Argirik ez tunelaren amaieran

Europako segurtasun eskakizunetara egokitzeko lanak egingo dituzte datozen hilabeteetan Belate eta Almandozeko tuneletan. Eskualdeko alkateen ustez, epe horretan A-15era desbideratu behar da garraio astuna; kamioilariek ez dute halakorik nahi.

Jon Ander De la Hoz -

2018ko martxoak 20
Argi izpirik ez da ikusten N-121-A errepideko Belate eta Almandozeko tuneletan (Nafarroa) egin asmo dituzten obren inguruan. Maiatz erdialdean dira hastekoak bi tunel horiek Europako segurtasun legedira egokitzeko lanak, eta, ondorioz, ibilgailuak Belateko mendatetik desbideratzea aurreikusi dute. Lanak ontzat eman dituzte errepideak zeharkatzen dituen herrietako alkateek eta kamioilarien sektoreak, baina ez datoz bat obrek iraun bitartean trafikoak izan behar duen antolaeran.

Zazpi hilabete iraungo dute N-121-A errepideko lanek maiatzetik abendura, eta zazpi hilabeteotan egingo dute ibilbide aldaketa. Obrekin, hainbat egokitzapen egingo dizkiete tunelei: substantzia toxikoak eta sukoiak aterarazteko drainatze sistema bat eta suarekin hausten ez den kable sistema bat jarriko dituzte. Horrez gain, larrialdi egoeretan ibilgailuak gelditzeko lau guneei beste bat gehituko diete; legediaren arabera, 500 metroko tartean bat egon behar da. Guztira, Nafarroako Gobernuak 4,9 milioi jarriko ditu egokitzapenak egiteko.

Lanak egitearekin ados egon arren, ibilgailu guztiak Belateko mendatetik desbideratzea «arriskutsua» iruditzen zaie eskauldeko udalei. Hala azaldu dute Xanti Utergak eta Joseba Otondok; Doneztebe eta Baztango alkateak dira, hurrenez hurren. Haien ustetan, lanek baino buruhauste gehiago ekarriko dituzte trafiko desbideraketek. Otondoren esanetan, mendateko errepidean zerra moduko bihurgune itxi eta estuak daude, eta gaur egun «guztiz ezinezkoa» da trailer kamioiak hortik igarotzea. Azaldu duenez, bihurgune horiek hartzeko kontrako norabidea hartu behar dute sarri. Hargatik, Baztango alkateak uste du «zentzurik ez» duela kamioiak hortik igarotzeak, trafikoa moteldu egingo duelako.

Otondoren hitzetan, 2.900 trailer inguru ibiltzen dira egunero N-121-A errepidean, eta ilara luzeak osatzen dituzte: «N-121-A errepidea Europako errepideen ardatzean txertatu zuten, baina errepideak ezin dezake halako trafikorik jasan. Gaur egungo egoera txarra bada, ez dut pentsatu ere egin nahi zer gerta daitekeen tunelak itxi eta nazioarteko garraio astuna mendatetik desbideratzen dutenean».

Horregatik, nazioarteko zama garraioan aritzen diren kamioiak A-15 errepidera bideratzeko beharra dagoela adierazi dute N-121-A errepideak zeharkatzen dituen herrietako alkateek. Utergaren esanetan, trafiko guztia Belateko mendatetik bideratzea ez da batere egokia: «Duela 30 urte ere ibiliko ziren kamioiak mendatean, baina ez gaur egun adina, ezta gaur egungo abiaduran ere. Belate ez dago prestatuta egungo trafikoa jasateko, eta horrek arriskua areagotuko du». Horregatik, haren arabera, lanek iraungo duten epea aldi egokia da nazioarteko kamioiak A-15era bideratzeko: «Etorkizunerako probak egiteko ere balio dezake».

Kamioilarientzat, «garesti»

Alkateen iritziarekin ez da ados agertu, ordea, Antonio Monzo, Tradisna Nafarroako kamioilari autonomoen elkarteko koordinatzailea: «Garraio astuna A-15 errepidetik igarotzeak kamioilari bakoitzaren hautua izan behar du, inolaz ere ez betebeharra». Alde horretatik, neurri egokia iruditu zaio Nafarroako Gobernuak «aholku gisa» ezartzea A-15era desbideratzea.

