Diru osagarrien bigarren belaunaldia

Duela lau urte, diru osagarrien inguruko olatua egon zen Euskal Herrian; ibar eta herri askotan sortu ziren halakoak. Ordutik, batzuek indarra galdu dute, eta beste batzuk elektronikorako pausoa ematekotan dabiltza.

Axtrokiak bere eragina galdu egin du udalak babesa kendu ostean. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2017ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Lau urte igaro dira Euskal Herrian lehen tokiko diru osagarria sortu zenetik. Iparraldeko hiru lurraldeetan hedatutako euskoa izan zen lehena, eta, haren ondoren, olatu baten gisa iritsi ziren Hegoaldeko hainbat herri eta ibarretan abiatutako antzeko ekinbideak. Tokian tokiko ekonomia garatzeko tresna gisa sortu ziren diru osagarri horiek guztiak, eta bakoitzak bere bilakaera izan du denbora honetan guztian. Baina, finean, denek erabilera eta prozedura antzekoa izan dute: euro baten truke balio berdina duen diru osagarri horietako billete bat ematen da, eta proiektuarekin bat egin duten dendetan erosketak egin ditzake erabiltzaileak. Merkatariak, era berean, bere hornitzaile edo lekuko ekoizleari diru osagarri horiekin ordaintzen dio, eta zirkulu itxi bat sortzen du. Sistema hori abiatuta, tokian tokiko ekoizle, merkatari eta erabiltzaileek tokiko ekonomia sustatzea lortzen dute. Billete horiek mugimenduan egonda, diru osagarri horien erabilera eremuan aberastasuna sortzen da, jarduera ekonomikoa dinamizatzen duelako. Baina lau urte hauetan ekinaldi bakoitzak bere bidea egin du. Batzuek hasierako olatuaren indarra galdu dute, eta beste batzuk bigarren belaunaldi batean sartu dira.

Bigarren indarraldi horietako baten lekuko zuzena izan daiteke euskoa. 2013ko urtarrilean jarri zen martxan Iparraldeko lekuko diru osagarria, eta, ordutik, 3.000 erabiltzailek, eta tokiko 660 elkarte eta enpresek egin dute bat proiektuarekin. Gaur egun, Iparralde osotik zehar 540.000 eusko daude zirkulazioan, eta «hasierako helburuak aski beteta» daudela azaldu du Xebax Christy diru osagarriko lehendakarietako batek. «Proiektua abiatu genuenean, ez genuen halako zenbakirik espero, eta, orain, haratago joan nahi dugu». Papereko diru osagarri zena diru elektroniko izateko bidean jartzen ari dira, eta, horretarako, finantzaketa kolektiborako kanpaina bat abiatu dute sarean. Bihar amaituko da bigarren pauso hori diruz bultzatzeko aukera, eta, igandean, Eusko Eguna egingo dute Baionan, diru osagarriak elektronikorako saltoa egingo duela ospatzeko.

Euskoa elektroniko bihurtuta, diru osagarria esparru anitzagoetara iritsiko direla espero du Christyk. «Kopuru handiak ordaintzeko aukera emango du elektronikoak, eta jendearentzat nahiz profesionalentzat errazagoa izango da ordainketak egitea; gainera, enpresa handiagoak erakarriko ditu, esan izan baitigute billeteekin ez zirela sartuko, baina elektronikoarekin bai». Beraz, eragina areagotu egin ahalko dutela aurreikusten dute euskotik. Horren lekuko jartzen du Alemaniako diru osagarri baten kasua: «Elektronikorako saltoa egin zutenean bikoiztu egin ziren erabiltzaileak». Euren eragina hainbeste handituko duten ez dakite, baina emendatze bat espero dute. Hala ere, diru osagarri elektronikoak ez ditu billeteak ordezkatuko, eta biak batera erabili ahalko dira.

Edonola ere, elektronikorako saltoa eginda euskoak eragina handituko duela ziurtzat ematen du Christyk. Hori horrela izanda, «tokiko ekonomiari onurak ekarriko dizkio». Baita ingurumenari ere, azken finean, lekuan lekuko produktuak kontsumituz garraioan gutxiago kutsatuko delako. Horrez guztiaz gain, euskarari ere babes handiagoa eskainiko litzaioke, euskoaren helburuetako bat ere hori baita, tokiko ekonomian inbertituta, euskaran ere inbertitzea. «Diru elektronikoa, azken finean, gure eragina handitzeko tresna bat izango da».

Ekhia berpizteko saioa

Pirinioen alde batean egin diren lehen urratsek oihartzuna izan dute beste aldean ere. Izan ere, Bilboko ekhi diru osagarria ere elektronikorako pausoa emateko aukera aztertzen ari baita. Hala ere, oraindik bide hori hartzeko lehen urratsetan besterik ez daude, legeak uzten dituen aukerak aztertzen ari dira une honetan. Ekhia 2014. urtearen hastapenean jarri zen martxan Bilboko Zazpikaleetan, ostera Bizkaia osoan zabaltzeko asmoarekin, baina kasu honetan ez zen horrela izan. Euskoaren kasuan, jendearen indarra batuz joan zitzaien bezala, ekhiaren kasuan ekinbidea indarra galduz joan zen. «Halako ekinbideekin askotan gertatzen den bezala, proiektuak boluntarioen denboraren araberako zabalkundea izaten du», azaldu du Alex Lopez diru osagarriko kideak. Denborarekin indarra galduz joan zen ekinbidea, baina joanden urtean berriz ere indartzeko ekimena hartu du talde eragile batek.

Hain zuzen, Goiener energia kooperatibak iaz berrantolaketa egin zuen, eta, hor barruan, diru osagarrien ekinbidearen inguruko talde bat sortu zen. Hainbat ekinbidetakoekin bilerak egin ostean, ekhi dirua abiatu zuen taldea Goienerreko talde honekin elkartu zen. «Orduan hasi ginen pentsatzen diru osagarri elektronikorako saltoa egitea; azken finean, ikusi genuen proiektu hauetan lan gehiena kudeaketak ematen zuela, eta, sistema elektronikora igaroz gero, lan hori erraztuko zela iruditu zitzaigun». Talde eragile hori hasi zen diru osagarri elektronikoa sortzeko lehen urratsak egiten, baina diru elektroniko jaulkitzeko baldintzak ez zituen betetzen. Hori dela eta, kontsumo kooperatiba bat sortu dute Goiener, Fiare bankuaren eta REAS ekonomia alternatiboko sarearen babesarekin. Espainiako Bankuari eskaera egin diote diru elektronikoa jaulkitzeko eskumenen inguruko baldintzak aldaditzan, eta erantzunaren zain daude diru osagarri elektronikoa abian jartzeko.

Edonola ere, Zazpikaleetan oraindik ekhiak martxan jarraitzen du. Duela hiru urte martxan jarri zituzten billeteak kenduak dituzte, eta, horren ordez, sakelako telefonoko aplikazio baten bidez egiten dituzte erosketak ekinbideko kideek. Alegia, ondoren egingo duten urratserako proba fase batean daudela azaldu du Lopezek. Espainiako Bankutik iristen zaien erantzunaren arabera bide bat edo bestea hartuko dute ekhiko talde eragiletik; baina, nolanahi ere, diru osagarria martxan jarriko dute, eta oraingoan ere ekinbidea indartzeko izango dela aurreikusten du Lopezek.

Horretarako, gainera, kooperatibako kide Goiener, Fiare eta REASen laguntza izango dute, eta ekinbidea Hego Euskal Herri osora zabaltzeko asmoa daukatela aurreratu du Lopezek. Horretarako, ordea, udalekin harremanetan jarri nahi dute, diruari potentzialtasun handiena horiek eman diezaieketelako, haren ustez. «Euroa diru osagarrietara aldatu orduko, diru hori guri interesatzen zaigun moduan erabil dezakegu; udalek diru laguntza bat ematen badute, eta, hori ekhietan egiten badute, pertsona horiek ekhiak izango dituzte inguruko dendetan kontsumitzeko». Alegia, ekhia zabaltzeko prozesuan, udalak bide lagun handiak izan daitezkeela uste du. «Bestalde, Goienerrek argindarra ekhietan ordaintzeko aukera ematen badu, ekhiak eragiteko ahalmena irabaziko luke». Horregatik, itxaropentsu eta gogotsu dago bera.

Udal baten garrantzia

Hain justu, udal batek diru osagarri baten garapenean izan dezakeen eraginari buruz asko daki Leire Errasti Eskoriatzako (Gipuzkoa) Axtrokia merkatarien elkarteko presidenteak. Duela hiru urte, axtrokia diru osagarria sortu zuen tokiko udalak merkatari elkartearekin batera, eta, «gobernua aldatzearekin batera, udalak babesa kendu dio ekinbideari».

Eta, orduz geroztik, diru osagarri horren erabilera asko mugatu da, ia batere ez erabiltzeraino. «Aurreko udal taldearentzat,ekinbide garrantzitsua izan zen, eta urte osoan ematen zituen laguntzen zati bat axtrokietan ematen zuen, eta horrek asko lagundu zuen». Lopezek emandako arrazoi beragatik, une horretan herritarrek axtrokiak zituztelako eskura, eta ondorioz, diru hori herrian bertan gastatu beharko zelako.

Babes hori izan zuen garaian, Eskoriatzako merkatariek bizitasun gehiago sumatu zuten herrian: «Urtean 7.000 euro inguru ematen zituen udalak axtrokietan, eta hori zuzenean tokiko merkataritzara bideratutako dirua zen». Orain, ordea, ekinbidehori gabe, diru osagarriaren geroa zalantzan dagoela onartu du Errastik.

Beste diru osagarri batzuekin ere antzeko fenomenoa gertatu zela dio, era berean, Errastik: «Momentu jakin batean boladan ibili zen, baina indarraldi hori igaro da, eta orain berpiztea zaila da». Behera egin duen eredu baten isla izan daiteke axtrokiarena, «babesa galtzean zaila da indartzea», baina euskoak eta ekhiarena bestelako adibideak izan daitezke. Bigarren belaunaldiko diru osagarriekin babesak areagotu baititzakete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.