakoitzaren kargura». Aitortu dute euren lanaren kalitateak okerrera egin duela. Eta, gero, senitartekoak eurengana joaten zaizkie kontu eske. Romanek bere egoitzako adibidea ipini du: «Gauez, 168 adinekorentzat bi zaintzaile egoten dira. Eskandalagarria da». Eta enpresek badakitela esan du Lucasek: «Lanuzteetarako gutxieneko zerbitzuak negoziatzen ibili garenean, enpresari batek lasai-lasai esan zuen gauetan gutxienekoetan gabiltzala jada. Azal gogorra behar da, gero!».

Baldintzak, okerrera

Langile bakoitzak bere kargura duen adinekoen ratioa Eusko Legebiltzarrak 1998an onartutako lege batek arautzen du. Hori berritzeko eskatu diote Jaurlaritzari. Badakite luze gabe egoera okertuko dela: «Euskal Herria zahartzen ari da, eta gero eta mendekotasun arazo handiagoak ditugu. Sistema bera birpentsatu behar da», ohartarazi du Garciak.

Lan kargak euren osasunean eragiten dituen kalteak ere azpimarratu dituzte. «Sorbaldan, lepoan, gerrian... lesioak izaten ditugu, baina ez dizkigute laneko gaixotasuntzat hartzen. Buruko osasunean ere sekulako ondorioak ditugu: estresa, antsietatea... Eta horiek ere ez dizkigute aintzat hartzen».

Diputazioa lan baldintzen negoziazioan hirugarren zutabea izatea nahi dute. Adostuko duten itun berrian jasotakoa beteko dela bermatzeko eskatu diote Bizkaiko Gizarte Ekintza Sailari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna