Industriak sortzen dituen hondakinen %42 ez dira berrerabiltzen

Inportatutako lehengaiekiko mendekotasunaz ohartarazi du Jaurlaritzak, eta ekonomia zirkularraren aldeko proposamenak aurkeztu ditu irtenbide gisa

Iñaki Arriola Ingurumen sailburua eta Elena Moreno sailburuordea, atzo, Kursaal jauregian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Samara Velte.
Donostia
2018ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Hondakinen birziklatzeaz hitz egiterakoan, fokua erabiltzaileetan eta etxeko ekonomian jarri izan da maiz. Klima aldaketari eta ingurumenaren suntsipenari eragiten dion sektore nagusia, ordea, industria da: hondakinen ia hiru laurdenak sortzen ditu hark. Ondorioz, gaur egun duela ehun urte baino bi bider lehengai gehiago kontsumitzen dira pertsonako planeta osoan, eta hiru bider energia gehiago. Material horien zati handi bat hondakindegira doa zuzenean; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %42, hain zuzen ere.

Lurralde oso industrializatuak izanik, datozen urteotan industriaren erakunde eta enpresen kezka nagusietako bat bihurtuko da iraunkortasuna. Gaur egun, industria sektoreak hondakinen %72 sortzen ditu hiru lurraldeotan: urtero 3,5 milioi tona; biztanleko 183 kilo. Horietatik, erdiak baino gehixeago (%52) birziklatu egiten dira; %5, errausten da; eta gainerakoa hondakindegira doa.

Eusko Jaurlaritzak eta Ihobek osatutako Euskadiko Industriako Ekonomia Zirkularraren Diagnostikoa txostenean jasotako datuak dira. Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak eta Elena Moreno sailburuordeak atzo aurkeztu zuten, Donostiako Kursaal jauregian, ehun bat enpresatako ordezkarien aurrean. Azaldu zutenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industriak 46,5 milioi tona lehengai «mugitzen» ditu urtero; horietatik %77 inportaziokoak dira. «Kanpoko materialekiko mendekotasun handia daukagula adierazten du horrek», argitu zuen Morenok.

Eredu iraunkorrago bat lortze aldera, Jaurlaritza ekonomia zirkularra sustatzeaz mintzo da orain; atzo aurkeztutako txostenean oinarrituta, 2019tik 2030erako estrategia bat garatuko du, enpresetako ekoizpen ereduak eta erabiltzaileen kontsumo ohiturak aldatuz joateko. Circular Thinking marka ere abiatu du horretarako.

Lehengaietan aurreztea

Ekonomia linealak ez bezala,ekonomia zirkularrak produktuen eta materialen berrerabilera sustatzen du, Sortu, erabili, bota eskema klasikoaz harago. Produktua diseinatzen duen enpresatik hasi eta azken erabiltzailerainoko bidea ziklotza hartzen du, eta ekoizpen prozesua eta produktuen bizitza erabilgarria ahal bezainbeste luzatzen dituzten neurriak biltzen ditu barnean. Horietako batzuk dira, esaterako, ekodiseinua, produktuak desmuntatzeko prestatzea, birziklatutako materialak erabiltzea, efizientzia hobetzeko teknologiak txertatzea, edota neurriok indarrean sartzen dituzten enpresei abantaila fiskalak eskaintzea, erakunde publikoen bidez.

Arriolaren arabera, ekonomia zirkularrak «paradigma aldaketa» eragin dezake euskal industriaren panoraman. Lehentasunezkotzat jo ditu, batez ere, automozioaren sektorea, garraiokoa, ekipamendu elektriko eta elektronikoena, makineriakoa eta metalekoa, horiek biltzen baitute balio erantsi gordinaren %50. Adierazi du mota horretako enpresek abantaila ekonomikoak ere izango lituzketela, gastuen %61 lehengaietatik baitatoz. Jaurlaritzak kalkulatu du haiek murriztuta 2.000 milioi euro aurrez litezkeela urtero:«Efizientziaz ekoizten duten enpresek kostuak gutxitzen dituzte, eta horrela lanpostuak berma ditzakete».

Jaurlaritzaren txostenak zehazten duenez, dagoeneko 150 euskal enpresa baino gehiagok dauzkate ekonomia zirkularreko neurriak: jarduera horrek 764 milioi euro sortzen ditu urtero Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; barne produktu gordinaren %1,12, alegia. Enpleguen %2,08 daude, era batera edo bestera, harekin lotuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.