Izan ere, uste du egunero nahitaez Leitzarango autobidetik igaro beharrak kostu handiak sortuko lizkiekeela kamioilariei: «Denbora gehiago emango dugu errepidean, eta, ondorioz, gasolio gehiago beharko dugu. Horrek ere badu kostu ekonomikoa, ordainsarietan gehiago pagatzeak duen bezalaxe». Horrez gain, Monzoren ustez errepide traketsa da A-15a: «Autoan joanda ez da nabaritzen, baina Andoainera jaisteko aldapan arrisku handia dago kamioientzat». Kamioilarientzat ez ezik Nafarroako Gobernuarentzat ere kaltegarria litzatekeela deritzo, «ez lukeelako jasoko gasolioari dagozkion zergen dirua».

Utergak dio «bertako kamioilariei» utzi egin behar zaiela N-121-A errepidean eta Belateko mendatean ibiltzen: «Lana bertan egiten dute, eta bertakoak dira. Hori ulertzen dugu». Doneztebeko alkatearen esanetan, nazioarteko ibilbideak egiten dituztenak dira A-15era desbideratu beharrekoak. Halaber, Utergak ulertzen du errepide bazterreko negozioen jabeak alkateen planteamenduekin «erabat ados ez egotea», baina segurtasuna bermatzeko beharra jarri du ororen gainetik: «Ez dut datu zehatzik eta ezin dut baloratu zenbaterainoko eragina duten kamioi horiek gure ekonomian. Belate zaharrean herriko gazte batek istripu larria izaten badu, ordea, zer prezio dauka horrek?». Otondok zehaztu du Nafarroako Gobernuak Belateko mendatea hobetzeko asmoa adierazi duela, lanak hasten direnerako.

Hobetuta ere, herren

Almandoz eta Belateko tuneletan egingo dituzten lanak ontzat eman dituzte alkateek eta kamioilarien ordezkariak. «Ongi etorriak dira, urteak direlako inguru hauetako errepideak konpontzeko beharra zegoela. Halere, ez zait iruditzen egingo dituztenak nahikoak izango direnik», adierazi du Utergak. Iritzi berekoa da Otondo. Azaldu duenez, egokitzapen obrak egin arren tunelek ez dituzte beteko Europako segurtasun eskakizunak: «Nik dakidanez, bi gauza egin behar dira; larrialdi egoeretarako galeriak eraiki edota nazioarteko zamaren garraioa desbideratu».

Baztango alkateak zehaztu du arrisku ebaluazioak «irizpide ezberdinen arabera» egiten direla, eta hainbat aldagai hartzen dituztela kontuan; besteak beste, trafiko mota eta jarioa. Hala, Otondok adierazi du nazioarteko garraio astuna A-15era desbideratuko balitz Almandozeko tunela «automatikoki» moldatuko litzatekeela Europako segurtasun eskarietara. Bestelakoa litzateke Belateko tunelaren kasua: «Suhiltzaile talde iraunkor bat ezarri beharko litzateke: larrialdietarako prestatutako langileak egotea litzateke beste aukera. Horrela lortuko litzateke segurtasun neurrietara moldatzea».

Monzok, lanak egitea berri ontzat duen arren, haiek osorik egin beharko liratekeela dio : «Ikusiko dugu lanak adabaki bat diren. Gobernuak ezetz dio, eta oposizioak, baietz». Horregatik, kamioilari autonomoen elkarteak ontzat eman du lanek irauten dutenerako jarraipen batzorde bat osatzea.

Alkateak, irtenbide bila

Belateko mendatetik ibili beharrak segurtasun arloan sortu ditzakeen arazoek kezkatuta, azken asteetan hainbat bilera egin dituzte N-121-A errepidea igarotzen den herrietako alkateek. «Dei bat jaso genuen zonako alkate batzuek, esanaz hurrengo egunean Nafarroako Parlamentuan obren aurrekontua onartuko zutela. Bildu egin ginen, zalantzak plazaratu genituen, eta gobernuarekin bildu behar genuela erabaki genuen», azaldu du Utergak. Atzo egin zuten bilera Nafarroako Gobernuarekin. Egoera konpontzeko aukerak badaudela uste du Utergak, baina, haren esanetan, «beharrezkoa da alde guztiek borondatea izatea».

Izan ere, beste arazo bat agertu da azken egunotan. A-15ean ere obrak egin asmo ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, San Lorenzoko tuneletan (Berastegi inguruan), epe berdintsuan: maiatzetik irailera. Ibilgailu arinentzat eta autobusentzat bypass bat jarriko dute, baina kamioi astunek ezingo dute autobide hori hartu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna