Karguaren esentziari eutsita

Javier de Andresek urtebete egin du Espainiako Gobernuko ordezkari gisa. Carlos Urkijok bezalako gogortasunik ez du agertu oraindik, eta apalago aritu da, baina utzi du bere arrastoa, aukera izan duenean. Hainbat taldek zalantzan jarri dute figura instituzional hori.
Javier de Andres, Intxaurrondoko kuartelean, Guardia ZibilarenGipuzkoako komandanteberriaren karguaren zinean, iaz.
Javier de Andres, Intxaurrondoko kuartelean, Guardia ZibilarenGipuzkoako komandanteberriaren karguaren zinean, iaz. JAVIER ETXEZARRETA/ EFE

Edurne Begiristain -

2018ko martxoak 1
Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari karguan urtebete egin du Javier de Andresek (Gasteiz, 1967). Haren izendapena bi administrazioen artean tenkatuta zegoen giroa leuntzeko eta harremanak bideratzeko keinutzat hartu zen joan den urtean. Carlos Urkijok, haren aurrekoak, nabarmen elikatu zuen gatazka giro hori, lau urteotan ehunka ohartazpen, debeku eskaera eta salaketa jarrita EAEko administrazioen aurka, eta euskara, euskalgintza, naziogintza eta, oro har, euskal kutsua zuen edozer jomugan hartuta. De Andresek, tonua apaldu eta formak bigundu dituen arren, eutsi egin die figura instituzional horri lotuta doazen erabaki polemiko eta gatazkatsuei.

2016ko abenduaren 30ean, Espainiako Gobernuko ministroen kontseiluak Urkijo gobernuko ordezkari kargutik kentzea erabaki zuen, eta haren ordez De Andres izendatu. Iazko urtarrilaren 9an jabetu zen karguaz; ordura arte Arabako PPko presidente izan zen, eta 2011 eta 2015 urteen artean Arabako ahaldun nagusi. EAEko instituzioei akordiorako eskua luzatuta eta lankidetza eskainita egin zuen karguaren zina De Andresek. Ekitaldi horretan, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak elkarrizketarako eta akordioak lortzeko zuen gaitasuna goraipatu zituen.

Lehen urtea nahiko oharkabean igaro du De Andresek, Urkijorekin alderatuta. Urkijok Euskal Herriarekin erakutsitako besteko gogortasunik ez du erakutsi artean; ez, bederen, haibesteko maiztasunarekin. Batetik, Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hartu-emanak leuntzen saiatu da, eta apenas aurkeztu duen helegiterik Gasteizek hartutako erabakien aurka. Ildo horretan, publikoki egindako agerraldietan tonu apalagoa erakutsi du, bi gobernuen arteko hartu-emanak leundu eta liskar giroa alboratzeko, eta saiatu egin da Urkijok urteetan izandako roletik aldentzen. Norabide horretan uler daitezke kargua hartu berritan egindako hainbat keinu: besteak beste, Eusko Jaurlaritzarekin akordioa lortu izana euskal sektore publikoko kontrataziorako araudiaren aurkako helegitea kentzeko, eta errekurtsorik aurkeztu ez izana Jaurlaritzaren erabaki eta legeen aurka.

«Irudi aldaketa bat da»

Hortik aurrera, baina, ezer gutxi egin du gatazka giroa konpontzeko. Hasteko, ez ditu erretiratu Urkijok EAEko administrazioen aurka jarritako ehunka helegite, eta, hori gutxi balitz, berri batzuk ere jarri dizkie zenbait udal eta aldundiren erabakiei.

Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren arteko hartu-emana lehen bezain hotza ez bada ere, ez da, inondik inora, Eusko Jaurlaritzak nahiko lukeen bezain emankorra. Jaurlaritzako iturriek BERRIAri aitortu diote Espainiako Gobernuko ordezkari berriak ez duela aldaketa sakonik ekarri politika publikoei dagokienez. «Irudi aldaketa bat egon da, profil profesionalarekin zerikusia duena, baina ez du erraztu bi gobernuen arteko harremana. Urkijorekin geunden bezala gaude», adierazi dute Jaurlaritzatik. Urkulluren gobernua kexu da transferentzien auzian aurrerapausorik ez delako egon, eta «aldebikotasunari» bizkarra eman zaiolako. Iturri horien arabera, «harreman protokolarioa» hobetu da, baina ez Madrilen eta Jaurlaritzaren arteko lankidetza.

Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak bere baitan duen esentzia gorde du De Andresek. Gobernuko ordezkariek harreman estua izan dute beti Barne Ministerioarekin, eta asko ezagunak egin dira disidentzia politikoaren aurka gogor aritzeagatik. Eta politikari arabarrak ere utzi du bere arrastoa urtebeteko jardunean.

«Terrorismoaren biktimen aurkako umiliazioen» aurka jardungo zuela agindu zuen karguaz jabetu zenean, eta preso ohiei egindako harrerak jomugan izan ditu behin baino gehiagotan. Esaterako, De Andresek iragarri zuen fiskaltzari igorriko ziola Iñaki Igerategi eta Inaxio Otaño preso ohiei hilaren 18an Andoainen (Gipuzkoa) egindako harrerari buruzko txostena, eta horrek berehalako efektua izan zuen: Auzitegi Nazionalak ikerketa abiarazi du Andoaingo ekitaldiaren inguruan, «biktimen umiliazioa» eta «terrorismo delitua» egon ote diren argitzeko. Polemika horren ondoren, PPren ekimenez, Eusko Legebiltzarrak preso ohiei egindako «omenaldiak» gaitzetsi zituen pasa den astean.

Ez da hori izan harrabotsa eragin duen De Andresen erabaki bakarra. Karguaz jabetu eta hilabetera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Estatuko Segurtasun Indarren kopurua handitzeko nahia agertu zuen, eta orain gutxi iragarri du aurten eta datorren urtean bi lan eskaintza publiko deituko dituela, EAEn Guardia Zibileko eta Espainiako Poliziako agente berriak izateko. Horrekin batera, jakinarazi zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eskainiko diren 340 postuek —administrazioan lan egiteko, Espainiako Gobernuaren lan eskaintza publiko berri batean— ez dutela euskarari buruzko betebeharrik izango.

Babes gutxi dauka

BERRIAk kontsultatu dituen talde gehienek gaitzetsi egin dituzte erabaki horiek. Jeltzaleak sumindu egin ditu estatuko segurtasun indarren kopurua handitu nahi izateak. Iñigo Iturrate jeltzaleak Eusko Legebiltzarreko gehiengoaren nahiari «muzin» egitea eta Ertzaintzaren izaera integrala ukatzea egotzi dio Espainiako Gobernuko ordezkariari. «Publikoki tonu atsegina erakutsi arren, De Andresek praktikan PPren kamiseta janzten du, eta euskal erakundeen aurkako kontrabotere gisa dihardu», kritikatu du.

EH Bildurentzat ere oso kezkagarriak dira De Andresek azken aldian hartutako hainbat erabaki eta erakutsitako zenbait jarrera. Julen Arzuagak gogoratu du Espainiako Gobernuko ordezkariak ukatu egin zituela Estatuko Segurtasun Indarrei egotzitako tortura kasuak, eta oldarkor agertu dela preso ohiei harrerak egitearen aurka. «Gakoak diren gaietan Urkijoren antzera jokatu du, akaso ez hark bezain besteko maiztasunarekin, baina bai hark erakutsitako intentsitate berarekin».

Urkijorekin alderatuta, De Andresi jarrera aldaketa sumatu dio Cristina Makazaga Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak. «Urkijo gogor aritu zen terrorismoaren aurkako borrokarekin zerikusia zuten gaietan, eta marka guztiak hautsi zituen. De Andres, berriz, apalago aritu da». Aldaketa horren atzean «PP EAJrengana hurbiltzeko» eta Espainiako aurrekontuetan haren babesa lortzeko beharra ikusi du Makazagak. «Urkijo kargutik kentzea PPren maniobra bat izan zen».

Jose Antonio Pastor sozialistak uste du PPk Madrilen dituen «behar aritmetikoak» estututa kendu zuela kargutik Carlos Urkijo iaz, eta asmoa izan zela figura instituzional horri «bestelako jarrera» ematea. Aldaketa zentzuzkoa izan zela iritzi dio Pastorrek, Espainiako Gobernua ordezkatu baino gehiago «ez zegokion lana» egin baitzuen, EAEko gobernuari eta legebiltzarrari oposizioa eginez.

Nolanahi ere, sozialistak ez daude gustura De Andresek egin duen lanarekin. Faltan sumatzen dute gobernuko ordezkariak EAEko administrazioen aldeko defentsa sutsuagoa egin izana, eta, besteak beste, Estatutua osorik garatzeko prestasuna izatea. «Katalunian immobilismoak zer ondorio izan dituen ikusita, haren egitekoak askoz ere aktiboagoa izan behar du Estatutuaren garapenean».

Kritika horrekin bat egin du Iturrate jeltzaleak: «Ez dugu Gernikako Estatutua defendatzen ikusi, eta ez dio PPren gobernuari eskatu behingoz bete dezala herri honekin duten zorra. Bi gobernuen arteko zubia izan nahi badu, hor du aukera».

PP da Espainiako Gobernuko ordezkariaren lanarekin gustura dagoen bakarra. Amaya Fernandez EAEko PPko idazkari nagusiak uste du De Andresen egitekoa «funtsezkoa» izaten ari dela euskal herritarren interesen defentsarako, eta azken urtean Madrilgo gobernuak EAEn egindako inbertsioak «ikusarazten» laguntzen duela.

Figura «anakronikoa»

Espainiako Gobernuko ordezkariaren izaerari buruzko balorazioaz harago, askotan figura instituzional hori existitzeak berak sortu du polemika. Azken bost urteetan, hainbat erakunde azaldu dira gobernuaren ordezkariaren aurka. Adibidez, Eusko Legebiltzarrak 2015ean galdegin zuen desagertzeko. Kazeta honen galderari erantzunez, EAJk eta EH Bilduk argi eta garbi eskatu dute kargu hori kentzeko; Elkarrekin Podemosek ez du oraindik gaiari buruz eztabaidatu, eta ez du iritzi argirik; sozialistek ez dute desagertzeko eskatu, eta uste dute antzeko figura instituzionala beharko litzatekeela proposatzen duten estatu eredu federalean. PPk ezinbestekotzat jo du.

EH Bilduko legebiltzarkideak argi du figura hori estatuaren «injerentzia» bat dela, EAEtik bertatik kudea daitezkeelako ordezkariari esleitu zaizkion funtzioak. Arzuagaren irudiko, euskal lurraldeen gainean ezarri den «kontrolerako tresna» bat da, «erabat anakronikoa», eta «lekuz kanpo» dago. Antzera mintzatu da Iturrate ere. Haren iritziz, «iraganeko figura» bat da, eta ez du «inolako zentzurik»autonomien estatu batean. Iturratek gogoratu du haren alderdia beti egon dela kargu horren aurka, eta egun, ETA desagertuta, gero eta funtzio gutxiago dituenez, kendu egin beharko litzatekeela.

Pastorrek azaldu du figura instituzional horrek egon beharko lukeela estatu eredu federal batean ere, «estatuaren hainbat eskumen betetzeko», baina, betiere, «lankidetzarako» borondatea eta eskubide sozialak, zerbitzu publikoak eta azpiegiturak garatzeko helburua badu.

PPkoak alboratu egin du Espainiako Gobernuaren ordezkaritza zalantzan jartzea, euskal herritarren interesak babesten dituela iritzita: «Ez dugu ahaztu behar gobernuaren ordezkaritzak, Espainiako Gobernuaren bitartez, zerbitzua eskaintzen diela 200.000 euskal herritarrei».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna